Fullonica

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Pompeiako fullonicaren arrastoak.

Fullonica Erromatar Inperioan garbitoki edota tindategi moduan jarduten zuten dendei ematen zitzaien izena zen.

Mantendu diren Fullonicak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.o. 79. urtean Ponpeian, Vesubio sumendiaren erupzioak ustekabean harrapatu zituen erromatar hiriko negozioak; besteak beste, Stephanusen fullonica edo garbitegia. Aztarnategiko gainerako elementuak bezalaxe garbitegia oso ondo kontserbatu zuten errautsek. Eta badira ondo iraun duten beste fullonica batzuk ere; esaterako, Ostiakoa, Barcinokoa (Bartzelonakoa) eta Herkulanokoa. Izan ere, erromatar hiri edo kolonia guztiek fullonica bana zuten gutxienez[1].

Garbitze prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jantziak nahiz etxeko arropa garbitzen zituzten negozio haietan. Detergente kimiko artifizialik ezean, gernua erabiltzen zuten; pixa garaiko garbigarri unibertsaltzat jo daiteke, hortzak garbitzeko ere erabiltzen baitzuten. Saltus fullonici edo ur berritze istiletan gernuaren amoniakoa ona zen togetako, tuniketako eta artilezko zapietako orbanak kentzeko. Gernua kareaz eta errautsez nahasten zuten, lehengai horiek zurigarri naturalak baitira[1].

Pixa guztiak ez ziren berdinak. Batzuek atzerritik inportatzen zuten (hispaniar gernuaren dohain garbigarriak ezagunak ziren), baina gehienetan komun publikoetan bildutako likidoa erabili behar zuten. Baziren negozio autarkikoagoak ere: dendaren hormetan anfora erdiak jartzen zituzten oinezkoek maskuria arindu zezaten. Ponpeian idazkunak aurkitu dira, herritarrei pixa egiteko gonbitea egiten dietenak[1].

Soda eta gernua nahastuta, esklaboek jantziak eta oihalak zapaltzen zituzten, detergente kirasdunaz ondo busti arte. Orbanak kendu ondoren, arropak kanpoan zegoen istil handiago batera eramaten zituzten, eta impluviumean bildutako euri uretan pasatu, xukatu eta eguzkitan lehortzen uzten zituzten. Herritar aberatsenek txanpon batzuk gehiago ordaindu eta fullonicako esklaboek arropak lore eta belar esentziez lurrindu zizkieten, pixa usainaren arrastoak ezabatzeko[1].

Gernuaren gaineko zerga eta eratorritako esapidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dirua edozein jardueratatik biltzeko grinak bultzatuta, Vespasiano enperadoreak garbitegietan edo letrina publikoetan herritarrek uzten zuten gernuaren gaineko zerga ezarri zuen. Suetoniok jaso zuenez, enperadorearen seme Titok erabakia itsustu zion aitari. Vespasianok, orduan, aureus bat atera zuen poltsatik eta urrezko txanponaren usainak gogaitzen ote zuen galdetu zion Titori. Semeak ezetz esan ondoren, aitak zera erantzun zion: “Eta, hala ere, pixatik dator”. Orduan sortu omen zen Pecunia non olet (Diruak ez du kiratsik) latinezko esapide ezaguna[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e   Irazustabarrena, Nagore (2013-07-21) «Diruak ez du kiratsik; detergenteak, aldiz, bai» ArgiaCC-BY-SA lizentzia .