Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Etxe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Etxe bat Armendaritzen
Ur-jauziko etxea (AEB), Wright arkitektoarena.
Artikulu hau bizitzeko eraikuntzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxe (argipena)».

Etxea gizakia bizitzeko prestatzen den edozein eraikuntza da[1][2]. Solairu bakar batean edo bat baino gehiagotan antolaturik egoten da.

Historikoki, gizarte- edo familia-bizitzako jarduera eta harremanak garatu diren lekua da, jaiotzatik hasi eta kide askoren heriotzara arte. Euriaren, haizearen, hotz-beroen eta gainerako gertakari meteorologikoen aurkako aterpe gisa balio izan du, eta sarkinengandik babesten, gizakiak ala animaliak izan. Gainera, bertako biztanleen gauzak eta ondasunak gordetzeko lekua izan da.

Euskaraz, bizitegi funtzioa ez duten beste hainbat eraikini ere etxe deitu ohi zaio, hala nola zerbitzu publikoetara bideratutako eraikinak (udaletxea/herriko etxea, osasun etxea, ikastetxea, ertzain etxea, espetxea...), edo pribatuetara (jatetxea, putetxea, banketxea...). Euskal Herrian, etxeei (eta baserriei) izena emateko ohitura handia izan da historian zehar, izen berezi bat hartuz (Goienetxe, Etxeberria eta abar) edo-eta Enea edo Bait(h)a hartuz (Cristina Enea, Ajuria Enea eta abar). Munduan zehar ere, etxe jakin batzuk ezagun egin dira, balio historiko edo funtzionala dela-eta (Etxe Zuria, Frida Kahloren Etxe Urdina edo Ur-jauziko etxea esaterako). Solairu askotako eta dorre irxuraki eraikin oso luze eta garaiei etxe-orratz deritze.

Munduan zehar euskal diaspora biltzen diren tokiek Euskal Etxe dute izena.

Hitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe hitza lehen aldiz XII. mendean agertzen da forma horretan, Aymeric Picaud elizgizonaren Iter pro peregrinis ad Compostellam erromesentzako hiztegian[3], Domum [uocant] eche esaldian[4].

Hala ere, hitzaren lehen agerraldia toponimia batean da, 867. urteko Ciresako kartularioan (Echo Ibarra, Aragoi): Isxaverre ageri da[3], Etxeberri esanahiarekin (egungo Javierregay gaztelaniaz edo Xabierregai aragoieraz, Aragoiko Jazetanian). Testuak honela dio: ...et ecclesie Cirasiensi totum quod habeo de Isxaverre gayo usque ad locum qui dicitur Aquatorta[5].

Deiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Etxe deiturak»

Euskal Herrian izan duen garrantziaren lekuko, "etxe" hitzak emari joria izan du euskal deiturak osatzerakoan. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak 249 deitura jasotzen ditu hasieran "etxe" (edo eratorriren bat) duena[6].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxearen historia eta bilakaera hiriaren historiaren eskutik doa. Ez da homogeneoa, eta eraikinen kalitatea ere ez da izan goranzkoa biztanle guztientzat, garai guztietan baitaude etxe miresgarrien adibide bikainekin kontrastatzen duten bizileku ziztrinen ugariak.

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehiztarien etxolak, lehen etxeen aurrekoak, adarrez eta zuhaixkez eginiko aldi baterako babesleku soilak, gure arbasoek eraiki zituzten gutxiebez orain dela 300.000 urte. Mamut larru eta hezurrekin eraikitako ehiztari-borden hondakinak aurkitu dira, K.a. 35.000 - K.a. 10.000 bitartekoak[7]. Europako ehiztari nomaden familia-talde handientzako zurezko neguko kanpamenduak K.a. 12.000an datatu dira.

Ezagutzen diren lehen herrixka K. a. 6000 inguruan agertu ziren. Ekialde Hurbileko ibai handien hegi emankorretan, nekazaritza-jarduerei lotuak. Mediterraneo inguruko eskualdeetan, K.a. 5500 inguruan, adobezko etxeak eraiki ziren soroen ondoan. Anatoliako hegoaldean Çatalhöyük aztarnategia dago, Neolito eta Kalkolito garaiko hiri kokaleku bat. Adobezko etxe laukizuzenek osatzen zuten eta sarrera sabaitik egiten zen zuzenean beheko su ondora[8], etxeak abaraska baten antzera pilatuta baitzeuden.

Indo haranean, Mohenjo-Daro, Kalibangan eta Harappa bezalako hiriek patiodun etxe handiak zituzten (K.a. 1800). Minos erregearen jauregia, K. a. 1700ean datatua dago. Antzinako Egipton, hiritar aberatsek jauregiak eraiki zituzten. Akhetaton hiri berrian, etxeak patio zentral batekin eraiki zituzten. K. a. 1300 inguruan. Olmeka kultura sortu zen Erdialdeko Amerikan eta buztinezko etxeak eraikitzen zituzten, nahiz-eta horietatik ia ez da aztarnarik geratzen.

Antzinako Grezia eta Erroma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar hiri-estatuetan, K. a. 400 inguruan patiodun etxeak eraikitzen ziren. K. a. 200 urtean, Alexandriak 300.000 biztanle inguru zituela uste da. Hasiera batean, zurezkoak ziren, eta ondoren, adreiluzkoak edo harrizkoak, baina beti oso txikiak eta apalak. Bi zatitan banatuta zeuden: bat, beheko pisua hartzen zuena gizonentzat: androia (ἀνδρών) edo andronitisa (ἀνδρωνῖτις)[9]; bestea, goiko solairuan edo behekoaren atzealdean zegoena, emakumeentzat: ginezeoa[9] (γυναικεία) edo ginekonitisa (γυναικωνῖτις). Estalkia lastoz edo teilaz egina zegoen, teilatu-hegalekin. Hormak, barrutik eta kanpotik kareztatuak, pezokoak edo zur buztinduzkoak ziren, harrizko oinarri batekin hezetasunetik babesteko. Iparraldean, oinplano zirkularreko etxea da nagusi, baina habitat bereizgarria oinplano angeluzuzeneko megaroi etxea da[10].

Erromatarren garaian, klase aberatsen landako egoitza erromatar villa zen. Hirian, propietate ederrak zituzten, domus izenekoak, aberastasunaren arabera handiagoak edo luxuzkoagoak zirenak, estatus soziala eta jabearen dignitas zelakoa islatu behar zutenak. Baina gehiengoa, familia ugari eta txiroak, insula eraikinetan bizi ziren. Erromak 100. urtean 450.000 biztanle zituen.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko Europan, eskualdeko eraikuntza-materialen arabera, nekazarien etxeak adobe, harri edo zurezkoak ziren, lastozko tailatu batekin, gela zabal bakarrarekin eta beheko suarekin etxebizitzaren erdigune bezala. Familia osoaren etxebizitza zen, eta aletegi gisa erabiltzeaz gain, normalean ukuilua ere izaten zen barnean. XIII. mendera arte ez zen espazio bereizirik sortu animalientzat etxeen barrualdean. Gelan, mahaia zen funtsezko altzaria, non familia osoa jartzen zen inguruan aulkietan eserita. Apalak zeuden, zeuzkaten gauza urriak uzteko, eta zurezko kakoak jantziak zintzilikatzeko. Ez zegoen oherik, lurrean lo egiten zen, normalean lasto gainean edo lastairatan. Herri eta hirietan, kale berean, maila guztietako etxeak aurkitu ahal ziren: eskulangileen lantegiak bizitegiarekin, merkatarien etxeak, alokatzeko bizileku osasungaitzak eta aitoren semeen jauregiak. Herrietako etxeak, nagusiki, zurezkoa zen VIII. eta IX. mendeetan, eta harria nagusi bihurtzen hasi zen XII. eta XIII. mendeetan, XIV. mendeetan zurezko bilbadura garatu arte[11]. Euskal Herrian, aipatzekoak dira dorretxeak, hasieran zurezkoak zirenak baina XII. mendetik aurrera harriz eraikiak, oinplano karratukoak.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikuntzaren ikuspuntutik, etxea honako elementu hauez osatua dago:

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura, etxea eusten duen eta lurrari finkatzen dion euskarri erresistentea da. Buztinez, pezoz, adreiluz, harriz, zurrez, altzairuz edo hormigoi armatuz egina egon daiteke, baina salbuespen gisa beste material batzuk ere erabil daitezke. Egiturak bi atal nagusi ditu: "zimenduak" eta "egitura nagusia".

Zimenduak: etxea bermatzen den lurpeko atala da eta, hortaz, etxebizitzaren pisua eta jasaten dituen tentsioak lurzoruari transmititzen dizkio. Etxe batek hainbat zimendu mota izan ditzake: zapatak (bakanduak edo jarraituak), lauzak, piloteak eta abar. Lurraren erresistentzia txikia denean (normalean 0,1 n/mm² baino txikiagoa), kargei eusteko beharrezkoa da lauza edo piloteak erabiltzea. Etxebizitzak lurpeko gelarik badu, hala nola biltegiak edo garajeak, euste-hormak behar ditu inguruko lurra eusteko, eta horiek zimenduaren zatitzat edo euste-egituraren zatitzat har daitezke.

Egitura nagusia: lur gainetik altxatzen da. Euskarri bertikal batzuk ditu, eta horiek puntualak (zutabeak) edo linealak (karga-hormak) izan daitezke. Euskarri horien gainean bermatzen dira elementu horizontalak, zoruak eta sabaiak osatzen dituztenak. Elementu horizontal hauek norabide bakarrekoak (habe eta habexka sistema) edo bi norabidekoak (forjatuak eta lauzak) izan daitezke.

Itxiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxiturak etxearen barruko bolumena estaltzen eta babesten duten azalerak dira, hau da, estalkia, kanpoko hormak eta beheko plano horizontalean dagoen zolata edo lauza.

Itxiturek hainbat funtzio betetzen dituzte, eta nagusiak dira irazgaiztea (uretatik babestea) eta isolatzea, bai zaratatik (isolamendu akustikoa) bai tenperatura-aldaketatik (isolamendu termikoa). Funtzio horiek betetzeko, itxiturek ezaugarri horiek aldi berean lortzea ahalbidetzen duten eraikuntza-sistemak erabiltzen dituzte, eta ohikoa da geruza espezializatu batzuez osatuta egotea (geruza irazgaitza, geruza isolatzailea, eta abar). Munduko klima eta kultura ezberdinetan dauden beharrizan eta material ugariren ondorioz, itxiturek forma ugari har ditzakete, sistema primitibo eta sinpleenetatik (animalien larruak, landareak edo oihalak) gaur egungo geruza anitzeko sistema konplexuetaraino.

Arotzeriek eteten dituzte itxiturak. Leihoek eta ateek osatzen dituzte, eta barrura sartzea, aireztapena eta etxearen argiztapen naturala ahalbidetzen dute.

Banatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxearen barruko espazioa banatzen duten elementuak dira, gela desberdinetan banatuta. Funtzio nagusia etxebizitzako eremuak (komunak, sukaldea, logelak, egongela eta abar) bisualki eta akustikoki bakartzea da. Oro har, kartoi-igeltsuzko plakak, zurezko holtzak edo adreiluzko trenkadak izan ohi dira.

Estaldurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zoruak, paretak eta sabaiak estaltzen dituzten materialak dira, eta etxearen akabera eta ageriko zatia osatzen dute. Zoruetan ohikoa da zura (parketa esaterako), zeramika (solairu lauzak) edo harrizko materialak erabiltzea; paretetan eta sabaietan, berriz, igeltsua erabili ohi dira, eta, ondoren, pintura geruza bat jarri ohi zaio. Etxeetako hezeguneetan (sukalde eta komunean) maiz erabiltzen da zeramika (lauza beiraztatuak), garbiketa errazteko eta hezetasunei aurre egiteko.

Materialen aukeraketa eta barruko argiztapena barne-diseinuaren diziplina espezifikoa da, eta luxuzko etxeetan ez da harritzekoa dekoratzailearengana jotzea.

Instalazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxea zerbitzuz hornitzen duten sare eta aparatuen multzoa dira. Instalazio eta sare ohikoenak honako hauek dira: edateko ura, argindarra, berokuntza, saneamendua eta telekomunikazioak. Batzuetan beste hauek ere erabiltzen dira: gas naturala, energia berriztagarriak (eguzki-energia, geotermia eta abar), aire girotua, domotika, suteen aurkako sistemak eta segurtasun-sistemak.

Gelak eta beste atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxearen antolamendua erabileraren arabera aldatzen da. Oinarrizko unitatea-edo gela da.

Etxebizitzara bideratutakoak, funtsean, honako hauek dira: egongela, logelak (kopuru aldakorrean), bainugela eta komuna (bat edo gehiago) eta sukaldea. Kasu askotan, honako hauek ere badaude: jangela, ataria edo atondoa, eskailerak, korridoreak edo banatzaileak, eta garajea. Eta jarduera espezifikoetarako areto osagarriak, hala nola bulegoa, estudioa, liburutegia, jolas gela, erretzaileen gela, sauna eta abar eta abar.

Laneko eremu osagarriak: garbitokia, esekitokia, ofizioa, eta abar. Biltegiratzeko eremu osagarriak: sotoa, janaritegia, jantzigela, trastelekua, ganbara, etab. Kanporako egonaldikoak: terrazak edo solariuma, balkoiak, ataripeak, etab.

Beste eraikuntza osagarri batzuk ere izan ditzake, bananduak edo atxikiak, hala nola ibilgailuentzako garajea, bihitegia edo lorategiko ekipamendu eta tresnetarako estalpea. Eta kanpoaldeko espazio hauek izan ditzake: lorategia, baratzea, patioa, igerilekua, pergolak, berotegia, jolasteko pistak, etab.

Nekazaritzara bideratutako gizarte tradizionaletan, etxabereek (oiloak edo bestelako aziendak esaterako) etxeko zati bat gizakiekin partekatu dezakete, ukuilu eta oilategietan. Ohiko ezaugarria da Euskal Herriko baserrietan.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Etxe sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan
  2. Etxe sarrera Lur hiztegian
  3. a b Orotariko Euskal Hiztegia.
  4. (Frantsesez) Jeanne Vielliard (2004) Le guide du pèlerin à Saint-Jacques de Compostelle. Texte latin du XIIe siècle traduit et édité en français d’après Les manuscrits de Compostelle et de Ripoll (5. argitaraldia) Librairie philosophique 28 or..
  5. Antonio Ubieto Arteta (1984) Cartulario de Siresa Textos Medievales Anubar ediciones ISBN 84-7013-217-2.
  6. Euskaltzaindiaren Onomastika
  7. (Ingelesez) Barry Lewis, Robert Jurmain, Lynn Kilgore (2008) Understanding Humans : Introduction to Physical Anthropology and Archaeology.
  8. (Ingelesez) Orrin C. III Shane eta Mine Küçuk (1998) The World's First City 43-47 or..
  9. a b (Gaztelaniaz) Diccionario enciclopédico popular ilustrado Salvat (1906-1914)
  10. (Frantsesez) L'habitat en Grèce antique
  11. (Frantsesez) Vivre en ville au Moyen âge 2006.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Etxe Aldatu lotura Wikidatan
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: etxe .