Garry Marshall

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jonny Blu eta Garry Marshall (ezkerrean)

Garry Marshall Estatubatuar zinema-zuzendaria, aktorea, idazlea eta produktorea da (New York, 1934). Telebistan hasi zen lanean, telebista-sailetarako gidoiak idazten eta produzitzen (Laverne and Shirley, Happy Days, The Odd Couple), baina jazz-musikagile, kazetari eta umorezko gag idazle ere izan zen (Emmy sari bat irabazi zuen Dick van Dyken show-rako egindako lanarekin). Marshallek produzitutako lanen artean azpimarratzekoak ditu How Sweet It Is (1968) eta The Grasshopper (1970), baina zinema-zuzendari gisa da batez ere ezaguna.

Lehenengo filma 1982an zuzendu zuen: Young Doctors in Love (Sendagile gazte maiteminduak), erietxe batean gertatzen den komedia eroa. Marshallen hurrengo lana The Flamingo Kid (1984) izan zen, Matt Dillon protagonista duen filma. Nothing In Common (1986, Zerikusirik ez) aurkeztu zuenean, nabarmen ikusi zen komedia erromantikoa izango zela bere filmografian pisu gehien izango zuen generoa. Horrela, 1990ean plazaratu zuen hamarraldi hartako filmik arrakastatsuenetako bat izan zena, Pretty Woman, Julia Roberts eta Richard Gere dituena protagonista (Julia Roberts antzezle onenaren Oscar sarirako izendatu zuten). Marshallek, film horrek eman zion ospea ikusirik, eskema bera jarraituz osatu zuen hurrengo filma, Frankie and Johnny (1991), 1987an Kathy Bates eta F. Murray Abrahamek antzezturiko Frankie and Johnny in the Clair de Lune (Terrence McNally) obran oinarritua, zineman Al Pacino eta Michelle Pfeiffer antzezleek interpretatua. Haren beste lan batzuk: Georgia Rule (2007); Valentine's Day (2010); New Year's Eve (2011).

Garry Marshallen filmografiaren ezaugarri nagusietako bat filmetako elkarrizketa landuak dira. Bestalde, oro har, nahiago du antzezleen intimitatea lantzea eta ez kanpoko irudi ikusgarri eta garestiekin egindako filmak, eta horrela erakutsi du bere lanetan, azken urteetakoetan batez ere.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Garry Marshall Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]