Gipuzkoako armarria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaur egungo armarri ofiziala, 1990ean onartua.

Gipuzkoako armarria Gipuzkoa irudikatzen duen ikur heraldikoa da. Ikur instituzional gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabiltzen du eta Batzar Nagusiek arautzen. Lurralde historikoa irudikatzeko erabiltzen denez, beste hainbat ikurretan ere erabiltzen da, hala nola Zazpiak Bat armarrian edo Euskal Autonomia Erkidegokoan (Eusko Jaurlaritzarena).

Lehen aldiz 1466an agertu zen, Azkoitian elkartutako Batzar Nagusien agiri batean, zigilu itxurarekin[1]. Harrezkero, zigilu izateko armarri izatera igaro eta, beste askok bezala, bilakaera luzea izan du.

Gaur egungo armarria 1990eko martxoaren 27ko 6/1990 Foru Arauak onartu zuen. 1979an aldatu zuten azken aldiz, eta geroztik hurrengo deskribapen ofiziala du:

« Kantoi bakarreko armarria, urrezko zelai baten gainean hiru hagin berde dituena, bat erdian eta beste biak alde bakoitzean, proportzio berean, eta zuhaitz horien oinetan urezko olatuak, zilarrezkoak eta urdinak, eta armarri hori besarkatuz basagizon bana alde bakoitzean eta behean ondoko legenda: «FIDELISSIMA BARDULIA NUNQUAM SUPERATA».[2] »

Latinezko azken esaldi horrek «Gipuzkoa txit leiala, inoiz ez garaitua» esan nahi du, Antzinateko barduliarrak gogoraraziz.

Bertan agertzen diren hiru zuhaitzak hagin arruntak dira[1] (Taxus baccata). Kondairek diotenez, barduliarrek, Erromatar Inperioaren aurrean ez errenditzeko, euren burua pozoitu zuten hagin arruntaren haziekin.

1513-1979 bitartean, armarriak errege baten eta kanoien irudiak zituen. Kanoiak, antza denez, Belateko guduarekin zerikusia zuten, eta Nafarroako Erresumaren subiranotasunaren aurkako ikurra zenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiengatik ezabatua izan zen 1979an.

Bada beste armarri bat, sinplifikatuagoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere iruditzat erabiltzen duena.

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako probintziaren edo anaiartearen armarriak ia 600 urteko iraupena izan du, XV. mendearen bigarren erdialdean sortu zenetik harik eta 1990ean argitaraturiko azken aldaketetara arte. Hauek dira bilakaeraren mugarri nagusiak[1]:

  • 1466: lehen agerpena, zigilu itxurarekin. Biribila, koroarik gabea eta bitan zatitua: goian errege eseria eta behean hiru haginak itsasertzean. Inguruan idazkuna latinez: NOBILIS AC FIDELIS PROVINCIAE GUIPUZCOAE (Gipuzkoako probintzia noble eta leiala)
  • 1513-1524: Ezkutu itxura hartu eta goiko laurdenean 12 kanoi gehitu ziren, Belateko guduan gipuzkoarrek nafar eta frantses armadari ebatsitakoak. Idazkuna aldatu zen, Donostiarenetik desberdintzeko: NOBILISSIMAE AC FIDELISSIMAE PROVINCIAE GVYPVSCOAE (Gipuzkoako probintzia txit noble eta txit leialarena)
  • 1595-1599: Errege koroa eta basagizonak alde banatan gehitu zitzaizkion. Eta legenda gehitu: FIDELLISSIMA VARDVLIA NVNQUAM SVPERATA. Lehen aldiz armarri itxura hartu zuen, Tolosako Andre Maria elizan, Jeronimo Larrea Goizuetak zizelkatua.
  • 1895: Aldundiaren eraikin berriaren harira, Madrilgo Arma Erregeak armarri ofizialaren deskribapena igorri zuen, armarri tradizionalarekin guztiz bat ez zetorrena, batez ere kolore kontuetan.
  • 1931-1936: Erregea eta kanoiak kentzeko proposamena aurkeztu zen Lizarrako udal biltzarrean, eta horrela adostu Eusko Jaurlaritzaren armarrian. Baina Gipuzkoako Aldundiak ez zuen proposamena bereganatu.
  • 1979-1990: Erregea eta 12 kanoiak kendu ziren, Batzar Nagusiak horrela ebatzita 1985ean. Araua 1990an argitaratu zen. Idazkuneko VARDULIA ere aldatu zen eta BARDULIA idatzi.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Gaztelaniaz) Ayerbe Iríbar, Ma Rosa. (2010). (pdf) Estudio histórico-jurídico sobre el escudo y blasón de Gipuzkoa. EHU, 167-192 or. ISBN 978-84-8419-208-4..
  2. Armarria eta bandera Gipuzkoako Batzar Nagusien webgunean (noiz kontsultatua: 2021-4-6)

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Maria Rosa Ayerbe Iribar. (2007). Azterketa historiko-juridikoa Gipuzkoako Armarriari eta Blasoiari buruz. Donostia: Gipuzkoa Batzar Nagusiak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 141 or. ISBN 8479073896..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]