Edukira joan

Barduliar

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Talde etniko infotaulaBarduliar
Motatalde etniko historiko
EponimoaBardulia
Geografia
JatorriaGipuzkoa, Araba eta Nafarroa Garaia
Hedapen mapa

Barduliarrak[1] (latinez: varduli) (antzinako grekoaz: Ba′ ρδυ‑[(η′τ)‑αι] edo Ba′ ρδυ‑[(ι′τ)‑αι], bardietak edo barduetak)[2] antzinako erromatarrek Hispania lurraldearen iparraldean kokatu zuten jende bat da, baskoien mendebaldean eta karistiarren, eta Deba ibaiaren ekialdean[3].

Haien berri ematen dutenak erromatarrak dira, hau da, erromatar konkista aurreko garaiari buruzko informazio idatzia ez daukagu.

Identitate etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituen artean, zalantzazkoa da baskoiekin lotura zuen akitaniar herria[4], edo kantabriarrak eta zeltiberiar herriekin lotura zuen herri zeltikoa edo indoeuroparra izan zen ala ez[5]. Eztabaida hori baskonizazio berantiarraren teoriari lotuta dago.

Barduliarren inguruko informazioa, eta oro har, Euskal Herriko Antzinaroko populuei buruzko informazioa nahiko urria da eta batzuetan, kontraesanak agertzen dira[6]. Idazle klasikoen artean, eta hurrenkera kronologikoari jarraituz, Estrabonek (K.a. I. mendea), Pomponio Melak (K.o. I.), Plinio Zaharrak (K.o. I. mendea), Ptolomeok (K.o. II. mendearen erdialdean), eta Lucio Anneo Florok (K.o. II) aipatzen dituzte barduliarrak, beti ere esaldi gutxi batzuetan. Estrabonek aipatzen ditu estreinakoz barduliarrak, Augustoren garaian[7].

Aurkikuntza epigrafikoek aukera eman duten onomastika (pertsona izenak), teonimia (jainko-jainkosen izenak) eta ikonografia ereduak aztertzeko. Ikonografian eta onomastikan oinarritu dira, hain zuzen ere historialariek, Nafarroako barduliar eremua identifikatzeko. Azkenik, indusketa arkeologikoak ez dira oso zabalak izan barduliarren lurraldean Antzinaroari dagokionean[6].

Idazle erromatar eta helenistikoek konkistatzen zituzten herriak izendatzeko, etnonimoak erabiltzen zituzten, hau da, leinu edo nazioa —ez herrialdea bera— osatzen zuen jende multzoa zerabilten: hau da, Erdi Aroa arte ez zen "Vardulia"rik izan; beraz, Antzin Aroan, Vardulii ez dira Varduliako bizilagunak (barduliarrak), kultura edota egitura politikoa partekatzen duen jendea baizik (Ijitoak edo juduak esatea bezala, edo gaur egun Ameriketako jatorrizko herriak izendatzeko erabiltzen ditugun izenen antzekoak: apatxeak (eta ez apatxiarrak), navajoak, etab.).

Ez da ziur ezagutzen hitz horren jatorria edota esanahia, baina -bard erroa proposatu da ("muga" esan nahi du), batzuen ustez indoeuroperazkoa beste batzuen iritziz, aurreindoeuroperazkoa[8]. Hector Iglesiasek, ordea, uste du varduli forma grezierako bardieta baina zaharragoa dela eta erroaren ahoskera /ward/ eta esanahia egungo euskal mardul hitzean bila daitekeela, edo antzeko erroa duten eta beste lurraldetan agertzen diren hitzetan[2].

Varduli etnominoa gero Goi Erdi Aroan Gaztela Zaharraren sehaska izan zen Bardulia izeneko eremuan agertuko da. Julio Caro Barojak, hori ikusita, esan zuen Vardulii izenak ez zuela euskal jatorririk[9].

Gastiainen aurkitutako Annia Butturarren estela. Emborujok barduliarren lurraldean kokatzen du Gastiain.

Gaur egungo ia Gipuzkoa osoan (ipar-ekialde baskoia eta mendebal karistiarra izan ezik), Araba ekialdean eta Nafarroa mendebaldearen zati bat ere. Azken muga hori eztabaidagai izan da ikerlarien artean. Batzuentzat barduliarren nafar tartea estuagoa izan zen eta beste batzuentzat zabalagoa. Amelia Emborujok historialariarentzat, Araba ekialdeko eta Nafarroako estela epigafikoen tipologietan oinarrituta proposatu zuen (Burunda Etxarri Aranaz arte, Lana ibarra, Ega ibaiaren goi ibarra[6] barduliarren lurraldea izan zela. Deba ibaiak mugatzen zituen, mendebalean, karistiarrengandik. Egungo Trebiñu konderriko lur barduliarrek egiten zuten muga hegoaldean (Errioxan) bizi ziren beroien lurraldeekin, eta Oiartzun ibaiaren bokaletik hegoalderako mendizerrak mugatzen zituen barduliarren eta baskoien lurraldeak. Beste batzuentzat, eki-iparraldeko muga Urumean zegoen eta hegoaldetik Ebroraino iritsiko ziren[4] Francisco Castro Portolések Toloño mendilerroan kokatzen du barduliarren eta beroien arteko muga.[10]

Dena dela, Tito Livio, Estrabon, Ptolomeo, Ponponio Mela eta Plinio geografo eta historialari erromatarrek aipatu zituzten barduliarrak, antz handiko izen desberdinez. Idazle guztiek ez dituzte, gainera hiri berdinak aipatzen. Kasu batzuetan, karistiar nahiz autrigoiei zegozkien lurraldeetako biztanleak bailiran aipatu izan zituzten.

Egungo Gipuzkoako barduliar hirien aipamenak kostaldeko hirienak dira. Menosca, Deba eta Oiasso arteko erdibidean; Morogi, egungo Astigarraga inguruan, biak itsasertzean, Vesperies eta Tritium Tuboricum (ez dakigu non zegoen, Debako bokalean, Astigarribia, Araba... hainbat proposamen egin dira)[11]; barrualdeko hiriak Araba aipatzen dira, baita Goi Erdi Aroan ere: Gabalaeca (Galarreta?), Gebala (Gebara), Tullonium (Dulantzi), Alba (Albeiza).[4] Gipuzkoako Oiasso erromatar hirigunea baskoi lurraldean zegoen (egungo Irunen).

Sakontzeko, irakurri: «Euskararen jatorria»
Andrearriagako estela, baskoien lurraldean agertu dena, gaur egungo Oiartzunen.

Ez dakigu zer hizkuntza hitz egiten zen edo ziren Burdin Aroko Gipuzkoan, ez baita idazkunik aurkitu, eta iturriak ez direlako oso zehatzak. Aurkitu ditugun lehen arrastoak jada erromatarren garaiko esteletako izenak dira[12], adibidez, baskoien lurraldean aurkitutako Andrearriagako estela, non VALBELTESONIS irakur daitekeen, Val(erius) Belteso/nis (filius) gisa interpretatu dena. Valerius abizen erromatarra da (nomena, familiaren izena, alegia), baina Belteso bertako izentzat hartzen da[13][14].

Iturri klasikoengatik eta toponimiagatik dakigu euskal esparruan (egungoa baino lurralde zabalagoa hartuz) bazirela hizkuntza zeltak, zeltiberiarrak eta aurreindoeuropearrak. Horien artean zeuden baskoniko deitu dena, akitaniera eta iberiera. Zeltak Erdialdeko Europarekin lotuta daude, eta protozeltiberiera deitzen duguna K.a. V. mende inguruan sartuko litzateke Pirinioetatik. Hizkuntza horretan idatzitakoa idazkera iberikoz egina dago, fenizieraren eta grezieraren ereduak hartuta garatu zena. Iberiera Zaragozaraino iristen zela uste dute aditu batzuek, eta, hala, harremanak izango zituela akitanierarekin, mailegu lexikoak barne[15]; beste batzuk, dena den, iberieraren hedadura desberdinez mintzatu dira, berezko eremua eta lingua franca gisa izango zuena bereiziz[16]. Baskoien hizkuntzan dukegun lekukotasun bakarra Irulegiko Eskua da, gardena ez dena[17][18]. Akitanierazko lekukotasunak askoz gehiago dira, testuak ez badira ere (pertsona- eta jainko-izenak soilik), eta euskararekin lotzea askoz errazagoa da[19]. Euskararen historia ikertzen dutenek aitzineuskara deitu diote historia idatzia baino lehenagoko euskararen berreraiketa hipotetiko horri, eta mugak nabarmen zabaldu dituzte, gaur egungo Euskal Herritik iparralderago eta ekialderago. Baskonizazio berantiarraren ideia defendatzen dutenentzat, aitzineuskara baskoien edo/eta akitaniarren hizkuntza zen, eta Erromako Inperioa erori ondoren zabaldu zatekeen gainontzeko euskal lurraldeetara[20]. Ikerketa paleogenetikoek ez dute babesten biztanleria mugimendu esanguratsurik, baina zaila da Burdin Aroan zer nolako egoera zegoen zehaztea, errausketak antzinako DNA lortzea ezinezko egiten duelako[21].

Joakin Gorrotxategik autrigoien, karistiarren eta beroien hirien izenak aztertuta, euskaratik interpretatzea zaila dela ondorioztatu zuen. Autrigoien eta beroien kasuan zeltiberiarrak direla argudiatu zuen, baina karistiarrenak hortik ere interpretatzen zailak zirela. Barduliarren kasuan, substratu indoeuroparra zegoela aipatzen zuen, batez ere hegoaldean, baina iparraldean askoz zailagoa zen ondoriorik ateratzea[22]. Kontuan hartu behar da aipatzen diren barduliarren hamar hiri izenetik zortzi Araban daudela, eta soilik bi Gipuzkoan[14]. Koldo Mitxelenak iparraldeko barduliarrek eta baskoiek hizkuntza antzekoa zutela pentsatzen zuen, hizkuntzen ekonomia aldetik bazen ere[oh 1]. Halaber, Gorrotxategik planteatzen du Gipuzkoako eta Gernika arteko Bizkaiko kostaldean kontaktu askoz handiagoa egongo zela akitaniar eta baskoiekin, baztertu gabe hizkuntzen auzia askoz konplexuagoa izatea, Araban aurkitutako euskal jatorriko bizpahiru izenek edo Lizarran aurkitutako jatorri zeltakoek erakusten duten bezala[14][23]. Zalduaren iritziz, hainbat toponimo indoeuroparrek (latinaren aurrekoek zein latinezkoek) duten bilakaera fonetikoa ezin da azaldu tartean beste hizkuntza erromantze edo indoeuropar bat egon balitz, eta jatorri zelta duten (-ama atzizkidunak, adibidez Zegama edo Beizama) zein argiki latina direnak (Getaria) soilik azal daitezke Gipuzkoako eremu zabal batean aitzineuskara balitz hitz egiten zen hizkuntza toponimo horiek iritsi edo finkatu zirenean[14]. Arabarekin mugan dauden inguruetan hizkuntza indoeuroparrek eragin nabarmenagoa izango zutela proposatzen du, baina Alba (Durruma) eta Entzia mendilerroa aitzineuskararen esparru gisa sailkatzen ditu[14].

Barduliar lurraldeetan aurkitu diren erro indigena zuten izenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barduliarrek okupatzen zuten eskualdean, erromatar garaiko hainbat idazkun aurkitu dira. Denak latinez idatziak badira ere, zenbait izen indigena ere eman dituzte. BAELIBIO (EDCS-21900010) Angsotinan, Bernedon, BAELIBIIOeta ANDIONIS Bernedon (ECS-23001901), LUNTBELSAR, Miñao Goienen, LUNTBELSAR, Durruma Donemiliagan (EDCS-00380518), TULLONIO, Dulantzin (EDCS-05502338), eta beste.

Sakontzeko, irakurri: «Burdin Aroa Gipuzkoan»
Bremenium erromatar gotorlekuko mendebaldeko atea, egun Ingalaterra iparraldeko High Rochester herrian. Barduliarren kohortea bertan kuarteleratuta egon zen II. mendean.

Erromatarren garaietako lehen aipamena Estrabonek egin zuen K.o. I. mendean[24]: Bardyetai izena eman zien eta kantabriarren eta baskoi artean bizi zirela idatzi zuen; Ponponio Melak, Klaudio enperadorearen agintaldian (K.o. 41- 54) idatzitako De Chorographia-n kantabriarren eta Pirinioen artean kokatu zituen. Plinio Zaharrak, pixka bat aurretik idatzitako baina K.o. 77. urtetik aurrera argitaratutako Naturalis Historian, barduliarren hiriak aipatu zituen eta barduliar hiritzat aipatzen du Flaviobriga, egungo Castro Urdiales. [25] K.o. II. mendean, Plutarkok aipatzen du K.a. 114. urtean C. Mario kontsularen guardia pertsonaleko soldaduak, βαρδυαιοι (BARDYAIOI), agian Estrabonen Bardyetai, zirela.[26] Klaudio Ptolomeok, II. mendekoa ere bai, barduliarren lurraldea karistiarren eta baskoien artean kokatu zuen. II. mendekoa da halaber, Hadriano edo Antonino Pio enperadoreen garian C. Mocconius Verusek egin zuen baskoien eta barduliarren hirien errolda, inskripzio batean jaso zena; Erroman aurkitutako CIL, VI, 1643. [27] II. mendean, aurretik aipatuta agertu ziren hiriak, Antoninoren Ibilbidean agertzen dira, eta bertan, hirien arteko distantziak ematen direnez, hien gora beherako kokapena aurkitzeko erabili izan dute ikerlariek.[14]

Barduliarrek erromatarrekin izan zituzten lehen harremanak, Plutarkoren G. Marioren barduliar guardia pertsonalari buruzko pasartea onartzen badugu, K.a. 134-133 eta K.a. 114 urteen artekoak izan ziren. Argiago ikusten dira Zesarzaleen eta Ponpeiozaleen arteko gerra zibilean. Julio Zesarren pasarte bat dugu, K.a. 49. urtekoa, non esaten duen L. Afraniok, Ponpeioren legatuak, zaldun-tropak eta laguntza exijitu ziela Zeltiberiarrei, Kantabriarrei eta "itsasertzeko barbaroei".[14]

Erromatarren konkista eta antolaketa administratiboaren ondorioz, barduliarrak komentu juridiko zesaraugustoarrean ala kluniarraren barruan sartu ziren eztabaidagai da[28].

Esan bezala, K. a. 114an, Gaio Mariok barduliar guardia pertsonal zuen, Erroman Barduaioí esklabo izendatua. Oso gorrotatuak izan ziren eta beldur handia zabaldu zuten beren ekintzekin, Marioren aginduak betez, jeneralaren etsai politiko asko hil zituztelako[2].

Ponponio Melak hala esana, barduliarrak Pirinioen aldean zeuden lurraldetan bizi ziren eta herri batua osatzen zuten. Kantabriarren porrotak ez zuen barduliarren artean eraginik izan, gerretan parte hartu ez zutelako. Britanian bazeuden barduliar kohorteak. Cohors Primae Fida Vardullorum civium Romanorum equitata milliaria Ingalaterra iparraldeko zenbait gotorlekutan egon zen. Datarik gabeko inskripzioak daude Corbridgen (Corstopitum), Northumberlanden, Stanegateko (Stanegate ekialdetik mendebaldera eraikitako erromatar galtzada izan zen, Hadrianoren harresiko zati batean) muga zaharrean, baita Hadrianoren harresiko 19. astellum miliarium-en (gotorleku txiki bat), eta Cappucken, Eskoziako mugako eskualdean, "Dere Street"-en (gaur egun erromatar galtzada bati ematen dioten izena da Dare Street: galtzada horrek Eboracumetik (York) iparraldera zeraman). Badirudi Antoninoren Harresiko kanpamendu Castlecaryn kokatu ditzakegula K.a. 138-61 urte inguruan. Lanchesterren (Longovicium), Durham konderrian, K.o. 175-8 urte inguruan egon ziren, eta Northumberland-eko High Rochesterren (Dere Street galtzadan), K.o. 216. urte inguruan[29]. Hadrianoren Harresiaren 19. gotorlekuan kohorte horrek egindako aldare bat dago, Matres ama jainkosei eskainia. Barduliarren Lehenengo Kohorte hura Antoninoren Harresian, Durhamgo Longovicium, Northumberlandeko Bremenium eta Corbridge (Corstopitum) gotorlekuetan eta Cappuckeko Dere kalean zeuden idazkunetan ere ageri da[30].

Gure Jaunaren eta Varduliarren lehen kohortearen eta Bremeniumeko esploratzaileen taldearen estandartearen jenioari eskainitako aldarea, K.o 238-241 (High Rochester, Erresuma Batua), 1852an aurkitua.

Barduliarren azken aipamena Hidaziok egin zuen. Apezpikuak pirata heruloen erasoak aipatu zituen, 400. eta, berriro, 456. urteetan.

« Ad sedes propias redeuntes, Cantabriarum et Vardaliarum loca maritima crudelissime deproedatio sunt. »
Fontes Hispaniae Antiquae, IX, p. 74

Hau da, kantabriarrak eta barduliarrak aipatzen ditu, baina ez karistiarrak edo autrigoiak.

Aditu batzuen ustez, karistiar, autrigoi eta barduliarren arteko harreman etniko, politiko eta linguistikoek herrien batasuna bultzatu eta Bardulia sortu zuen.[4]

Bisigodoen garaien eta ondoren, barduliarrak eskuarki baskoi (vascones) izendatu zituzten.

Gipuzkoako armarriak honako legenda du: Fidelissima Bardulia, Nunquam Superata[31], hau da, "Bardulia leialena, inoiz ez garaitua".

  1. «Será siempre ocioso el interrogar a los autores clásicos sobre la lengua de los várdulos y caristios, por no hablar de la de los autrigones: aunque éstos callen, todo el mundo parece estar de acuerdo en que los vascones, por aquello del nombre y también porque el euskara al fin y al cabo tuvo que hablarse ya entonces en alguna parte, no lejos de aquí, eran vascos de lengua, aunque con razonable seguridad esto no debía ya de ser cierto para todos ellos en el siglo I a.C. Por lo que ellos nos dicen, tanto se puede sostener que várdulos y caristios, al menos en la parte norte de su territorio, hablaban la misma lengua que los vascones septentrionales, como que la coincidencia se daba más bien hacia el oeste, con las hablas cántabras sin duda indoeuropeas, ya que a veces los textos parecen olvidarse de su existencia específica al incluirlos, por omisión o comisión, entre los cántabros. Somos bastantes los que pensamos que la primera hipótesis es la que tiene más probabilidad de ser correcta, aunque sólo sea por razones de economía: para pensar que una lengua que luego vemos firmemente implantada en un territorio hasta el día de hoy es ahí advenediza, tiene que haber razones de fuerza excepcional.»
    Mitxelena, Koldo, «Sobre la lengua vasca en Álava durante la Edad Media», in Vitoria en la Edad Media, Gasteizko Udala, 1982; 303. orrialdea. ISBN 84-500-8052-5

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
  2. a b c (Frantsesez) Iglesias, Hector. (2008). «Les Vardules: exposé historique et linguistique concernant les “Guipuzcoans” de l’Antiquité et quelques autres peuples de l’Hispania et de l’Aquitania de l’époque romaine» Revista Portuguesa de Arqueologia (Instituto Português de Arqueologia) 2 (11).
  3. Van Nostrand, John James Jr. (1916). «The reorganization of Spain by Augustus» University of California Publications in History (4): 122ff..
  4. a b c d (Gaztelaniaz) Gurrutxaga, Ildefonso. «Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo» VIIème Congrès d’Etudes Basques = Eusko Ikaskuntzaren VII. Kongresua = VII Congreso de Estudios Vascos (7. 1948. Biarritz). – Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2003. – P. 217-221. – ISBN: 84-8419-931-2.
  5. (Gaztelaniaz) Urteaga, Mercedes. El puerto romano de Irun. .
  6. a b c (Gaztelaniaz) Emborujo Salgado, Amalia. (1987). «El límite entre várdulos y vascones: una cuestión abierta» Príncipe de Viana. Anejo (7): 379–394. ISSN 1137-7054. (kontsulta data: 2023-07-08).
  7. (Gaztelaniaz) «Autrigones, caristios, várdulos y berones. Contribuciones historiográficas (1983-2003) relativas a su evolución en época prerromana y romana» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía 34: 47-88..
  8. «VARDULIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2020-11-06).
  9. (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio. (1976). Los pueblos de España. .
  10. «Francisco Castro» www.ugr.es (kontsulta data: 2025-04-06).
  11. «Bertan 17 - La época romana: Capítulo 3: Geografía romana de Gipuzkoa» bertan.gipuzkoakultura.net (kontsulta data: 2025-04-07).
  12. Zaldua Etxabe, Luix Mari. (2020). Gipuzkoa antzinaroan : hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan. Euskaltzaindia, 26-46 or. ISBN 978-84-121889-6-7. PMC 1241067717. (kontsulta data: 2021-04-05).
  13. «Bertan 17 - Erromatar garaia: 2. kapituloa: Kronologia» bertan.gipuzkoakultura.net (kontsulta data: 2025-04-02).
  14. a b c d e f g Zaldua Etxabe, Luis Maria. (2021). Gipuzkoa Antzinaroan: Hizkuntzak eta eremu linguistikoa onomastikaren argitan. EUSKALTZAINDIA arg ISBN 978-84-120766-2-2. (kontsulta data: 2025-04-03).
  15. (Gaztelaniaz) Gorrochategui Churruca, Joaquín. (1982). Estudio sobre la onomástica indígena de Aquitania en relación con las de las zonas vecinas. Universidad de Salamanca (kontsulta data: 2025-04-02).
  16. (Gaztelaniaz) Hoz, Javier de. (2009). «El problema de los límites de la lengua ibérica como lengua vernácula» Palaeohispanica. Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania Antigua (9): 413–433.  doi:10.36707/palaeohispanica.v0i9.237. ISSN 1578-5386. (kontsulta data: 2025-04-02).
  17. (Gaztelaniaz) Igartua, Iván. (2023-12-28). «Un enigma envuelto en un misterio: la interpretación lingüística de la mano de Irulegi» Fontes Linguae Vasconum (136): 551–563.  doi:10.35462/flv136.9_5. ISSN 2530-5832. (kontsulta data: 2024-01-14).
  18. (Ingelesez) Aiestaran, M; Velaza, J; Gorrochategui, J. (2024). «A Vasconic inscription on a bronze hand: writing and rituality in the Iron Age Irulegi settlement in the Ebro Valley» Antiquity 98(397): 66-84.  doi:10.15184/aqy.2023.199..
  19. Gorrochategui Churruca, Joaquín. 2007. “Onomástica de origen vasco-aquitano en Hispania y el Imperio Romano”, in: M. Mayer; G. Baratta; A. Guzmán (ed.), Acta XII Congressus Internationalis Epigraphiae Graecae et Latinae, Barcelona, 629-634 or.
  20. Gorrotxategi, Joakin. Arabako (eta inguruetako) hizkuntzak Antzinatean. Arabako hizkuntzak eta hiztunak mundu eleanitzean jardunaldiak, Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduak 17 eta 18, researchgate.net (kontsulta data: 2021-1-12).
  21. Olalde, Íñigo. (2024). «El poblamiento de Vasconia: aportaciones pasadas y futuras del ADN antiguo» Entre el Ebro y el Garona: Espacios, sociedades y culturas durante la Prehistoria y la Antiguedad, 2024, ISBN 978-84-9082-657-7, págs. 399-429 (Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea): 399–429. ISBN 978-84-9082-657-7. (kontsulta data: 2025-03-27).
  22. Gorrochategui Churruca, Joaquín. (1995). Los Pirineos entre Galia e Hispania: las lenguas. ISSN 0213-2095. (kontsulta data: 2025-04-02).
  23. Peñalver & San Jose 2011, 208-210 orr. .
  24. (Gaztelaniaz) Solana Sainz, Jose Maria. (2003). «Várdulos» Hispania Antiqua 27: 43-79. ISSN 2530-6464, ISSN 1130-0515 ISSN-e 2530-6464, ISSN 1130-0515..
  25. In Cluniensem conventum Varduli ducunt populos xiiii (Plinio iii.26); A Pyranaeo per oceanum Vasconum saltus, Olarso, Vardulorum oppida.... iv.110.
  26. (Gaztelaniaz) Puyada, Iñaki Navascués. (2023-12-17). «Cayo Mario y Los Bardei» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 79 ISSN 0211-111X. (kontsulta data: 2024-10-27).
  27. «EDR - Epigraphic Database Roma» www.edr-edr.it (kontsulta data: 2024-10-27).
  28. (Gaztelaniaz) Beltrán Lloris, Francisco; Velaza, Javier. (2013). «El límite occidental del convento jurídico cesaraugustano» Cuadernos de Arqueología. Universidad de Navarra (Universidad de Navarra) (21): 51 – 71..
  29. (Ingelesez) «Cohors Primae Fida Vardullorum civium Romanorum equitata milliaria» Roman Britain (kontsulta data: 2024-05-29).
  30. Roman Britain Organisation. BREMENIVM Roman Fort & Marching Camps. .
  31. Gipuzkoako Batzar Nagusiak - Armarria eta bandera

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]