Arabako armarria
Egungo Arabako armarria 1993ko maiatzaren 5eko 14/1993 Foru Arauak- ikurrinari, Arabako lurralde historikoaren armarriari eta Foru Aldundiaren komunikazio-logotipoari buruzkoa- ezarri zuen. Hirugarren artikuluak honela deskribatzen du:
« | Urrean, zelai berde baten gain, harkaitz bat, bere kolorean, almenadun gaztelu bat gehi, heraldiko beltz-kolorez harlandua eta heraldiko urdinilun kolorez zuritua eta harkaitz horretatik urdinilun ezpata batekin beso armatu bat irtetzen da, kolore gorriko leoi erpekari bat ezkerreko aldetik duela; ezpataren ahoaren gain zinta urdin-ilun bat urrezko hizkietan "JUSTICIA" idatziarekin. Urdinilunezko ertza eta urrezko hizkietan "EN AUMENTO DE LA JUSTICIA CONTRA MALHECHORES" idatzia, guzti hori Duke-Koroiarekin seilatua[1]. | » |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armarriak Arabako Ermandadean jatorria du, izan ere, bere zigilu edo armarria XV., XVII., XVIII eta XIX. mendeetako agirietan agertzen da. XVII. mendeko agiri batean Zabalateko auzoko batek bere hiribilduko zigilua deskribatu zuen: «haitza bat, tontorrean dorretxe bat, eta bere parean, zorrotik ateratako ezpatudun beso eta eskua. Dorrearen behealdean bere oinetan etzandako lehoi bat, atzaparrak ezpatan zituena». Herrialdeko beste hiribildu eta herri askok Zabaletako forua hartu eta armarria ere onartu zuten.
Armarria denboraren poderioz aldatuz joan zen:
- Armadun besoa batzuetan haitzetik irten da eta bestetan gazteluaren leihotik.
- Lehoiak, batzuetan besoa erasotzen du eta bestetan bizkarra eman.
- «Justicia» (justizia) hitza ez zen XVIII. mendera arte agertu. Hasieran ermandadeak gaizkileen aurkako justizia zuen lema, gero, XVI. mendean, Elorriagako batzarraren garaian, handiagotze hitza agertuz.
- Koroa 1671n agertu zen, tinbre, lantzak, banderak eta kanoiekin batera.
Aditu batzuen ustez, ikur hauek Gaztela eta Leongo erresumetatik zetozen. Zabaletako armarriaren garaikidea zen Fernando III.a Gaztelakoak ere ikur berberak erabiltzen zituen eta gazteluak defentsa eta lehoiak erasoa irudikatzen dituzte[2].
Arabako Ahaldun Nagusiaren armarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]14/1993 Foru Arauaren 7. artikuluak Arabako Ahaldun Nagusiaren armarria deskribatzen du:
« | Diputatu Nagusiari dagokio, sei ikurrinez inguratutako eta hauen gainean lau zutoial, erdiak alde banatan, kolore gorri-bizian, lantza punta bat eta heraldiko beltz-koloreko alabarda bat eta puntan bi kainoi gurutzatu, baita beltz-kolorekoa, dituen Arabako Lurralde Historikoaren Armarria erabiltzea. Horrela seilatutako Armarria bere karguaren propioak diren ezaugarrietan eta errepresentagarri eta protokolo izaerakotan bakarrik erabili ahal izango da.. |
» |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat Espainiako lege batetik hartu da. Testua jabari publikoa da eta ez du copyrightik, Espainiako jabetza intelektualaren legeko 13. artikuluaren arabera (ikus Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22koa).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]