Gizon-dantza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Gizon-dantza Donostian ekainaren 23an, San Juan bezperan dantzatzen den euskal dantza da, soka-dantza motakoa. Donostiako Konstituzio plazan dantzatu ohi da, su ematen zaion lizar baten inguruan. Historian zehar aldaketa ezberdinak izan ditu, baita debekatzeak ere. Gipuzkoako beste herri askotan dantzatzeko ohitura ere bada. Ohituraz agintariek dantzatzen zuten, baina azken urtetan galbidean zegoen.[1] 2011n Juan Karlos Izagirre alkateak berriro dantzatu zuen.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizon dantzan agintariak, Koldo Mitxelena Liburutegiko artxibo argazki batean

1700. urtean soka dantza izenarekin egiten zela badirudi, idazle britainiar batek aipatu zuenez[3]. 1824an Juan Inazio Iztuetak idatzitako Gipuzkoako Dantza Gogoangarrien Kondaira liburuan esaten duenez, beste soka dantza batzuk ere egin izan dira Gipuzkoan, baina hau askoz garrantzitsuagoa zen:

« Herri bateko festa nagusian Gizon Dantza jendaurreko ekintzarik inportanteena zela esatea ez da oker handia. Plazan, herriaren aurrean, alkateak eta zinegotziek dantzatzen zuten. Alkateak dantzatzeko gaitasunik ez bazuen, dantzari bikain bat eraman ohi zuen plazara Gizon Dantza bere lekuan dantza zezan »

—Juan Inazio Iztueta, 1824[3]


Prentsan hainbat erreferentzia agertzen dira dantza honen inguruan. 1870eko hamarkadan dekadentzia handia izan zuen eta 1880ra arte ez zitzaion berriro garrantzia eman. 1912an debekatua izan zen eta 1916an berriro baimendu zuten.[4]

XX. mendearen hasieran umeek, edo dantzari txikiek dantzatzen zuten. 1916an, adibidez, jaia debekatu zen, "jai inkultoa, krudela eta fedearen aurkakoa" zelako.[5] 1926an "San Juan Jaya 1926" lelopean eginiko karteletan agertzen da umeek dantza zezaketela, bi taldetan banatuta: aurreskulariak eta dantzari txikiak. Garaiko kontakizun baten arabera:

« poco antes de las seis de la tarde los juglares del Ayuntamiento vestidos de gala acompañaron a los dantzaris txikis desde las dependencias municipales de la calle Garibay, donde estaba la Academia de Danzas Vascas, hasta la plaza. Poco después, llegaba a ésta el clero de San Vicente presidido por el párroco don Vicente Barrena, precedido por la Banda Municipal. El coadjutor reverendo Ormazábal leyó la epístola de San Juan, procediéndose después a la bendición del árbol, retirándose a continuación el clero mientras se interpretaba por la Banda la marcha de San Juan »

[5]


Hau da:

« seiak baino pixka bat lehenago Udaletxeko juglareak, gala jantziak soinean, dantzari txikiak lagundu zituzten udal bulegoetatik Garibai kalean (Euskal Dantzen Akademia zegoen lekua), plazaraino. Handik pixka batera, San Vicenteko kleroa heldu zen Vicente Barrena parrokoa buru zutela, Udal Bandaren atzetik. Aita Ormazabalek San Juanen epistola irakurri zuen eta ondoren zuhaitza bedeinkatu zuen. Ondoren kleroak alde batera egin zuen Bandak San Juan martxa jotzen zuen bitartean. »

[5]


Urte horretan Anita Torregaray eta Federico Revestidok dantzatu zuten aurrean, beste 16 bikote atzean dituztela. Aurreskuaren ostean kalejira egin zen, zuhaitza sutan zegoela. Ondoren Olegario Garinek gidatzen zuen dantzari txikien taldeak Zaldibiako dantzak, makil-dantza eta jorrai-dantza egin zuten. Ramon Zapirain eta Juan Ignacio Urangak aurreskua dantzatu zuten.[5]

1931an Konstituzio Plazan dantzatu zen, ziurrenik lehen aldiz.[3]

1948an dantzaren ardura Goizaldi dantza taldearen esku geratu zen. Garai hartan Juanma Oronoz Goikoetxea zen dantzari nagusia. Sua ematearen aurka azaldu ziren batzuk urte horietan, eta bedeinkapenaz gain su txikia pizten zen oinarrian. Gero kukaña egiten zen goian kokatutako gereziak hartzeko.[4]

1979an ez zen zuhaitzik egon, alkate berriari ahaztu zitzaiolako zuhaitza eskatzea. Urte horretan ondoko taberna bateko landarea bedeinkatu zuten.[4]

1980an Jesus Maria Alkain alkate zela gizon-dantza berreskuratzeko saiakera egin zuen udalak. Dantza egin bazen ere ez zuten alkate-zinegotziek berriro ere dantzatuko 2011ra arte. Urte horretan emaitza, hala ere, ona izan zen, eta jendeak txalotu zuela dio garaiko prentsak.[6]

2011ko berreskuratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizon-dantza berreskuratzearen inguruko bideoa.

2011n berriro ere dantzatu zuten agintariek gizon-dantza, Juan Karlos Izagirre alkate berriak hala proposatuta. Goizaldi dantza taldearekin batera dantzatu zuten eta Bilduko ordezkariez gain Alderdi Popularreko Josu Luis Arrue, Iñigo Arcauz eta Maria Iciar Aguilera; PSEko Denis Itxaso, Marisol Garmendia, Maravillas Defauce eta Miguel Angel Diez eta EAJko Iñaki Gurrutxaga, Aitziber San roman, Eneko Goia, Miren Azkarate eta Juan Ramon Vilesek dantzatu zuten.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ane, Olaizola Suaren alboan dantzan Berria . Noiz kontsultatua: 2011-6-26.
  2. a b Lide, Aguirre La Gizon Dantza unió a la corporación Diario Vasco . Noiz kontsultatua: 2011-6-26.
  3. a b c Donostiako udal talde guztiek onartu dute gizon-dantzan parte hartzeko alkatearen gonbidapena hirian.com . Noiz kontsultatua: 2011-6-26.
  4. a b c 1979. La bendición del árbol la víspera de San Juan dantzan.com . Noiz kontsultatua: 2011-6-26.
  5. a b c d 1926. Los niños bailan en torno a un árbol Dantzan.com . Noiz kontsultatua: 2011-6-26.
  6. Y Alkain bailó su aurresku dantzan.com . Noiz kontsultatua: 2011-6-26.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]