Edukira joan

Hannah Snell

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hannah Snell

Bizitza
JaiotzaWorcester1723ko apirilaren 23a (juliotar egutegia)
Herrialdea Britainia Handiko Erresuma
BizilekuaNewbury (en) Itzuli
HeriotzaBethlem Errege-Ospitalea1792ko otsailaren 8a (68 urte)
Hobiratze lekuaRoyal Hospital Chelsea (en) Itzuli
Jarduerak
Jardueraksoldadua
Zerbitzu militarra
Adar militarraRoyal Marines (en) Itzuli
Bethlemgo Ospitale Psikiatrikoa A Rake's Progress obrako William Hogarthen grabatu baten arabera. Hemen ospitaleratuta egon zen, bertan hil zen Hannah Snell.

Hannah Snell (Worcester, Erresuma Batua, 1723ko apirilaren 23a - Londres, Erresuma Batua, 1792ko otsailaren 8a) britainiar soldadua izan zen, James Gray izenarekin gizon itxurak egin zituen emakume ingelesa.[1][2][3][4][5][6]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ezkontza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitatik soldadu izatera jolasten zen. 1740an Londresera joan zen eta 1744ko urtarrilaren 6an James Summsekin ezkondu zen. 1746an, Susannah alaba izan zuen, urtebete geroago hil zena. Senarrak utzita, James Gray koinatuaren gizonezkoen-arropak jantzi zituen, bere izena hartu eta Summsen bila hasi zen (geroago jakin zuen hiltzaile akusazioaz hil egin zutela).

Bere kontakizunaren arabera, Guise erregimentuan sartu zen, Northumberlandeko dukearena, Karlos printzearen (gero Ingalaterra eta Eskoziako KarlosIII.a izan zenaren) aurkako borrokan, eta bere sarjentuak 500 zigorrekin zigortu zuenean desertatu zuen. Nahiz eta Snellek berak hori esan, oso gertagaitza dirudi halako erregimentuan zerbitzatzea, eta, zantzu guztien arabera, bere bizitzaren zati hori bere asmakizuna izan zen.

Itsas armadan sartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portsmouthera joan eta Errege Marineetan sartu zen. 1747ko urriaren 23an Portsmoutheko Swallow ontzian ontziratu zen. Ontziak Maurizio uhartea inbaditzea zuen helburu, baina plan hori aldatu egin zen eta Indiarantz nabigatu zuten. 1748ko abuztuan Swallowek Pondicherry kolonia frantziarra hartzeko misioa jaso zuen, eta geroago, 1749ko ekainean, Devicottako guduan parte hartu zuen. Hamaika aldiz zauritu zuten hanketan eta behin izterrondoan, nahiz eta bere benetako sexua ez argitzeko moldatu zen, seguraski erizain indiar baten laguntzarekin.

The Female Soldierren edizioa eta pentsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1750ean bere itsasontzia Ingalaterrara itzuli zen. Snell Portsmouthen lehorreratu eta Londresera joan zen, non bere benetako sexua marinelei jakinarazi eta Cumberlandeko dukeari, armadaren buruari, bere mantenua eskatu zion. Robert Walker Londresko editoreari ere saldu zion bere bizitzaren historia, eta The Female Soldier (Emakume soldadua) izenburuarekin argitaratu zen. Snell arropa militarrekin hasi zen jendaurrean agertzen. Garai hartan, hiru margolarik uniformez erretratatu zuten, eta The Gentleman's Magazine egunkariak bere erreklamazioen berri eman zuen, eta, azkenean, arrakasta izan zuten: Snellen zerbitzu militarra ofizialki aitortu zen, eta 1750ean pentsio bat eman zioten, 1785ean handitu zutena.

Hannah Snell Wapping-era erretiratu zen, eta The Female Warrior (edo The Widow in Masquerade, iturriak ez datoz bat) izeneko taberna baten jabe izan zen. 1770eko hamarkadaren erdialdean Newburyra (Berkshire) joan zen. 1759an Richard Eylesekin ezkondu zen eta bi ume izan zituen. 1772an berriro ezkondu zen Richard Habgoodekin eta Midlandsera joan zen berarekin. 1785ean Hannah Snell bere seme George Spence Eylesekin bizi zen Stoke Newingtonen.

Azken urteak eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1791n buruko arazoak izan zituen. Londresko Bethlem Ospitalean sartu zuten abuztuaren 20an, eta hantxe hil zen hilabete batzuk geroago. Chelseako Errege Ospitaleko hilerrian lurperatuta dago.

Haren irudian oinarritutako literatura-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shirley Gee antzerkigile britainiarrak bi antzezlan idatzi zituen Snelli buruz: irratirako bat (Against the Wind, 1988) eta antzezlan bat (Warrior, 1989).[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «RBH Biography: Hannah Snell (1723-1792)» berkshirehistory.com (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  2. (Ingelesez) «Hannah Snell - 1911 Encyclopedia Britannica -» StudyLight.org (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  3. Stephens, Matthew. (1997). Hannah Snell : the secret life of a female marine, 1723-1792. London : Ship Street Press ISBN 978-0-9530565-0-7. (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  4. (Ingelesez) «Hannah Snell: The Secret Life of a Female Marine, 1723-…» Goodreads (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  5. Stephens, M.. (1997-09-01). Hannah Snell: the Secret Life of a Female Marine, 1723-1792. (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  6. Stephens, Matthew. (1997). Hannah Snell: The Secret Life of a Female Marine, 1723-1792. Ship Street Press ISBN 978-0-9530565-0-7. (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  7. BRADLEY, B.G. ‘Warrior’ a feast for senses and mind. The Mining Journal.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]