Haren Zaldiak Beldurrarazten Du

Wikipedia, Entziklopedia askea
Haren Zaldiak Beldurrarazten Du

Bizitza
Jaiotza1836
Talde etnikoaSiuxa
Heriotza1893ko uztailaren 13a (56/57 urte)
Jarduerak
Jardueraktribu-buruzagia eta artista
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakRed Cloud's War (en) Itzuli

Find a Grave: 8158119 Edit the value on Wikidata

Haren Zaldiak Beldurrarazten Du[1] [Tȟašúŋke Kȟokípȟapi] (1836-1893ko uztailaren 13a), ingelesez Young Man Afraid Of His Horses izenaz ezaguna, Siux herriaren Oglala leinuaren buruzagi bat izan zen, lakota leinuaren barrenekoa. Beraren izena oker ulertua izan da sarritan, berez dakota hizkuntzan esan nahi baitu Haren zaldiari ere beldurra diote edo Haren zaldiak beldurrarazten du. Borrokan hainbeste beldurra eragiten zuen, ezen arerioek beraren zaldiaren itzala ikuste soilarekin ematen baitzioten ihesari. Hodei Gorriren gudan parte hartu zuen, Siux Herriaren ordezkari gisa, Wounded Kneeko sarraskia gertatu ostean, Washingtoneko gobernuarekin izandako negoziazioetan.

Gazte aroko bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren Zaldiak Beldurrarazten Du 1836an jaio zen, Siux herriaren familia boteredun batean[2], belaunaldiz belaunaldi laugarrena izan baitzen, Oglala buruzagien artean, izen hori jasotzen. Izatez, Haren Zaldiak Beldurrarazten Du gaztea bere eskubide propioz bihurtu zenean siux herriaren borrokari eta buruzagi, bere aitak Haren Zaldiak Beldurrarazten Du Zaharra (1808-1889) izena hartu zuen. Bere aita Oglala talde baten buru izan zen, Hunkpatila[3] izenekoa, 1870eko hamarkadaren amaieran Oglala leinuko jendea Siuxen Erreserba Handira gehitu zen arte. 1871ean bere familiaren jarraitzaile guztiak Red Cloud Agency kokagunea hartu zuten bizilekutzat, gerora Pine Ridge Agency erreserba izango zena, hori da, Siuxen Erreserba Handiaren osagai nagusietako bat[3]. Erreserbara bildu nahi izan ez zuen taldeak, hala ere, Hukpatila izena gorde zuen eta Powder ibaiaren inguruko lurretan gelditu ziren, gaur egungo Ameriketako Estatu Batuetako Wyoming estatuaren ipar-ekialdean eta Montana estatuko hego-ekialdean[3].

Buruzagitzarako bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren Zaldiak Beldurrarazten Du, 1890

Estatu Batuetako gudarosteak 1864ako azaroaren 29an Sand Creeken txeiene eta arapaho jendeen aurka egindako sarraski izugarriak gerra giroa zabaldu zuen Hego Platte ibaiaren aran zabalean, txeien eta arapaho jendearekin elkartu baitziren siuxak ere. Borroka odoltsu hartan, Haren Zaldiak Beldurrarazten Du nabarmendu zen Oglalako siux borrokalarien buruzagi eta gidari gisa. Herri askotan erasoak egiten ari zirela ikusita, Estatu Batuetako armada gotorlekuak eraikitzen hasi zen Bozeman ibilibide historikoan. Bi aldeen buruzagi militarren arteko negoziaketa zail eta istiluz betetakoak egiten ari ziren bitartean –gotorlekuak, noski, jatorrizko amerikarren lurretan ari baitziren eraikitzen–, armadak gotorleku handiago eta hobeki babestuak eraikitzearen ondorioz, Hodei Gorriren Gerra (1866-1868) piztu zen, inoiz amerindiarrek Estatu Batuarren aurka egindako gerrarik arrakastatsuena. Haren Zaldiak Beldurrarazten Duk eginkizun garrantzitsu bat izan zuen, gerra buruzagi gisa, gatazkak izan ziren bi urteetan, baita gerra amaiarazi zuen Fort Laramieko Ituna sinatzeko elkarrizketetan[2].

Gerran erakutsitako trebetasuna eskertzeko, Oglala leinuko kontseiluak bere ohorezko izendapen handiena eman zion Haren Zaldiak Beldurrarazten Duri, gerlari atorra janzteko ohorea; Amerikar Zaldi, Zaldi Ero eta George Ezpatarekin batera, bera izanz en Oglala leinuaren lau babesleetako bat, gerlari atorra hil arte gorde zuena[4].

Asimilaziaoren aurkako borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fort Laramieko Ituna sinatzeko ahalegindu zen arren, Haren Zaldiak Beldurrarazten Duk hasieran ez zuen asmorik Siuxen Erreserba Handian kokatzeko. Alabaina, amerindiar tribuen lurretara ausartu ziren gizaki zuri aitzindarien jarduera –batik bat, bufalo ehiza intentsiboa– zalantzan jartzera iritsi zen lakota leinuaren bizimolde nomada. 1870eko hamarraldiaren amaieran, negu garaian gosete larriak pairatu zituen Oglala leinuak. Halabeharrez, Haren Zaldiak Beldurrarazten Duk eta bere aitak Red Cloud Agency kokagunera bideratu behar izan zituzten beren jarraitzaileak[2].

Siuxen Erreserba Handian ezarri ostean, Haren Zaldiak Beldurrarazten Du gogor saiatu zen bere herriaren lurra eta kultura babesten, erreserbako politika ofizialaren eragozpen guztien gainetik. 1880ko hamarkadan, etengabeak izan ziren gatazkak Estatu Batuetako gobernuak erreserban izendatua zuen ordezkariarekin. Haren Zaldiak Beldurrarazten Duk harreman onak zituen arren gobernuarekin eta, oro har, gizaki zuriekin, lakota leinuko jendearen eskubideen aldeko borrokalari nekaezina izan zen. Bere hizkuntza besterik ez zuen egiten[2].

Beste lakota buruzagiekin batera, aurre egin zion gobernuaren presioari, siuxak merkataritza nekazari bihur zitezen, eta maiz egiten zuen erreserbatik ihes, ehizara, batzuetan hilabete luzetarako. Garai hartan, bakeak egin zituen Crow Herriko buruzagiekin, aurrez bi leinuen artean gatazka gogorrak izan baitziren.

Haren Zaldiak Beldurrarazten Du, bere bizitokiaren aurrean Pine Ridge erreserban, Hego Dakotan, 1891ko urtarrilaren 17an

Estatu Batuetako gobernuak 1880ko hamarkadan hasi zen antolatzen lege trikimailuak, Siuxen Erreserba Handiaren lurrak murriztu eta haien zati handi batzuk gizaki zuriei saltzeko. Haren Zaldiak Beldurrarazten Du trikimailu guztien aurka altxatu zen, eta trebetasunez lortu zuen gobernuaren asmoak geldiaraztea. Gobernuak lanean jarraitu zuen, ordea, eta 1889an lortu zuen Estatu Batuetako Kongresuak % 20 murriztea erreserbaren esku zegoen behien kopurua. Gainera, 1890ean izandako lehortearen eraginez, abelburu gehienak hil zirenean, berehala zabaldu ziren gosea eta gaixotasunak lakota jendearen artean[2].

Erreserbaren egoera gero eta okerragoa zelarik, eta lakota jendeak bere izateari, lurrari eta kulturari eusteko itxaropenak murrizten zirelarik, bere azken urteetan gizaki zuriekiko gatazkak eragozten eta bideratzen saiatu zen Haren Zaldiak Beldurrarazten Du, giro nahasi, ilun eta zail batean[4].

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1893ko uztailean, Haren Zaldiak Beldurrarazten Du erreserbatik atera zen, bere etsai izandako Crow Herriaren buruzagi batzuekin elkartzeko. Uztailaren 13ko ilunabarrean, Newcastle herritik gertu, Wyoming estatuan, bihotzekoa izan zuen eta hilik erori zen bere zalditik, 56 urte besterik ez zituela. Ohore militarrez lur eman zioten, Pine Ridge Agency kokalekuko hilerrian[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Amerindiar buruzagien izenak (189. araua). Euskaltzaindia.
  2. a b c d e (Ingelesez) Agonito, Joseph. (1998). “Young Man Afraid of His Horses: The Reservation Years,”. Nebraska History 79.
  3. a b c (Ingelesez) Bray, Kingsley M.. (2014). Crazy Horse: A Lakota Life. University of Oklahoma Press.
  4. a b Price, Catherine. (1996). The Oglala People, 1841-1879: A Political History.. University of Nebraska Press.
  5. Omaha World-Herald, 1893ko abuztuak 2. Aberdeen Daily News [Aberdeen, SD], 1893ko abuztuak 16

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bruce Ingham, English Lakota Dictionary, Londres, Curzon, 2001.
  • Eugene Buechel & Paul Manhart, Lakota Dictionary, Lincoln-Londres, University of Nebraska Press, 2002.
  • Lakota. A Language Course for Beginners (formerly Hecetu Yelo [The Way it is]), Oglala Lakota College, 1989.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]