Edukira joan

Harri-iraulari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Harri-iraulari
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaScolopacidae
GeneroaArenaria
Espeziea Arenaria interpres
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,47 m
Harri-iraulariaren lumaiak eremu harritsuetan kamuflatzeko balio dio.

Harri-iraularia (Arenaria interpres) scolopacidae familiako hegazti zangaluzea da[1].

Iparraldeko Eurasia eta Ipar Amerikako kostaldetan bizi den hegazti hau neguan munduko edozein eskualdetara migratzen da.

Hegazti limikolo txikia da, 21-24 cm arteko luzera eta 43-49 cm arteko hego-zabalera ditu. 120 gramo inguru pisatzen ditu[2]. Gorpuzkera trinkoa du eta ziri itxurako moko txikia, harri txikiak iraultzeko egokia, hortik bere izena. Buru zuria du, hainbat lerro beltzekin, bularraldean ere lerro beltzak agertzen ditu. Bizkarraldea laranja kolorekoa da, luma beltzezko lerro batzuk agertzen dituelarik, eta azpialdea zuria da. Hankak ere laranja kolorekoak dira. Sexu dimorfismo handirik ez du harri-iraulariak[3].

Iparraldeko tundra eremuetako kostaldetan ugaltzen da eta baldintza meteorologiko gogorrei egiten die aurre. Negua datorrenean hegoalderantz jotzen du eta kostaldeak okupatzen ditu. Eremu harritsuak atsegin ditu, biluziak edo algaz estaliak, eta gizakiak egindako egiturak ere atsegin ditu (kaiak, dikeak...) moluskuak harrapatzeko[3]. Eremu limotsuak ekiditen ditu[2]. Donostian esate baterako hegazti limikolo ugariena izatera iristen da[4].

Intsektuek eta hauen larbek osatzen dute harri-iraulariaren dietaren gehiengoa. Intsektu gutxi dagoenean beste ornogabe batzuk (armiarmak, krustazeo txikiak eta moluskuak) eta landareak ere jaten ditu. Mokoa harriaren edo arrain hondar baten azpian sartu eta irauli egiten dute, azpian dauden ornogabeak harrapatzeko. Pisu handiko objeturen bat iraultzeko taldean egiten dute lan[3].

Bikoteak eratzen direnean hainbat urtetako kumaldiak egiten dituzte elkarrekin. Maiatza eta abuztuaren artean ugaltzen dira. Lurrean aurkitzen duten zuloak aprobetxatzen dituzte. 11 cm-ko diametroa eta 3 cm-ko sakonerakoa izaten dira habiak, gutxi gorabehera. Zuloa landareez inguratzen dute eta normalean lau arrautza berdexka eta orbain ilun asko dituztenak jartzen dituzte. 22-24 egunetan zehar txittzen egon ondoren jaiotzen dira txitak eta berehala gai dira beren kabuz mugitu eta elikatzeko[3]. 19-21 egun dituztenean erabat garatuta daude eta habia betirako uzten dute.

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean, Systema naturae liburuan. Arenaria interpres izena jarri zion, Arenaria areatzatan aurkitzen delako eta interpres izena akats baten erruz. Lineok Gotland bisitatu zuenean bertakoek tolk esaten ziotela jakin zuen. Suedieraz "itzultzailea" edo "mezularia" esan nahi du eta horregatik latinezko izena ezarri zion, interpres. Gotlandeko dialektoan aldiz "hanka" esan nahi du[5].

Egun scolopacidae familian sailkatuta badagoen ere, lehen adituek charadriidae familiakotzat zuten. Harri-iraulariak azpiespezie bi ditu[6]:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Harrison, Colin (1975) A Field Guide to the Nests, Eggs and Nestlings of British and European Birds. Collins, Londres
  2. a b [http://www.damisela.com/zoo/ave/otros/charadri/scolopacidae/interpres/index.htm «Vuelvepiedras Com�n»] www.damisela.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).
  3. a b c d «Vuelvepiedras común» SEO/BirdLife.
  4. dio, Haritz-k. (2016-02-07). «Harri-iraularia, Donostiako limikolo ugariena» Donegaztian (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).
  5. Jobling, James A.. (2010). The Helm dictionary of scientific bird names [electronic resource : from aalge to zusii. ] London : Christopher Helm (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).
  6. «Cornell Lab of Ornithology: Clements Checklist» web.archive.org 2011-12-04 (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]