Harrotasuna eta aurrejuzguak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Harrotasuna eta aurrejuzkuak» orritik birbideratua)

Harrotasuna eta aurrejuzguak
1813ko lehen argitarapena.
Datuak
IdazleaJane Austen (1813ko urtarrilaren 28a)
Argitaratze-data1813
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaPride and Prejudice
HerrialdeaIngalaterra
FormatuaInprimatua
Euskaraz
IzenburuaHarrotasuna eta Aurrejuzkuak
ItzultzaileaAna Isabel Morales

Harrotasuna eta aurrejuzguak (ingelesez Pride and Prejudice) 1813ko Jane Austen ingeles idazlearen amodiozko komedia eleberri bat da. Eleberrien historian umorezko eta amodiozko generoko aintzindarietako bat izan zen.

Anglosaxoi munduko garai guztietako eleberri ezagunenetakoa izateaz gain, ingelesezko literaturako esaldi ospetsuenetako batekin hasten da:

« Egia unibertsalki onartua da fortuna handiaren jabe den gizon ezkongai batek emaztearen premia eduki behar duela. »

Eleberriak protagonisten bilakaera pertsonala erakusten du, Elizabeth Bennet eta Fitzwillian Darcyrena, eta nola, krisi zenbaiti aurre egiteko eta elkarrekin egon ahal izateko, bakoitzak bere akatsetatik ikasi beharko duen.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Eleberriak Bennet ahizpen istorioa kontatzen du, urte bateko epe laburrean, Ingalaterrako landa-eremuko noblezia txikiaren ingurune sozialean, XVIII eta XIX. mende bitarteko urteetan.

Bennet familia Hertfordshiren bizi da, Meryton herriaren inguruan, Longbourn Enean. Senar-emazteek eta bost alaba ezkongaiek osatzen dute sendia (Jane, Elizabeth, Mary, Catherine eta Lydia). Longbourn Enearen oinordetza gizonezkoei dago lotuta legez eta, ondorioz, Bennet jauna hiltzen denean, bere alabek etxea utzi beharko dute. Hori horrela izanik, Bennet andreak helburu nagusi bat du bere bizitzan: alabak ongi ezkontzea, hori baita irtenbide ohoragarri bakarra haien egoera ziurtatzeko.

Kanpotar batzuk iristearekin batera familia eta auzunearen bizitza lasaia asaldatuko da. Bingley jaunak Netherfield etxea alokatuko du eta bertan ezarriko dira Bingley jauna bera, bere bi arrebak, Bingley andereñoa eta Hurst anderea, bere koinatu Hurst jauna, eta Fitzwillian Darcy, bere laguna. Bingley eta Darcy jaunak, biak hala biak, fortuna dezente baten jabe dira, eta honek auzuneko familien esperantzak harrotuko ditu.

Merytonen ospatutako dantzaldi batean ezagutuko dituzte iritsi berriak auzokoek. Dantzaldian bi jaun gazteen portaerak iritzi ezin ezberdinagoak sortuko ditu Bennet familian;  Bingley jaunak, Jane Bennet andereñoarekiko erakutsi duen interesaren ondorioz, guztion oniritzia bereganatuko du; aldiz, Darcy jauna harroa eta desatsegina irudituko zaie denei eta, batez ere, Elizabeth Benneti, Darcy jaunak berari buruz egingo dituen komentario iraingarri batzuk entzun eta gero.

Beste bisitari batzuk ere iritsiko dira herrira: Miliziako erregimentu batek kuartela hartuko du Merytonen. Militarren artean batek, Wickham jaunak, harreman berezia egingo du Bennet familiarekin eta Elizabethi hurbilduko zaio. Wickham jaunak Darcy ezagutzen du aspaldidanik. Darcyri buruz ematen dituen argibideak areagotu egingo dute Elizabethek jaun horri buruz duen iritzi txarra.

Bitartean, pertsonai berri bat azaltzen da Longbourn Enean: Collins jauna. Collins, Bennet jaunaren urrutiko lehengusua eta oinordekoa da. Catherine De Bourgh aristokrataren babespean bizi da erretore gaztea eta anderearen aholkuari jarraiki, emazte bila iritsi da Bennetarren etxera, aproposa iruditzen baitzaio bere lehengusinei mesede egin eta haietako bati ezkontzeko proposamena egitea. Collins jaunak Elizabethi eskatuko dio berarekin ezkontzeko, baina gazteak ezezkoa emango dio. Elizabethen ezezkoa jaso ondoren, Collins jaunak Charlotte Lucasi, Elizabethen lagun minari, eskatu dio berarekin ezkontzea, eta azken honek onartu egingo du.

Bingley eta Jane maitemintzeko bidean direla, ezusteko bat gertatuko da: egun batetik bestera, eta azalpen garbirik eman gabe, Netherfieldeko taldeak Londreserako bidea hartuko du, itxura batean itzultzeko asmorik gabe.

Jane bere izeba-osaben etxera joango da, Londresera, eta Elizabethek bere lagun Charlotte bisitatuko du bere etxe berrian, lady Catherine De Bourgh anderearena den erretoretzan. Han bisitan dagoela, aristokrataren etxera gonbidatuko dute Collins jaun-andereekin batera eta bertan Darcy jauna topatuko du, Darcy lady Catherinen hiloba baita. Bertan dagoela jakingo du Darcyren lagunen artean esaten dela honek Bingley jauna ezkontza txar bat egitetik babestu duela. Elizabethek ondo ulertzen du bere ahizpari egindako kaltea eta Darcyri buruzko iritzia sendotu egiten zaio.

Darcyk, ordea, ez du gauza bera sentitzen. Ia bere gogoz kontra maitemintzen joan da eta, biok lady Catherinen etxean daudela, ezkontza proposamena egiten dio Elizabethi. Neskak ezetz esaten dio, bere ahizpa eta Wickham jaunarekiko izan duen portaera aurpegiratzen diolarik.

Elizabethen arrazoiak entzun ondoren, Darcy jaunak eskutitz bat helarazten dio. Eskutiz honetan azalpenak ematen dizkio, bai Jane eta Bingley jaunare harremanaren aurrean izan duen jokabidearen inguruan, bai eta Wickham jaunarekiko hartutako erabakien inguruan. Bi kasutan, eta batez ere Wickham jaunari dagokionean, Elizabethek garbi ikusten du bere harrotasunak eta aurreiritziek pisu handia izan dutela Darcy jaunaren inguruan osatu duen iritzian, eta damutu egiten da bere jokaeraz.

Charlotte Lucasi egindako bisita bukatuta, Merytonera itzultzen da eta bertan erabakitzen du izeba-osabekin, Gardiner jaun-andereekin, oporretara joatea. Oporretan daudela Pemberly, Darcyren etxea, bisitatzeko aukera izango dute. Bertan ikusiko duenak (ingurukoek Darcy jaunari buruz hitz egiteko duten modua, azken honek bere arreba gaztearekiko duen tratua, Gardiner jaun-andereei ematen dien tratu abegikorra) aldatu egingo du Elizabethek Darcy jaunari buruz duen iritzia. Baina beraien arteko harremana hobetzen hasten denean notizi batek hankaz gora jarriko du Elizabethen mundua. Bera kanpoan zela, bere ahizpa gazteenak, Lydiak, ihes egin du Wickhman jaunarekin batera. Eskandaluak ondorioak izango ditu familia guztiarentzat: ezkontzarik gabeko harremanak guztion ohorea zikintzen du.

Bikotea Londresen topatuko du familiak eta Wickham Lydiarekin ezkontzea lortuko du. Ezkonberriak etxera bisitan etortzen direnean, Elizabethek jakiten du, Lydiak kontatuta, Darcy jaunak parte handia izan duela ezkontzaren auzian, bere diruarekin ordaindu dela eta, gainera, bere parte hartzea isilpean mantentzea eskatu duela. Lehendik ere Elizabethek Darcyri buruz zuen iritzia aldatzen hasia bazen, azken notiziek guztiz bestelako bihurtuko dute, eta ulertuko du bere lehen usteak, harrotasunak eta aurreiritziek gidatutakoak, ez direla beti zuzenak.

Gertakari hauen ondoren, Bingley jauna Netherfield-era itzultzen da eta Bennetarren etxeko ohiko bisitari bihurtzen da, Darcy jaunarekin batera eta azkenik Jani berarekin ezkontzeko eskatzen dio.

Bien bitartean, lady Catherin Darcyk Elizabethekiko dituen sentimenduez konturatzen da. Egoera horrek kolokan jartzen ditu bere alaba Darcyrekin ezkontzeko dituen asmoak. Hori horrela, gizona Londresen dagoela lady Catherinek Elizabeth bisitatzen du eta modu desatseginean eskatzen dio argitu dezan ea bere iloba eta beraren arteko konpromisorik badagoen edo badaukan inongo interesik Darcyrengan. Elizabethek ez dio erantzunik ematen andereari. Elkarrizketa hau izango da, hala ere, bi gazteen arteko harremanari behin betiko bultzada emango diona; lady Catherinek Darcy Londresen topatzen duenean elkarrizketaren berri ematen dio eta Elizabethen erantzun ezaz kexatzen da. Darcyk ondorioztatzen du Elizabethek beregan dituen sentimenduak guztiz kontrakoak balira, neskak ez lukeela arazorik izango bere izebaren aurrean hala adierazteko, eta horrek esperantzak ematen dizkio.

Azkenik Darcy Netherfieldera itzultzen da eta Bennet familiarekin bilduta dagoen egun batean, Elizabethi berarekin ezkon dadin eskatzen dio. Handik denbora gutxira Jane Bingleyrekin eta Elizabeth Darcyrekin ezkontzen dira. Elizabeth eta Darcyk Pemberlyn ezartzen dute beren bizilekua, Georgianarekin batera. Han Gardinertarrak hartzen dituzte maiz.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizabeth Bennet. Istorioaren protagonista, Bennetarren bigarren alaba da. 20 urteko gaztea, azkar eta argia. Istorioaren hasieran aurreiritziz beteta dago eta jendea lehen momentuko inpresioen arabera epaitzeko joera du, baina denborarekin ikasiko du hasierako uste horiek ez direla beti pertsona bat ondo ezagutzeko bidea.

Fitzwilliam Darcy. Nobelako gizonezko pertsonai nagusia da. Bingley jaunaren lagunik onena, 28 urteko gizon aberatsa, azkarra eta herabea, hantuste eta harro itxura izan dezake ezezagunentzat, baina gizon zintzoa eta ona da, ezagutu ezkero.

Bennet jauna. Bennet familiako burua, Hertfrodshiren etxalde baten jabea den zalduna. Bennet anderearekin ezkondua eta bost alaba ezkongabeen aita. Atsegina, azkarra eta sarkastikoa, bere emaztearen kontura barre egitea atsegin du. Eguneroko arazoetatik urruntzeko joera du eta, ondorioz, ez du behar bezala zainduko bere familiaren gobernua.

Bennet anderea. Bennet jaunaren emazte kexati eta gaizki hezitakoa. Bere kezka handiena bere bost alabak ezkontzea da; norekin, ez dio askorik inporta, aberatsa izanez gero. Baina bere zuhurtzia eza eta jendaurrean egiten dituen zentzugabekeriak oztopo bihurtzen dira helburu horretarako.

Jane Bennet. Bennet jaun-andereen alabarik zaharrena; 22 urte ditu eleberriaren hasieran eta, guztion iritziz, bera da ahizpetatik ederrena. Izaera isil eta gozokoa, ez da erraza bere sentimenduen sakontasuna antzematea.

Mary Bennet. Bennet ahizpetatik serioena bera da eta polita ez den bakarra. Horri aurre egiteko bere alderdi intelektualean jartzen ditu indarrak.

Catherine “Kitty” Bennet. 17 urteko alaba, Lydia baina zaharragoa izan arren, ahizpa gazteenak egiten duen guztia imitatzen du. Bera bezala, kaskarina eta materialista da.

Lydia Bennet. Alaba gazteena, 15 urte ditu. Neska kaskarina, miliziarekin harremanetan jartzea izango da bere zeregin nagusia. Wickham jaunarekin egingo du ihes eta, eskandalua ekiditeko, berarekin ezkonduko da.

Charles Bingley. Darcy jaunaren lagun minena da, nahiz eta izaeraz oso desberdinak diren. Izaera irekiko gaztea, adeitsua eta aberatsa, Netherfield alokatzen du.

William Collins. Bennet jaunaren iloba, apaiza eta gizonezko senide gertukoena; hori dela eta, berak jasoko du Longbourn herentzian. Gizon ponposo eta pedantea, neurriz kanpo losintxaria bere ugazaba den lady Catherine de Bourghekin.

George Wickham. Ofizial lirain,xarmagarri eta ederra da Wickham, eta Elizabethen interesa piztuko du. Bere aita Darcytarren ondasunen administratzailea zen eta, ondorioz, Darcy jauna eta bere arrebarekin hazitakoa da. Bere xarmak izaera ilunago bat ezkutatzen du.

Charlotte Lucas. Elizabeth Benneten lagunik onena da, 27 urteko emakumea eta sir Lucasen alaba. Elizabethen ezezkoa jaso ondoren, Collins jaunak Charlotti egingo dio ezkontzeko proposamena eta berak onartu egingo du, nahiz eta jakin bere senargaia gizon astuna dela, adimenik gabekoa, eta aitortu dion maitasun hori ez duela benetan sentitzen.

Lady Catherine de Bourgh. Darcy jaunaren izeba eta Collins jaunaren babeslea, kondesa aberats bat da. Emakume harroa eta menderatzailea, guztiak bere esanetara edukitzera ohitutakoa.

Gardiner jaun-andereak. Edward Gardiner Bennet anderearen anaia da, negozio-gizon arrakastatsua eta giza legetsua. Gardiner izeba-osabek Jane eta Elizabeth zainduko dituzte istorioaren zehar.

Caroline Bingley. Bingley jaunaren arreba, bere anaiak Jane Bennet emaztetzat hartzearen kontrako iritzia azalduko du eta biak banatzen saiatuko da.

Gai nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriaren lehengo esalditik beretik antzeman daiteke ezkontza dela eleberriaren gai nagusietako bat. Ezkontza gizarte-arazo konplexua da, eta Austenen gizarte-mailako emakumeentzat etorkizun seguru bat izateko bide ia bakarra. Austenek bikote eta ezkontza ezberdinak erakusten ditu eleberrian: Charlotte Lucasek ezkontzea erabakitzen du, ezkontza delako bizimodu eroso eta ekonomikoki segurua lortzeko duen modu bakarra. Berea, arrazoi ekonomikoetan oinarritutako ezkontza bat da. Bennet jaun-andereen bikotea, berriz, ezkontza okerraren eredu da, hasierako erakarpen hutsal bati amore ematearen ondorioz sortutakoa. Lydiak berretsi egingo du bere gurasoen eredua Wickhamekin ezkontzean. Elizabeth eta Darcyren ezkontzan bat egiten dute beharrezkoak diren elkar ezagutza, maitasuna eta bideragarritasun ekonomikoa. Horretara iristeko bikoteak oztopoz betetako bidea egin beharko du.

Neurri handi batean Harrotasuna eta aurrejuzguak eleberria genero erromantikoan sartu izan da, baina Jane Austenek deskribatzen dituen ezkontzetan diruak eta gizarte-mailara egokitu beharrak oso paper garrantzitsua jokatzen dute. Bere garaiko eta bere gizarte-mailako emakumeentzat ezkontza, helburua baino gehiago, soluzio bakarra zen. Kritikari batzuen esanetan, egoera hori deskribatzeko moduan Austenek kritikatu egiten du irtenbide bakar horren errealitatea[1].

Norberaren eta bestearen ezaguera nobelaren beste gai zentraletako bat da. Eleberriko bi protagonistek auto-ezagutza prozesu bat bizitzen dute istorioan zehar. Elkarren arteko harreman eta kritiken bitartez, nork bere akatsak hobeto ezagutzen ikasten du eta akats horiek zuzentzen. Garapen pertsonal baten istorioa ere bada Harrotasuna eta aurrejuzguak.

36. atalean Elizabethek hauxe dio bere jokabideari buruz:

“- Zein modu erdeinagarrian jokatu dudan! – hots egin zuen-. Nik, neure ezagueraz harrotu naizen honek! Nik, neure burua neure adimenagatik goretsi dudan honek! Nire ahizparen xalotasun eskuzabala gutxietsi eta, mesfidantza hutsal eta itsusgarrietan, neure harrokeriari atsegin ematen ibili naizen honek. Hau aurkikuntza umiliagarria! Zein umiliazio zuzena, hala ere! Mainteminduta egonez gero ere, nire itsumen higuingarri hau ez zen handiagoa izango. Baina harrokeria, eta ez maitasuna, izan da ene txoramena. Bataren begi argiz pozik eta bestearen mespretxuaz haserre, gure ezaupidearen hasieratik bertatik, lilura eta ezjakina gorteatu ditut gizon horiei zegokien guztian, eta arrazoimena, berriz, kanpora bidali. Oraintxe arte ez nuen neure burua ezagutzen”.

Nork bere burua hobeto ezaguturik, posible da jasotako lehen inpresioak okerrak direla ikustea eta, horrela, bestearen ezaguera sakonago eta zuzenago bat izatea. Baina ibilbide hori ez da erraza eta pertsona argiek, beren burua zalantzan jartzeko gaitasuna dutenek, beren buruaz ironiaz barre egiten dakitenek soilik egin dezakete. Nobelaren kasuan Elizabethek eta Darcyk. Beste pertsonai batzuk ez dute halako gaitasunik adierazten[2].

Austenen lan askotan bezala, Harrotasuna eta aurrejuzguak  lanean inguruneak eta hezkuntzak gazteen jite eta moraltasunean duten eraginaren garrantzia ageri da.

Familiaren eragina, eta gurasoena bereziki, oso garrantzitsua da. Harrotasuna eta aurrejuzguak eleberrian Bennet jaun-andereek, bakoitzak bere modura, uko egiten diote beren ardurei eta beren porrota, guraso bezala, Lydiaren moraltasun eskasean datza eta egiten duen ezkontza burugabean[3].

Hezkuntzari dagokionean, egileak, Elizabethen ahotik, garbi azaltzen ditu bere ideiak emakumeen hezkuntzari dagokionean. Ez ditu aintzat hartzen bere mailako andereño dotoreei eskatzen zitzaizkien abilidadeak: musikan, kantuan, marrazten jakitea, eskulanak egitea, hizkuntzak hitz egitea; dena azaletik bazen ere, sakontasun gehiagoko ezagutza ez baitzen egoki emakumeentzat. Elizabethi gehiago interesatzen zaio irakurketa, bere iritzia emateko beldurrik ez du, izaki arrazionaltzat du bere burua. Elizabethek onartu egiten ditu bere gizarteko arau eta baldintzak, baina, aldi berean, ahots propioa mantentzen saiatzen da[4].

Kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1812-1821 erantzun indibidualak eta aipamen garaikideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austenen lanak aberatsen artean modan jarri ziren berehala, batez ere moda eta ospea aditzera ematen zutenek, eleberrien inguruko iruzkin positiboak ematen zituztenak. Hala ere, idazlearen bizitzan zehar erreseina gutxi jaso zituzten; gehienak, labur eta mesedegarriak, nahiz eta gainazalekoak eta arretatsuak ere izan. Nagusiiki eleberriaren irakaspen moraletan oinarritzen ziren. Oro har, kritikoek ez zekiten zein iritizi izan nahi zuten, adibidez, ez zutelako ironiaren erabilera ulertzen.

1821an Sir Walter Scottek idazle famatuak anonimoki argitaratu zuen Emmaren erreseina bat, garaian izen txarrekoa zen estilo errelista defendatzeko. Urte berean Quaterly Review aldizkarian Richar Whately idazle eta teologoak erreseina serioena eta gogotsuena egin zuen, geroago honen egile izatea ezeztu bazuen ere. Austen Homero eta Shakespearerekin konparatu zuen, idazlearen narrazioaren gaitasun dramatikoak goraipatuz. Bi iritzi hauek XIX. mendean zehar idatziko ziren hurrengo ia-ia kritika guztien tonua zehaztu zuten.

XIX. Mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austenen berri eman zuen lehen kritikaria Philarète Chasles izan zen, 1842ko saiakera batean, bi esalditan, idazle aspergarri, imitatzaile eta substantziarik gabeko bat bezala kaleratu zuena.

Britainia Handian, Austen pixkanaka hazi zen literatoaren estimazioan. George Henry Lewes filosofo eta literatur kritikariak 1840ko eta 1850eko hamarkadetan artikulu sutsuak argitaratu zituen. Later mendean, Henry James nobelagileak Austen aipatu zuen behin baino gehiagotan, eta Shakespeare, Cervantes eta Henry Fieldingekin batera "bizitzaren margolari finen artean" bezala sailkatu zuen.

James Edward Austen - Leigh's a Memory of Jane Austen 1869an argitaratzeak publiko zabalago bati "Jane izeba maitea" bezala aurkeztu zion. Memoirren argitalpenak Austenen eleberrien berridazketa bultzatu zuen — lehen edizio herrikoiak 1883an argitaratu ziren eta argitalpen ilustratuak eta bildumagileak azkar jarraitu ziren. XX. mendearen hasieran, Janeites leinu intelektual batek Austenen popularizazioaren aurka erreakzionatu zuen, euren estimazio sakonagoa masen berotasun arruntetik bereiziz.

Erantzun gisa, Henry Jamesek Austenekin "infatuazio eskerga bat" egin zuen, interes publikoko marea goraka joan zena Austenen "meritu eta interes intrintsekoak" gainditu zituena.

Modernitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztabaida moderno tipiko batean, Gene Koppel irakasle kontserbadore estatubatuarrak, bere literatura liberaleko ikasleen sumindurarako, Austen eta bere familia "tindu sakonenaren bidaideak" zirela aipatu zuen, hau da, kontserbadoreak whigs liberalen aurka. Claudia Johnson eta Mollie Sandock bezalako egile feministek Austen aldarrikatu zuten arren, Koppelek hainbat pertsonak literatur lan bati modu subjektibo ezberdinetan erantzuten diotela argudiatu zuen, Hans-Georg Gadamer filosofoak azaldu zuen bezala. Beraz, Austenen obraren interpretazio kontrajarriak ere baliozkoak izan daitezke, betiere testu-analisian eta analisi historikoan oinarrituta badaude: era berean, Austen erregeordetzaren gizartea kritikatzen duen feminista gisa eta bere balioak defendatzen dituen kontserbadore gisa ikus daiteke.

1939an Mary Lascellesen Jane Austen and Her Art argitaratu zenean, Austenen ikasketa akademikoa sendotu egin zen. Lascellesek Austenek irakurri zituen liburuak eta bere obran izan zuen eragina aztertu zituen, eta Austenen "arte narratiboa" eta estiloa gertutik aztertu zituen. Akademikoek Austenen estimazioa gero eta teoria esoterikoagoekin iluntzen ari zelako kezka sortu zen, eta eztabaida horrek aurrera jarraitu du ordutik.

Bigarren Mundu Gerraren ondorengo aldiak Austenekiko ikuspegi kritiko ugari ikusi ditu, teoria feminista barne, eta agian eztabaidagarriena, teoria postkoloniala. Dibisioa zabaldu egin da Austenen herri estimazioaren, bereziki janeitar modernoen, eta judizio akademikoen artean. 1994an Harold Bloom literatur kritikariak Austen mendebaldeko idazle handienen artean kokatu zuen.

Txinako Herri Errepublikan, 1949az geroztik, agintariek Mendebaldea modu negatiboan ordezkatzen zuten mendebaldeko itzulpenak bakarrik baimendu zituzten, eta Austen friboloegi kontsideratua izan zen. 1966-1969ko Txinako Iraultza Kulturalean Austen "britainiar inperialista burgesa" bezala debekatua izan zen. 1970eko hamarkadaren amaieran, Austen azkenean Txinan argitaratu zenean, irakurleen artean zuen ospeak agintariak nahastu zituen, arazoak baitzituzten ulertzeko jendeak normalean liburuak irakurtzen dituela gozatzeko, ez politikoki eraikitzeko. Eztabaida moderno tipiko batean, Gene Koppel irakasle kontserbadore estatubatuarrak, bere literatura liberaleko ikasleen sumindurarako, Austen eta bere familia "tindu sakonenaren bidaideak" zirela aipatu zuen, hau da, kontserbadoreak whigs liberalen aurka. Claudia Johnson eta Mollie Sandock bezalako egile feministek Austen aldarrikatu zuten arren, Koppelek hainbat pertsonak literatur lan bati modu subjektibo ezberdinetan erantzuten diotela argudiatu zuen, Hans-Georg Gadamer filosofoak azaldu zuen bezala. Beraz, Austenen obraren interpretazio kontrajarriak ere baliozkoak izan daitezke, betiere testu-analisian eta analisi historikoan oinarrituta badaude: era berean, Austen erregeordetzaren gizartea kritikatzen duen feminista gisa eta bere balioak defendatzen dituen kontserbadore gisa ikus daiteke.

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996an Ana Isabel Morales itzultzaileak euskaratu eta Ibaizabal argitaletxeak argitaratu zuen. 2013an Ana Isabel Moralesen itzulpenaren edizio berritu bat argitaratu zuen Elkar argitaletxeak.

  • Jane Austen, Ana Isabel Morales (itz.), Harrotasuna eta aurrejuzkuak. Ibaizabal. 1996.
  • Jane Austen, Ana Isabel Morales (itz.), Harrotasuna eta aurrejuzguak, Elkar, 2013.

Egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austenen eleberriek ia era guztietako ondorioak, prekuelak eta moldaketak ekarri dituzte, pornografia leunetik hasi eta fantasiaraino. XIX. mendetik aurrera, bere familiako kideek bere eleberri osatugabeen ondorioak argitaratu zituzten, eta 2000. urterako 100 moldaketa inprimatu baino gehiago zeuden.  Austenen lehen egokitzapen dramatikoa 1895ean argitaratu zen, Jane Austenen eleberrien Duologoak eta eszenak: Rosina Filippiren Arranged and Adapted for Drawing-Room performance, eta Filippi ere lehen antzerki-egokitzapen profesionalaren arduraduna izan zen, The Bennets (1901). Lehen zinema-egokitzapena Pride and Prejudiceren 1940ko MGM ekoizpena izan zen, Laurence Olivier eta Greer Garson protagonista zituena.  BBCren telebista-dramatizazioak, 1970eko hamarkadatik, Austenen bilbe, karakterizazio eta agertokiei zehatz-mehatz atxikitzen saiatu dira. Robert Irvine britainiar kritikariak, Austenen eleberrien iparramerikar moldaketa zinematografikoetan, Harrotasuna eta aurreiritzia 1940ko bertsioarekin hasiz, klasea sotilki minimizatzen dela adierazi zuen, eta Austenek ordezkatutako Ingalaterrako erregeordetzako gizartea, lurraren jabetzan eta familiaren abizenaren antzinatasunean oinarritutako hierarkia batean oinarritua, estatubatuarrek bere osotasunean onartu ezin duten zerbait da.

1995etik aurrera Austenen egokitzapen asko agertu ziren Ang Lee Sense and Sensibility filmarekin, honen bidez Emma Thompson gidoilari eta izarrak Akademiaren sari bat irabazi zuelarik, baita BBCko Pride and Prejudice mini-telesail ezagunak ere, Jennifer Ehle eta Colin Firth protagonista zituena. Pride and Prejudiceren 2005eko ekoizpen britainiar bat, Joe Wrightek zuzendua eta Keira Knightley eta Matthew Macfadyen protagonista zituena, 2007an Mansfield Park, Northanger Abbey eta Persuasion de ITV, eta 2016an Love & Friendship-ek jarraitu zuten.

Zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telebistan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pride and prejudice (1979). Cyrill Cokek zuzendua. Elizabeth Garvie eta David Rintoul aritu ziren paper protagonistetan.
  • Pride and prejudice (1995). BBCk ekoiztutako telesaila. Aktore printzipalak Colin Firth eta Jannifer Ehle izan ziren. Orain arte egin den egokitzapen hoberena bezala estimatzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Sánchez, Sonia Herrera. (2013-01-08). «La economía de las relaciones de género en "Orgullo y prejuicio" de Jane Austen» Investigaciones Feministas 3 (0): 233–250.  doi:10.5209/rev_INFE.2012.v3.41148. ISSN 2171-6080. (Noiz kontsultatua: 2018-11-08).
  2. Austen, Jane. (2013). Harrotasuna eta aurrejuzguak. Elkar, 19-22 or. ISBN 978-84-9027-105-6..
  3. Austen, Jane. (2013). Harrotasuna eta aurrejuzguak. Elkar, 21 or. ISBN 978-84-9027-105-6..
  4. Barnard, Robert. (2002). Breve historia de la literatura inglesa. Alianza, 168 or. ISBN 84-206-7290-4..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]