Iparretarrak

Wikipedia, Entziklopedia askea
IK» orritik birbideratua)
IK-ren zigilua
Iparretarren zigilua
SiglakIK
Sorrera1973
Kide ezagunak
IdeologiaSozialista iraultzailea eta abertzalea
Kokapena Euskal Herria
Ekintza eremua Ipar Euskal Herria (EH)
 Frantzia (gutxitan, eta Landetan gehienbat)
Aurkari nagusiakFrantziako estatu-egitura
EgoeraDeseginda
Helburu militarrakFrantziar estatuko administrazioa eta
Interes turistikoak

Iparretarrak (IK) Ipar Euskal Herriko talde armatu abertzalea eta sozialista izan zen. 1973an sortu zen eta 2000. urtean egin zuen azken ekintza armatua, handik gutxira Ildo aldizkariaren azken alea ateraz. IKk ez du harrezkero bere egoeraren berri eman. Politikoki Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA) alderdia gertukoa zuen.

Talde armatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparretarrak (IK) Ipar Euskal Herriko erakunde armatu abertzale eta sozialista izan zen 1973 eta 2000 bitartean. Bankan (Nafarroa Beherea) egin zuen lehen ekintza, 1973ko abenduan. Frantziako Estatuaren eraikinen eta turismoari lotutakoen kontrako atentatu materialak egiten zituen. 1982an CRSko bi polizia hil zituzten Baigorrin; IKk ekintza hori ukatu arren, hedabideek taldeari egotzi zioten ardura. Ipar Euskal Herriarentzako autonomia estatutua aldarrikatu zuen, "lehen urrats" modura. Halaber, turismoaren eta bigarren etxebizitzen aurkako kanpainak egin zituen.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960-1970[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparretarrak (IK) Ipar Euskal Herriko erakunde armatu abertzale eta sozialista izan zen. Talde armatuak politikari garrantzi asko ematen zion. Horregatik, Ildo aldizkarian ekintza armatuak egitearen arrazoia azaltzen zuen. Aldizkarian Ipar Euskal Herriko politika ere aztertzen zuen. Taldearen iritziz, aurretik zegoen Enbata mugimendua ez zen muturrekoa eta ezkertiarra. IK sortu zuten gazteek 1973ko Aberri Eguna antolatu zuten Enbatarekin batera. Aberri honetan, bi belaunaldien arteko ezberdintasuna ikusi zen. Enbatak ez bezala, IKko gazteek Ipar Euskal Herriko ekonomiari buruz hitz egin zuten eta hau Enbatakoiei ez zitzaien gustatu. IKren beste eragin bat 1968ko maiatza izan zen. Eragin horregatik, Enbatakoak eskuinekotzat eta burgestzat hartzen zituzten. Euren burua, berriz, ezkertiar eta iraultzailetzat ikusten zuten.

IKk munduko eta Europako beste mugimendu iraultzaileak begi onez ikusten zituen, kapitalismoaren aurka borrokatzen zutelako. Ipar Euskal Herriko eknomia eta politika kulturarekin ere lotzen zuten. Euren iritziz, Frantziako Gobernuak osatutako Lurralde Antolaketak Ipar Euskal Herri turismo-gune bilakatzen zuen. Horrek ondorioak zituen herritarrengan: lana udan bakarrik, baldintza txarrak, lehen sektoreak eta bigarren sektoreak indar gutxi, barnealdea gero eta hutsago, bertako jendea kanpora lanera....

1970-1980[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973ko abenduaren 11ean, Bankako (Nafarroa Beherea) La Rosée elbarrituentzako eraikinean, zuzendariak langileei tratu txarra ematen zien eta hauen aldarrikapenei ez zien jaramon egiten. Lan gatazka zegoen eta egoera honetan, IKk bere burua aurkeztu zuen. "Lana herrian" ekimena jarri zuten martxan eta Ipar Euskal Herri barnealdeko egoera ekonomikoaren arazoez jardun zuten. Hemendik, IKren lelo nagusia zen "Herriak bizi behar du" sortu zen. Hurrengo hilabetean, IKk Ildo aldizkariaren lehen alea argitaratu zuen. Lehen alean, taldea bera eta Bankako ekintzak azaldu zituzten. Hurrengo alea 1978ko udan argitaratu zuten eta oso garrantzitsua izan zen, euren ildo politikoa azaltzen zutelako berrogeita hamar orriko dokumentu batean.

1978 arte bost atentatu egin zituen eta sortu zenetik ETAko kideei laguntza ematen ibili zen. ETAk IKri borroka armatua ez egiteko eskatu zion, Frantziako errefuxatuek errepresioa ez jasateko. ETAren arabera, indar guztiek batera Hego Euskal Herriaren independentzia lortu behar zuten lehenik eta ondoren Ipar Euskal Herrikoa. ETAk sekulako indarra izan zuen frankismoan. 1970. hamarkadan, IKk borroka armatua erabiltzea onartu zuen. Euren ustez, Iparraldeko borroka armatuak ez zuen itxaron behar Hegoaldekoak amaitu arte. Ondorioz, ETA eta IKren arteko gatazkak sortu ziren.

1977ko abendutik 1987ko udara bitartean Baionan atxilotutako Xan Marguirault preso egon zen. IKko lehen presoa izan zen eta hainbat jendek babestu zuen kartzelan egon zen bitartean. Momentu horretan, Ipar Euskal Herriko hainbat eskualdeetan talde abertzaleak sortu ziren eta Herri Taldeak mugimendua sortu zuten. Mugimendua IKtik gertu zegoen. Gainera, IKk indarra hartu zuen, eraikinei su ematetik lehergailuak erabiltzera igaro zen.

1980-1990[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979ko ekainean, Baionako suprefeturaren (Frantziako estatuaren ordezkaritza) aurka egindako erasoa izan zen lehergailu bidez egiten lehena. 1980ko martxoan, IKko bi kide (Ramuntxo Arruiz eta Txomin Olhagarai) lehergailua egiten ari zirela hil ziren. 1982ko martxoan, Baigorrin, komando batek Jacques Bouyer eta Bernard Roussarie CRS poliziak hil zituen. Egun batzuk lehenago Filipe Bidart ezkutatu egin zen eta poliziak bizitza osorako kartzela zigorra jarri zion 1992an, atxilotu ostean. Poliziak esan zuenez, komandoak poliziak bahitu nahi zituen baina tiroketa gertatu eta hil egin zituen. IKk ukatu egin zuen erasoa egin izana. Hurrengo urteetan polizia eta IKren arteko tiroketak gertatu ziren Leonen (Landak) 1983an eta Biscarrossesen (Landak) 1987an. Lehen tiroketan Yves Giumarra jendarmea hil eta Jean-Louis Larre "Popo" ustezko IKko kidea desagertu ziren. Sei hilabetera, IKk poliziari egotzi zion "Popo" hil eta bahitu izana baina poliziak "Popo"k alde egin zuela esan zuen

Gertakari haren ondorioz, beste bi lagun sartu ziren klandestinitatean: Ttotte Etxebeste eta Gabi Mouesca. Azken hau, sei hilabete geroago atxilotu zuten Baionan, 1984ko martxoaren lehenean. Mouesca Didier Laffitte-k gidatzen zuen autoan zihoan, eta poliziak inguratu zituen eta tiro egin. Laffitte bertan hil zen, eta Mouesca atxilotu zuten.

Ondorioz, Ttotte Etxebeste eta Gabi Mouesca klandestinitatean sartu ziren eta 1984ko martxoan, sei hilabete geroago atxilotu zituzten. Gabi Mouesca Didier Laffitteren kotxean zihoan atxilotu zutenean. Atxiloketan Laffitte hil egin zuen poliziak. 1986ko abenduaren 13an, Gabi Mouesca eta Maddi Hegik lagunduta Pabeko espetxetik ihes egin zuten. IK oso ezagun egin zen ekintza honegatik. IKk prentsaurrekoa eman zuen ihesaren inguruan eta ihes egin zutenak ere azaldu ziren. 1987ko ekainaren 21an, Miarritzen poliziarengandik ihesi Maddi Hegi hil zen. Roger Latasa jendarmea ere hil zen. Hamabost egunera, lehergailua prestatzen ari zela Christophe Istèque hil zen Angelun. 1987ko uztailaren 11ean, Gabi Mouesca eta beste kide bat atxilotu zituzten Pirineotan.

Hemendik aurrera, IKko kide asko atxilotu zituzten. 1987an 11 kide kartzelan sartu zituzten eta guztira 15 ziren presoak. 1998an, atxiloketek aurrera egin zuten eta otsailaren 20an Filipe Bidart, Ttotte Etxebeste eta beste hiru lagun atxilotu zituzten Bokaleko etxe batetik irteten ari zirela. Tiroketa gertatu zen eta Ttotte Etxebeste zauritu eta elbarri geratu zen. Poliziaren arabera, IKko buruzagitza atxilotu eta taldea desegin zuen. Hala ere, 1987ko irailaren 27an IKk atentatua egin zuen. Abenduaren 12an, klandestinitatean zegoen bakarra, Lucienne Fourcade, eta beste sei pertsona atxilotu eta kartzelan sartu zituzten. Garai horretan, IKko ia 30 preso zeuden.

1990-1998[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990ko hamarkadako hasieran, Frantziako Barne Ministroa Kanakia, Korsika, Guadalupe eta Ipar Euskal Herriko erakunde armatu abertzaleekin elkarrizketan hasi zen eta atentaturik egin ez zuten presoei amnistia eman zien. Elkarrizketek Frantziaren deszentralizazioarekin lotura zuten. Gobernuak Ipar Euskal Herriko ikastolekin hitzarmenak egin zituen. Hala ere, ez zen euskal departamendu edo erakunde autonomorik egon, tokiko politikariak aurka zeudelako eta gobernuan aldaketa egon zelako, elkarrizketak bertan behera utziz. 1993an autonomia defendatu zuen Ipar Euskal Herriarentzat, nahiz eta bere azken helburua Euskal Herriaren batasuna eta independentzia izan[1]. Orduantxe sortu zen Euskal Kultur Erakundea eta fase hartatik aurrera abiatu zen, baita ere, "Euskal Herria 2010" gogoeta prozesua, 1994ean Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua abian jarri zituena.

IKk ez zuen nahi Enbatak aldarrikatzen zuen euskal departamendua, autonomia nahi zuen. Euren ustez, autonomiarekin eskumen gehiago eskura zitezkeen. 1993ko Aberri Eguneko bezperan autonomia proiektua aurkeztu zuten, egituraketa eta eskumenak azalduz. Proposamen hura herritarren artean eztabaidatzeko eta osatzeko asmoz, Eraikitzen elkartea sortu zen, eta elkarte hark IKk hasieran aurkeztu proposamena osatu eta beste bat zabaldu zuen. EMAk (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea) salbu inorrek ez zuen babestu. Patxa-Oldartzen mugimendua aurka azaldu zen independentzia nahi zutelako eta EAE kritikatzen zelako. Euskal Batasunak departamendua nahiago zuen autonomia baino. IKren ere eztabaida sortu zen eta Filipe Bidart, Ttotte Etxebeste eta haien inguruko hainbat kide historikok alde egin zuten, eurek proposatutako su-etena ez zelako aurrera atera.

Garai hartatik aurrera, IKk eraso gutxiago egin zituen. 1995an lau atentatu egin ziren eta IKk egin gabeko euskal preso politikoen aldeko beste sei kale borroka eraso egon ziren. 1997an, zortzi gazte kartzelaratu zituzten kale borroka erasoekin lotura zutelakoan. Hala ere, gazte hauek ETAtik gertuago zeuden IKtik baino. IK indarra galtzen ari zen eta bere belaunaldiko jendea politikoa, gizarte-mugimenduetan eta eknomian sartu zen. 1990. hamarkadan, gainera, Ipar Euskal Herriko alderdi abertzaleen zatiketa hautsi eta Abertzaleen Batasuna eratu zuten. Aldaketa hauekin, borroka armatuak eraginkortasuna galdu zuen.

1998-2000[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998an su-etena iragarri zuen, Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren eta ETAren su-etenaren testuinguruan. 2000ko apirilean lehergai bat zartatu zuen hutsik zegoen Lekunberriko (Baxe Nafarroa) jendarme etxean, su-etenari amaiera emanez, egun batzuk geroago Arrangoitzeko turismo gune batean eztanda egin ez zuen beste lehergailu bat jarri zuelarik. Harrez geroztik ez du ekintzarik burutu. IKren sortzaile eta agintari nagusi bezala Filipe Bidart jo izan da, poliziak atxilotua 1988ko otsailaren 20an Bokaleko erorketan. 2007ko otsailaren 14an irten zen espetxetik, Euskal Herrira itzultzeko behin-behineko debekuarekin. Gaur egun ez dago IK-ko preso gehiagorik.

Erasoen kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973-12-11: IKren lehen erasoa Bankan (Baxe Nafarroa).

1977 amaiera: Xan ​​Marguirault IKko kidea atxilotu zuten. IKren lehen kide atxilotua izan zen. Ondorioz, presoaren babeserako batzordeak eratu ziren. 1978 abuztuan aske utzi zuten. "Xan Komiteak" taldeen bidez, Ipar Euskal Herrian abertzaleak antolatu egin ziren.

1978-03-20: IKko bi kide hil ziren zeramaten lehergailuak eztanda eginda. Hemendik aurrera, IKk ekintzak indartu egin zituen.

1978-03-26: IKren sei lehergailuk eztanda egin zuten.

1981 apirila: IKk beste bi eraso beregain hartu zituen: Baionako lan-agentzia baten aurkakoa eta Maule-Lextarren industria-gizon baten helikopteroaren aurkakoa.

1981-05-01: IKk Hendaiako bi lan-agentzia erasotu zituen.

1981 abendua: IKko kidea zen Xabier Manterola atxilotu zuten. Saint-Paul-lès-Daxeko aurrezki kutxa batea arma bidez lapurreta egitea egotzi zitzaion.

Borrokan hildako IK-ko kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) IKren autonomia aurreproiektua. Iparretarrak (Noiz kontsultatua: 2011-01-18).
  • BIDEGAIN, Eneko. Iparretarrak: erakunde politiko armatu baten historia. Gatuzain, 2007.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]