Edukira joan

Ingurumen legeriaren gailentasuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Levikha herriko (Sverdlovsk eskualdea, Errusia) meatzaritzak eragindako ingurumen hondamendiaren airetiko ikuspegia (2018).

Ingurumen legeriaren gailentasuna (ingelesez Environmental Rule of Law) kontzeptu abstraktu bat da, alegiazkoa edo ia utopikoa, esan nahi baitu zuzenbide estatu batean politika sozial, ekonomiko eta juridikoak bide ematen diotela iraunkortasun egoera bati, harmonia batean bateragarri izan daitezen baliabide naturalen esplotazioa, giza duintasunaren errespetua eta ingurumenaren zaintza.

Definizioa eta ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen Erakundearen arabera,ingurumen legeriaren gailentasuna funtsezkoa da garapen jasangarrirako. Izan ere, ingurumena babesteko beharrak guztiz integratzen ditu zuzenbide estatuaren funtsezko elementuekin, eta, horrela, ingurumen gobernantza hobetzeko oinarria ematen du. Ingurumen jasangarritasuna ikuspegi zehatz batez nabarmentzen du, hau da, oinarrizko eskubideekin eta betebeharrekin lotuta. Balio moral unibertsalak eta portaera arau etikoak islatzen dituen heinean, ingurumen eskubide eta betebeharretarako oinarria ematen du. Ingurumen eremuko legezko eskubide eta betebeharren aplikaziorik gabe, ingurumenaren gobernantza nahierakoa izan daiteke, hau da, arau gabea, subjektiboa eta iragarrezina.[1]

Ingurumen legeriaren gailentasuna kontzeptu garrantzitsu bat da Nazio Batuen Erakundearen ingurumen programan: pertsona, erakunde eta entitate publiko nahiz pribatu guztiak, Estatua bera barne, onartuta dauden legeen erantzule dira, berdintasun printzipioaren arabera aplikatu behar dituzte eta koherenteak izan behar dira nazioarteko giza eskubide eta arauekin.

2013an, NBEk 27/9 Erabakia eman zuen, justizia, gobernantza eta legeak aitzinarazteko ingurumen jasangarritasunaren alde.[2]

Deforestazioaren efektu ikusezinak: ondorio biofisikoak kliman (2022).

2017an, erabaki horretan oinarri hartuta, Frantziako gobernuak bultzaturik, tresna bat jarri zuen abian, Ingurumenaren aldeko Munduko Ituna izenekoa, munduak aurrera egin zezan juridikoki loteslea den nazioarteko tresna bat hartzeko bidean.[3] Baita ere, 2017ko irailean, Ameriketako Estatuen Erakundeak biltzar bat egin zuen Txilen, ingurumen legeriaren gailentasunaz.[4]

2018an, Nazio Batuen idazkari nagusiak Gaps in international environmental law and environment-related instruments: towards a global pact for the environment (Nazioarteko ingurumen zuzenbideko hutsuneak eta ingurumenarekin lotutako tresnak: ingurumenerako munduko itun baterantz) txostena eman zuen, bost printzipiotan oinarrituta:[5]

  1. Nazioarteko ingurumen legerian ez dago lege esparru bateraturik, orokorki aplikatu beharreko arau eta printzipioez, nahiz eta printzipio horiek lagundu dezaketen nazioarteko ingurumen zuzenbidearen gaur egungo ikuspegia, ikuspegi sektoriala, bateratzen eta nazioarteko itunetan ezarritako arauetako hutsuneak betetzen.
  2. Nazioarteko ingurumen legeria zatikatua eta erreaktiboa da. Arau esparru sektorialen multzo zabal baten arteko zatiketa eta koherentzia edo sinergia gabezia orokorra ditu ezaugarri.
  3. Ingurumenari buruzko alde anitzeko akordioen eta ingurumenarekin lotutako tresnen arteko artikulazioa arazo ugari dago, ingurumenari buruzko printzipio askoren argitasun falta dela eta, edukiari eta egoerari dagokienez.
  4. Nazioarteko ingurumen gobernantzaren egitura zamatzen dute erakundeen zatiketak eta aktoreen heterogeneotasunak, eta koherentzia edo koordinazio hutsune garrantzitsuak ditu.
  5. Nazioarteko ingurumen legeria aplikatzea erronka bat da, bai estatuetan, bai nazioarteko esparruan. Aplikazio nazionala mugatua da herrialde askotan, ez baitago legeria nazional egokirik, finantza baliabiderik, ekologikoki arrazoizkoak diren teknologiarik eta gaitasun instituzionalik. Nazioartean, ingurumen printzipio askoren argitasunik ezak mugatzen du aplikazioa.

2019an, Nazio Batuen Erakundeak lehen txostena eman zuen, ingurumen legeriaren gailentasunak munduan zeukan egoeraz.[6] Txostenaren arabera, 1972az geroztik munduan ingurumen legeak onartuta dauden arren, lege horiek ez aplikatzea eta ez betetzea da klima aldaketa arintzeko, kutsadura murrizteko eta espezie eta habitaten galera orokorrari aurrea hartzeko erronka handienetako bat. David Boyd Giza Eskubideei eta Ingurumenari buruzko Nazio Batuen Kontalari Bereziak hau esan zuen: «txosten sendo honek misterio bat argitzen du: zergatik irauten duten kutsadurak, biodibertsitatearen murrizpenak eta klima aldaketak, azken hamarkadetan ingurumen legeak ugaritu arren. Ingurumen legeriaren gailentasuna indartu ezean, itxuraz zorrotzak diren arauak ere porrotera bideratuta daude, eta hutsean geldituko da ingurumen osasuntsu baterako funtsezko giza eskubidea».[6]

Garapena eta ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurumen legeriaren gailentasuna indartzeak eskatzen du, alde batetik, mundu osoan onartutako dauden ingurumen legeen arauak gehiago zehaztea; eta, bestetik, haien aplikazioaren fiskalizazioa askoz gehiago zorroztea, bereziki Estatuek esku gehiago hartuta enpresen jardueretan. Boaventura de Sousa Santos adituaren esanetan, ingurumen legeriaren gailentasuna «utopia demokratiko» bat da, eragin nahi duen aldaketak halabeharrez eskatzen baitu errealitatearen birpolitizazio bat eta herritarren partaidetza erradikal bat, «Naturaren giza eskubideen gutuna» ezarri arte.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) UN Environment Programme. (2023-04-19). Environmental Rule of Law | UNEP. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  2. (Ingelesez) United Nations Environment Programme. (2013). Advancing Justice, Governance and Law for Environmental Sustainability. .
  3. (Ingelesez) Global Pact for the Environment. web.archive.org 2023-02-09 (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  4. (Gaztelaniaz) «OEA :: La Casa Común :: II Congreso Interamericano sobre el Estado de Derecho Ambiental» web.archive.org 2021-12-05 (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  5. (Ingelesez) Secretary-General of the United Nations. (2018-11-30). Gaps in international environmental law and environment-related instruments: towards a global pact for the environment. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  6. a b (Ingelesez) UN Environment Programme. (2019). Environmental Rule of Law: First Global Report. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  7. (Portugesez) SciELO - Brazil - Entrevista com Boaventura de Sousa Santos para ANPEd/Brasil Entrevista com Boaventura de Sousa Santos para ANPEd/Brasil. web.archive.org 2019 (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]