Ioi-sorta artzain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ioi-sorta artzainaren funtzionamendua erakusten duen irudia.

Ioi-sorta artzaina (ISA) espazioko gorputz bat, artifizial edo naturala, desbideratzeko balia daitekeen metodo bat da. Metodo hau, gorputza desbideratzeko, kuasi-neutrala den plasma sorta bat sortzean oinarritzen da, zeinak gorputz arrotzaren gainazalaren aurka talka egitean, nahi den lekura bultzatzeko aukera ematen duen. Normalean ioi eta plasma bultzagailuak espazio ontziak propultsatzeko baliatzen dira, baina plasma kolimatu edo ioi sorta bat sortzeko eta gero hura nahi den tokira zuzentzeko erabil daitezke. Metodo honek sorta hori "artzain" espazio ontzi batean sortzea proposatzen du, zeina sorta aplikatu nahi den gorputzetik hurbil egongo litzatekeen, fisikoki eutsita egon gabe. Baliteke metodo honek etorkizunean zeresan handia izatea, adibidez, espazioko hondakinak deuseztatzen, Lurretik gertuko objektuak desbideratzen eta orokorrean, espazioko garraioa sustatzen lagun liezagukeelako. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa (UPM) kontzeptu hau garatzen dabil, ESAko Kontzeptu Aurreratuen Taldearekin batera, kontrol eredu tekniko eta numerikoak sortzen eta probatzen ari baita.[1] Gainera, kontzeptu hau JAXA eta CNES erakundeek ere proposatu dute, era independentean.

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helmuga gorputzari igortzen zaion indarrak plasma ioiek (gehienetan xenona) sortzen duten bultzadan du jatorria; ioi hauek plasma edo ioi bultzagailu batek azeleratzen ditu, hamarka batzuetako metro segundoko abiadurak eskuratu arte. Helmugara iristen diren ioiek bertako lurrazala osatzen duten partikulen aurka talka nuklearra egin eta energia galtzen dute. Helmuga gorputzaren eta espazio ontzi artzainaren arteko distantzia konstante mantendu dadin, espazio ontziak bigarren propultsio sistema bat eraman behar du (adibidez, beste plasma bultzagailu bat), horrela, helmuga gorputzari ioi-sorta igortzean sortutako indarra berdindu ahal izateko.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzeptu hau, zenbaiten ustetan, baliagarria izan daiteke espazioko hondakin txikiak deuseztatu edo desbideratzeko.[2][3][4][5] Horretaz gain, Lurretik gertuko objektu arriskutsuak, Objektu Bereziki Arriskutsuak, desbideratzeko tresna eraginkorra ere izan daiteke.[6] Etorkizunean, baliteke kontzeptu honek garrantzia handia eskuratzea espazioko mugikortasunean, garraioan, egitura espazial handien eraikuntzan eta asteroide txikien orbitak aldatzeko sistemetan.

Kontrola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ioi eta plasma bultzagailuek askatutako sortaren dibergentzia-angeluak, normalean 10 gradu baino handiagoa, ezinbesteko egiten du artzain ontzia helmuga gorputzetik distantzia laburrera orbitatzen egotea (gorputz horren diametro batzuetara), bestela sortak ez lukeelako beharrezko eragina egingo. Kontzeptu honek oraindik badu zer landu, izan ere, ez dira argitu ontziaren gidaritza eta orientazioari eta nahigabeko talkak saihesteari buruzko zenbait zailtasun.[7] Hau da, ontzi egonkor eta gidatzeko malguak behar dira kontzeptu hau abian jartzeko, oraindik ere eskura ez ditugunak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. C. Bombardelli eta J. Peláez, "Sistema de modificación de la posición y actitud de cuerpos en órbita por medio de satélites guía", Patentearen zenbakia: P201030354. Espainiako Patenteen Bulegoan 2010eko martxoaren 11an aurkeztua. PCT Patent Application PCT/ES2011/00001.
  2. (Ingelesez) «Ion Beam Shepherd for Contactless Space Debris Removal» Engineering Notes 2011 (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).
  3. S. Kitamura «Large Space Debris Reorbiter using Ion Beam Irradiation », 61. Nazioarteko Astronomia Kongresua, Praga, Txekiar Errepublika, Paper IAC-10.A6.4.8, 2010eko iraila.
  4. C. Bonnal, J.M. Ruault, P. Bultel, and M.C. Desjean, «High Level Requirements for an Operational Space Debris Deorbiter», 61. Nazioarteko Astronautika Kongresua, Praga, Txekiar Errepublika. Paper IAC-10.A6.4.5, 2010eko iraila.
  5. (Ingelesez) Aslanov, Vladimir S.; Ledkov, Alexander S.. (2017). «Attitude Motion of Cylindrical Space Debris during Its Removal by Ion Beam» Mathematical Problems in Engineering (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).
  6. (Ingelesez) «Ion Beam Shepherd for Asteroid Deflection» Engineering Notes 2011 (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).
  7. Alpatov, A.; Khoroshylov, S.; Bombardelli, C.. (2018-10). «Relative control of an ion beam shepherd satellite using the impulse compensation thruster» Acta Astronautica 151: 543–554. doi:10.1016/j.actaastro.2018.06.056. ISSN 0094-5765. (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]