Troiar (astronomia)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau troiar izeneko asteroideei buruzkoa da, beste esanahietarako ikus: Troiatar (argipena)

Jupiterren troiarren kokapena, bertan, asteroide gerrikoa ere erakusten da.

Troiarrak edo troiatarrak astronomian, orbita planeta batekin partekatzen duten asteroideak dira, betiere, L4 eta L5 izeneko Lagrangeren puntu egonkorren inguruan. Puntu hauek planetaren orbitatik 60° aurrera eta 60° atzera kokatuta daude. Troiarrak puntu hauen inguruko bi gune luzanga eta kurbatuetan banaturik daude, Jupiterren kasuan, 5,2 UAko ardatzerdi handi bat dutela. Gure Lur planetak ere badu troiar bat bere inguruan, Eguzkiari bira emateko bidean berarekin batera joaten baita. Asteroide honek 300 metroko diametroa du eta 2010 TK7 izenarekin ezagutzen da.

Normalean termino hau Jupiterren troiarrei buruz hitz egiteko erabiltzen dugu, egia esan, gehiengoa mota honetakoak dira, baina hala ere, ezin dugu ahaztu Marte eta Neptunoren orbitetan ere aurkitu direla zenbait. 2010ko apirilean, 4000 troiarretik gora ezagutzen ziren, harrigarria badirudi ere, 10 izan ezik, denak Jupiterrenak ziren.

Lehenengo troiarra Max Wolf astronomoak aurkitu zuen 1906an, 588 Achilles izena jarri zitzaion. Gorputz haueri troiar deitzearen arrazoia beraien izenean dago, izan ere, mota honetako gorputz bakoitzak Troiako Gerrako forma mitologiko baten izena jaso zuen. Uste da, kilometro bat baino handiagoak diren Jupiterren troiarren kopuruak milioi bateko zifra gainditzen duela, aipatzekoa da, asteroide gerrikoan dauden gorputzen kopurua ere antzekoa dela. Asteroide gerrikoko gorputzek bezala, troiarrek ere asteroide-familiak osatzen dituzte.

Troiarrak gorputz ilun batzuk dira, beraien igorpen espektroa apur bat gorrizta dute eta bertan ez da inolako berezitasunik agertzen. Gaur egun, ez da froga sendorik aurkeztu gorputz hauek beren barnean ura edo material organikoa eduki dezaketela egiaztatzeko. Gorputz hauen dentsitatea 0,8 eta 2,5g/cm³ artekoa da. Gaur egun, gorputz hauen sorrerari buruzko hipotesi nagusiak azpimarratzen du, eguzki-sistemaren sorreraren hasierako uneetan, zehazki, gasezko erraldoiek migratu zutenean, izan zirela harrapatuak eta orain duten kokapenean ezarriak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]