Itsasuge

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itsas suge» orritik birbideratua)
Itsasuge
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaAnguilliformes
FamiliaMuraenidae
GeneroaMuraena
Espeziea Muraena helena
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa

Itsasugea edo morena (Muraena helena) Muraenidae familiako arraina da, ekialdeko Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan bizi dena[1].

Suge itxurako arrain luzea da eta arrokatako zuloetan bizi da. Arrain lasaia da baina molestatzen bazaio haren horzkada arriskutsua izan daiteke gizakientzat.

Euskal izendegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian hainbat izen ematen zaizkio:[2]

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
aingira-mora[3] Bizkaia
itsas sugea
morena

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aingiraren antzeko gorputz luzea du, alboetan pixka bat zapaldurik dauka. 1'5 metro harten ditu eta 15 kilogramo pisatzera iristen da. Kolore gris iluna edo marroi iluna izaten du, orban hori eta beltz ugariz apaindua. Azalean ez du ezkatarik eta mukosa lodi bat duenez irristakorra da. Mukosa horrek azala babesten dio arroka gogorren artean egiten dituen ibilaldietan. Buruaren atzealdean hastez zaio hegatsak bizkar guztia zeharkatzen du isatseraino. Ez du bestelako hegatsik[4].

Buruaren diametroa gorputzarena baino txikiagoa da. Ahoa luzea eta indartsua da eta hortz luze zorrotzak ditu. Ahoa zakatzetaraino iristen zaio. Zakatzen zuloak beltzez markaturiko bi poro dira soilik[5]. Itsasugea ahoa irekita egon ohi da, ez mehatxu posturan baizik eta etengabe gorputzera ura ponpatu behar baitu[6].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ekialdean aurkitzen da Britainiar uharteetatik Senegal eta Cabo Verderaino. Kanarietan, Madeiran eta Azoreetan ere aurkitzen da. Mediterraneo guztian ere zabaldurik dago baina ez da Itsaso Beltzera iritsi[7].

5-80 metro arteko sakoneran bizi da, itsaso hondoko arrokatan aurkitzen dituen zuloetan.

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasugearen gorputz osoa.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia bakartia eta oso lurraldekoia da. Egunez zuloetan ezkutatzen da eta gauez ateratzen da arroka azpietan edo koral artean bilatuz harrapakinak ehizatzera[7]. Ez du ikusmen onik baina usaimena oso garaturik dauka[4]. Arrainak, karramarroak eta zefalopodoak atsegin ditu baina aukera suertatzen denean sarraskijalea ere bada.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da asko ezagutzen itsasugearen ugalketa modua. Ugalketa garaian kostaldetik ur zabaletara migratzen du eta 60.000 arrautza askatzen ditu ur azalean. Arrautza haietatik zooplanktona osatuko duten leptozefalo larbak jaiotzen dira. Bizpairu urte igaro ondoren 20 cm-ko luzera hartzen dute eta itsaso hondora jaitsi eta sedentario bihurtzen dira[6]. 75 cm-tajko luzera hartzen duenean sexu heldutasunera iristen da. Guztira 38 urte bizi daiteke[7].

Gizakiarekin harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia pozoitsua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasugearen horzkada arriskutsua izan daiteke.

Arrain lasaia da baina eraso eginez gero gizakiaren azalean haragi-etena egiteko gai da eta hatzak ere erauzi ditzake, izan ere baraila gihartsua baitu. Horretaz gain haren aho sapaiko mukosak jariakin hemolitiko (globulu gorriak suntsitzen dituena) pozoitsua sortzen du, zauria larriagotuz.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat kulturatako tradizioetan animalia gaizto gisa irudikatu izan da, itsasoko suge pozoitsuaren figura ikusita, beste kultura batzuek ordea gurtu izan dituzte. Erromatarrek, esate baterako, itsasertzean egiturak eraiki zituzten itsasugeak hazteko. Kondairek diote domestikatu izan zituztela eta eskura etortzen zitzaizkiela janari bila, beste kondaira batzuek diote esklaboen sakrifizioak egiten zituztela putzu haietan[4].

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da gastronomiako ohiko platera baina erreta, egosita eta labean eginda jaten da. Haragia kalitate handikoa da baina alga batzuek ekoizten duten toxina bat pilatzen du. Toxikotasuna kentzeko 75ºC-tik gora berotzen da haragia[8]. Buzoek arrantzatzen dute itsasugea, bestelako teknikak erabiliz oso zaila izaten da harrapatzea[5].

Itsasugearen azala larrugintzan erabiltzen da[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Göthel, H.. (1992). Fauna marina del Mediterráneo. Bartzelona: Ediciones Omega, S.A..
  2. «Labayru Hiztegia» Labayru Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  3. Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode1137-439X..
  4. a b c (Gaztelaniaz) «Morena común • Muraena helena • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  5. a b (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Muraena helena Linnaeus, 1758» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  6. a b (Gaztelaniaz) «Morena (Muraena helena)» www.malaga.es 2024-05-01 (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  7. a b c d «Muraena helena, Mediterranean moray : fisheries, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  8. «Morena mediterránea | Animalandia.» animalandia.educa.madrid.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]