Jaizkibel draga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jaizkibel

Jaizkibel draga Albaola Faktorian, Pasai San Pedro.
Euskal Herria
Ontziola: Euskalduna ontziola
Mota: Ontzi-draga
Agintze data: 1933
Ezaugarriak
Luzera: 60 m. m

Jaizkibel draga 1933an eraiki zen Bilboko Euskalduna ontzioletan, Pasaiako portuan dragatze-lanak egiteko. Arrosario motako ontzi-draga da, 60 metro luzekoa, eta desegin gabe geratutako Pasaiako portuko itsas ondarearen lekuko bakarretako bat da gaur egun. 1992an Eusko Jaurlaritzako Ondare Batzordeak draga ontzia Interes Kulturaleko Ondasun deklaratu zuen, eta monumentu kategoria izendatu zitzaion. Egun Pasai San Pedroko Ondartxo Ontzioletako harmailan dago.[1], Albaola Itsas Kultur Erakundearen babespean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1933an eraikia Bilboko Euskalduna ontzioletan 50 urtetan Pasaiako badian lan egin zuen. Pasiako badiak, sakonera dela eta, arazo handiak izan ditu beti, sakontasunean lokatzak pilatzen baitira. Horregatik, 1929an portua handitzeko lanak ekin zizkion Espainiako administrazio. Baina hori ez zen nahikoa eta 1928tik Pasaiako Portuko Agintaritzak esaktzen ari zen draga-ontzia erostea onartu zen, 1932ko azaroaren 27an. Dragaren prezioa garaiko 2.290.000 pezetakoa izan zen.[2] 1934ko otsailaren 8an "Jaizkibel" Pasaiako badian sartzen zen. Proba desnerdinak egin ondoren, apirilean, lanerako prest zegoen. Dragaren lana lokatzak hondeatzea eta ateratzea zen, horrela portuko sakonera mantentzeko. 1955tik aurrera ere beste lan bat bete zuen draga honek: Pasaiako kaiak zimendatzeko lanetan, alegia. Horretarako dragak 12 metroko sakoneran lur erretenak egiten zituen eta ondoren harriez betetzen ziren. 1984an hondartua gelditu zen eta, ondoren, baztertua izan zen. 1991ko ekaina, draga-ontzia San Pedroko kaian utzita egon ondoren, Portuko Autoritateak bere ataltze iragarri zuen. Berria prentsan zabaldu zen eta orduan Donostiako Untzi Museoa gaiaz kezkatu zen. Azkenik, draga zuen garrantzi historikoa ikusita, 1992an, Interes Kulturaleko Ondasunaren izendapena jaso zuen. 2012an draga berreskuratzeko lanak burutu ziren eta, gaur egun, Albaolan ikus daiteke.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragaren branka, 2020an.

Arrosario-dragak arrosario edo eskala batez hornituta zeuden. Horrela deskribatzen da haren lana Hiru.eus webgunean:

"Askekiko kate amaigabe bat baitzeukan, hondoa induskatzen eta, aldi berean, induskatutako solidoak ateratzen zituena. Erauzitako solidoak zeharkako hodi iraulgarri batera iraultzen ziren, eta dragaren kontra jarritako gangila izenekoetan husten ziren. Askak altzairuzko kaxolak ziren, zuloak izaten zituzten urari ihes egiten uzteko eta ertzetan altzairuzko hortzak edo azkazalak jar zekizkiekeen lurra oso gogorra zenerako. Arrosarioaren mugimendua eskalaren goiko muturrean kokatuta zegoen gurpil eragile batek eragiten zuen; beheko muturrean gurpil gidatzailea arrosarioaren lanaren oinarri gisa erabiltzen zen, hau igo edo jaitsi egin baitzitekeen dragatu behar zen sakoneraren arabera. Kroska egonkortasun handiko plataforma bat zen, oinak "U" forma zuen; brankan arrosarioa jartzeko irekidura zuen, eta popan zubia eta propultsio-makinak. Draga poparen aldera ainguratzen zen, hau da, erasoa jo nahi zen aldera, eta norabide horretan luzatzen zen lanerako katea dibidieta baten bidez".[1]

Hasieran draga ikatz-galdara batez funtzionatzen zuen. Gero diesel motorra jarri zioten.

Draga-ontzia egun Albaola Itsas Kultur Faktorian ikus daiteke.

Langileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean draga lanetan 42-44 pertsonak ibiltzen ziren. Horietatik 12-14 zuzenenan dragan egiten zuen lan. Lan jardunaldia hamar ordu jarraikoa zen, astelehenetik larunbatera. Txandaka balkaltzen zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b http://www.hiru.eus/historia/draga-jaizkibel
  2. Gaceta de Madrid, 28.zk., 1933/01/28, 701 or eta 75.zk, 1933/03/16, 2032.or.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]