Jean Fouquet

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jean Fouquet
Jean Fouquet
Jean Fouquet, Burupotreta, Louvre museoa, Paris
Datu pertsonalak
Jaio 1420 inguruan
Tours (Frantzia)
Hil 1477-1481 bitartean
Tours (Frantzia)

Jean Foucquet (Tours, 1420 inguruan - Tours, 1477-1481 bitartean), frantziar margolari eta miniaturagilea izan zen. Hasierako Pizkundeko margolari handienetakoa izan zen, eta XV. mendeko Frantziako pintura berritu zuen artistetako bat. Nazioarteko gotikoaren Frantziako tradizioan hezi ondoren, estilo berria garatu zuen, gotikoaren tonalitate kromatiko biziak, Italiako Quattrocentoaren perspektiba nahiz bolumenak eta flandestar primitiboen berrikuntza naturalista integratuz. Melungo diptikoa eta Heures d'Étienne Chevalier liburuko miniaturak ditu lan ezagunenak.

Biografia eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Foucquet Toursen jaio zen, 1415-1420 aldean. Datu egiaztatu gutxi daude haren bizitzari eta heziketa artistikoari buruz, ez baitaude dokumentatuta. Parisen ikasi zuen, agidanez, eta, Limbourg anaien eskuizkribuak ezagutzen zituen, miniaturen estiloak adierazten duenez.

Fouqueten aurreneko lanetan Karlos VII.aren erretratua (1445-1450 bitartean, Louvre museoa, Paris) da famatuena. Lan horretan, nahiz eta berez oholeko margolana izan, miniaturari dagokion marra zehatza erabili zuen. Erregearen erretratuak nazioarteko fama eman zion nonbait, zeren 1447 baino lehen Eugenio IV.a aita santuaren erretratua egin baitzuen Erroman (galdua).

Italian Leon Battista Albertik ikuspuntuaz egindako ikerketak ikasi zituen, eta baita Italiako arkitektura- eta apainketa-ereduak ere, Filareterekin lan eginez. Fra Angelico ere ezagutu zuen, Foucqueten geroagoko obran eragin handia izan zuen margolaria, eta baliteke elkarrekin lan egin izana ere. Florentzian ere izan zen, seguruenik, non Toscanako margolari berritzaile handien lanak ikusi baitzituen, bai eta Mantuan ere, non Gonella bufoiaren erretratua (1445 aldean, Kunsthistorisches Museum, Viena) margotu baitzuen.

1448 eta 1450 bitartean, Toursera itzuli zen eta, orduz geroztik, sorterrian egin zuen lan, nagusiki. Bertan estilo berri bat sortu zuen, italiar margolaritzaren esperimentuak eta flandriar artearen xehetasun delikatuak bateratzen zituena. Karlos VII.arentzat aritu zen lanean. 1450-1460 artean, Etienne Chevalier errege idazkari eta altxorzainarentzat, bere lanik famatuenak egin zituen: Orduen Liburu handi bat (Heures d'Étienne Chevalier), orri osoko hirurogei miniatura inguru dituena (horietako berrogei Chantillyko jauregiko altxor preziatuenak dira); eta Melungo Andre Mariaren diptikoa (1452-1458 inguru, Gemäldegalerie, Berlin eta Arte Eder museoa, Anberes), alde batean Chevalieren erretratua duena eta bestean Andre Maria bat, Agnes Sorel erregearen maitalearen hazpegiak dituena.

Garai berekoak dira, beste lanen artean, Boccaccioren De casibus virorum illustrium («Gizon ospetsuen patuaz») eta De mulieribus claris («Emakume ospetsuez») obren frantses itzulpenen irudiak; eta Pietà erretaula handia, Nouanseko elizan aurkitua, Fouqueten margolan handi bakarra. Bere azken lanetako batean -Flavio Joseforen Juduen antzinatea delakoaren irudiak-, zabaldu egin zuen miniaturaren alorra, arkitekturako panorama zabalak eta paisaiak erantsi baitzizkion, eta aireko perspektiba eta kolorea erabili zituen lanari konposizio batasuna emateko. 1475etik aurrera, Luis XI.aren pintore ofiziala izan zen

Teknika eta konposizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gonella bufoiaren erretratua
Karlos VII.a Frantziakoaren erretratua

Jean Fouquet frantses humanismo figuratiboaren sortzailea izan zen, eta asmatu zuen uztartzen Pizkundeko espazioaren trataera -1474 eta 1477 artean zenbait bidaia egin zuen Italiara, eta han ikasi zuen trataera berria-, Parisko eskolako antzinako miniatura egileen fintasun plastikoarekin.

Aldez aurretik pentsatzen zuen margolanen diseinua, xehetasun guztiak kontuan hartuz. Ongi baino hobeto zekizkien ikuslearen arreta erakartzeko alderdi teknikoak: zirkuluetan, urrezko zenbakian eta poligono erregularretan oinarritzen zuen konposizioa.

Zirkuluei dagokienez, esaterako, ikus ditzagun bi adibide. Gonella bufoiaren erretratua-n bi zirkulu bereizten dira: zirkulu handian, aurpegia, gorputz-enborra eta eskuak sartzen dira; zirkulu txikian, berriz, aurpegia eta txapela. Bigarrenik, Karlos VII.a Frantziakoa irudikatzen duen pinturan, eskuak, besoak eta gortinak biltzen ditu zirkulu handiak, aurpegia, lepo-estalkia eta txapela, aldiz, zirkulu txikiak.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Fouquet Aldatu lotura Wikidatan