Jose Mari Madariaga Zugadi
Jose Mari Madariaga Zugadi | |||||
---|---|---|---|---|---|
1978 - 1987
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Getxo, 1937ko maiatzaren 20a | ||||
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria | ||||
Bizilekua | Areatza Bakio | ||||
Heriotza | Areatza, 2014ko maiatzaren 31 (77 urte) | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | apaizgaitegi | ||||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | apaiza, politikaria, aktibista eta eragilea |
Jose Mari Madariaga Zugadi (Getxo, 1937ko maiatzaren 20a – Areatza, 2014ko maiatzaren 31) Frankismoaren jazarpena gogor bizitutakoa bere konpromiso politiko ezkertiarra eta abertzaleagatik. 1960ko hamarkadaren amaieran Zamorako konkordato espetxean egondako euskal apaiz historikoetako bat izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiko gerra zibila altxatu zelako jaio zen Jose Mari Getxon, baina familia Areatzan bizi zen. Enkarna eta Tomas izan ziren bere gurasoak eta Beatriz eta Kontxi arrebak. Langile familia bateko semea zen. Amak bizitza osoa pasa zuen tabernan lanean, jatetxe eta ostatua ere bazena. Aitak Galdakaoko “Dinamita” lantegian egiten zuen lan eta lanaldia bukatu ondoren, tabernako lanei eutsi behar izaten zion, familiari laguntzeko.
Herriko mojen eskolan eskolatu zen eta 12 urterekin, 1. batxilergoa eginda Saturrarango apaizetxean sartu zen apaiz ikasketak egiteko.
Hamahiru urte eman zituen apaizgai eta Saturraran, Artea (Castillo Elejabeitia orduan) eta Derion ikasi ondoren, 1962ko ekainaren 24ean apaiz ordenatu zen. Meza berria, Areatzako San Bartolome parrokian eman zuen uztailaren 1ean eta segidan bidali zuten Bakiora apaiz lanak egitera.[1]
Bakioko bizitza militantea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1962ean iritsi zen Bakiora. Berehala jabetuko zen herriko hezkuntza, kultura, aisialdian eta lanbidean zegoen egoera eskasez eta hor ekin zion bizitza guztian izango zuen sena militanteari. Herri-bizitzako arlo guztietan txertatu zuen bere konpromiso politiko ezkertiarra eta abertzalea. Politikatik nahiz Elizako instituzioen barrutik eragin zuen. Zinegotzi ere izan zen hiru txandetan, beti ezkerreko hautagai-zerrendei lotuta.
Esparru aunitzetan eragin zuen. Hezkuntza munduan gabezia ugari zegoen Bakion. Esaterako, ez zegoen modurik lehen hezkuntzako ikasketetatik aparte ezer gehiago egiteko. Guraso eta irakasle batzuen laguntzaz batxillergoa egiteko akademia bat sortu zuen. Ez zegoenez homologatuta ikasleak Bilboko ikasketa ertainetako institutora joan behar izaten zuten azterketak egitera ekainean eta irailean. Magisteritza ikasketak ere horrelaxe egin zituzten hainbat emakumek.[1]
70eko hamarkadaren bukaerako kontzentrazio famatuak zirela medio, Herrian zegoen eskola “nazionala” ixteko arriskuan zegoen. Bakioko umeak Mungiako eskola erraldoira joateko derrigortuta zeuden. Hain izan zen handia ekimena eta borroka, 13 umeren guraso eta herritarrekin bateginez lortu zutela eskola herrian mantentzea bere irakasle ofizialarekin. Madari eragile izan zen guraso eta herritar askoren laguntzarekin. Agintariei aurre egin behar eta traba askoren ondorengo fruitua izan zen. Handik gutxira eskola berrien beharrizana nabarmena zen herrian eta udalean zinegotzi zela lortu zen hori ere, 1986an eskola berria inauguratu zen. Eskola euskalduna, eta urteak pasata 200 ikasle baino gehiago izatera iritsi dena.
Euskal kulturan euskarak duen garrantzia beste indargune bat izan zen berarentzat. Hasieran materietan sartzerik ez zegoenez, han-hemenka hainbat kinada eta joko izan ziren medio, geroago udako edo gaueko eskoletan jarraipena izan zutelarik.
Kultura eta aisialdia bat zetozen orduko denboretan. Gaztelugatxe dantza taldea, zinema emanaldiak, jai prestaketak, antzerkiak, ibilaldiak, irteerak antolatzen ziren, 1979an eskoletan D ereduaren aurrerapena ezarri arte.
Hezkuntza eta kultura ardatz izan baziren ere, herrian lanpostuak sortzea izan zuen beste helburuetako bat. Hartu-eman hestua zuen herriko baserrritarrekin eta eurekin elkartuz hainbat ekintza bideratu zuen, esne- prezioaren aurkako grebak esanguratsuak izan ziren batik bat jendea elkartzeko. Oso garrantzitsua izan zen oilategien kooperatiba bat sortzea hainbat herritar inplikatuz eta hainbat lanpostu sortuz. Garai horretakoa izan zen, baita ere, herriko urbanizazio basatiaren aurka burutu ziren hainbat ekintza.
Laurogeiko hamarkadan herrian burututako beste ekintza aipagarria “Andiño” auzo elkartea sortzen laguntzea izan zen. Elkarte horren zeregina anitza eta esanguratsua izan zen, ez bakarrik eskolei, euskarari edota aisialdiari eusteko, baizik eta borroka-frontea eraikitzeko ere bai, kontrabotere modura.
Euskal preso politikoen familiekin gidaritza lana egin zuen hainbat urtetan.
Frankismoaren jazarpena.
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jose Marik frankismoaren jazarpena biziki sufritu zuen. Arlo soziala nahiz politikoagatik begiratuta oso pertsegitua izan zen, bai bera eta baita bere inguruko jendea, atxiloketak, torturak eta kartzela sufrituz.
Apaiza zen aldetik ere gauza bera. Eskualdeko beste apaiz aurrerakoiekin elkartzen zen, bertan beste fronte bat sortuz hainbat injustiziri aurre egiteko. Ezagunak izan ziren Derioko eta gotzaindegiko itxialdiak edota Espainiako jazarpen edo inposaketen aurkako sermoiak, esaterako.
Francoren diktadurapean Euskal Herriak pairatzen zuen muturreko egoera salatu zuten 339 euskal apaizetako bat izan zen.Testua Espainiako gotzainei, Nuntzioari eta Vatikanoko Estatu Idazkaritzari bidali zitzaien, baita nazioarteko prentsari ere. Ekintza horregatik 1969ko apirilaren 25ean atxilotu zuten Zamorako espetxean.[1]
1972an kartzelatik atera ondoren eta ofizialki inoiz sekularizatu ez bazen ere, apaiz izateari utzi eta laiko modura jarraitu zuen bere militantzia.
Biktima-izaeraren aitortza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zendu eta 7 urtera etorri zitzaion pairatutako sufrimenduen errekonozimendua eta 2021eko ekainaren 9an jaso zuen biktima-izaeraren aitortza, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearen onarpenez.
Onartutako balorazio-batzordearen irizpidean jasota geratu zen Jose Mari bost aldiz atxilotua izan zela 1968 eta 1983 urteren tartean eta tortura eta tratu txarrak jaso zituela estatuko segurtasun-indarren eskutik. Jasota geratu zen, baita ere, bi aldiz izan zela kartzelatua, bitan Zamorako apaiz-kartzelan eta agintari judizialen aurrean salaketarik aurkeztu ez arren, jendaurrean eta Bakioko Udalaren aurrean egin zuela gertatutakoen salaketa publikoa. Salaketa 1983ko azaroaren 3ko osoko bilkurako aktan jasoa geratu zen.
Eusko Jaurlaritzak 1978 eta 1999 urteen artean poliziaren indarkeriaren biktima izan ziren 35 pertsona omendu zituen, tartean Jose Mari Madariaga.[2][3]
Omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bakioko herrian omenaldia jaso zuen 2012-05-27an. Zamorako espetxeko lagunek kinatuta antolatu zuen ekitaldia herriko talde batek. Berau udaletxe aurrean burutu zen eta emanaldi desberdinen artean, “Zamorako apaiz-kartzela. Eliza eta Estatuaren presondegia (1968-1976)” liburua aurkeztu zen.[1]
- Heriotz-agurrak. Urte luzez igaro zuen gaixo eta 77 urte zituela hil zen.[4] Bi herritan jaso zituen heriotz-agurrak; Bakion, bere herrian eta Areatzan, bere jaioterrian. Xabier Amurizak osatutako bertsoetako batek honela zioen:
“Agur, Madari, bizitzan indar nekaezin bat izana! Geroak hortxe biziko zaitu aztertzean iragana.”
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Gorriti, I.. (2014-07-02). «José María Madariaga Zugadi, uno de aquellos curas vascos de la cárcel de Zamora» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-01-10).
- ↑ «Artolazabal, poliziaren biktimei: "Lehen mailako biktimak zarete"» EITB 2021-06-26 (Noiz kontsultatua: 2024-01-10).
- ↑ (Ingelesez) «Diario Noticias de Álava 20210625» calameo.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-10).
- ↑ «MADARIAGA ZUGADI,JOSE MARI | Esquela Necrológica | El Correo» esquelas.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-10).