Tortura Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


Euskal Herriko ingurugiro gatazkatsuaren barnean, tortura kasuak ugariak izan dira, dela Francoren diktaduraren garaian, dela trantsizio garaiaz geroztik. Euskal Memoria Fundazioak hainbat garaitako 4.716 tortura testigantza dokumentatu ditu, torturaren «iraunkortasunaren eta zigorgabetasunaren» erakusgarri.[1]

EHUk Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketa batek 4.113 kasu ikertu zituen, Espainiako Poliziaren 1.792, Guardia Zibilaren 1.785, eta Ertzaintzaren 336[2]. Paco Etxeberriak aurkeztu zuen txostenean, ehunekotan, frankismoaren garaiko torturak %26a dira eta %74a Franco hil eta gerokoak[3].

Euskal Memoria fundazioak aldiz, azken 50 urteetako 9.600 tortura kasu baino gehiago jaso zituen Oso latza izan da liburuan. Euskal Herriko gatazkaren errealitatea islatzen duen lana dela azaldu zuen fundazioak. Biltzen diren tortura kasu gehienak azaleratu gabekoak izan zirela esan zuten eta dokumentatu gabe zeuden salaketak sartu zituzten[4].

Torturak gehienak Euskal gatazkarekin dute harremana, nagusiki Hego Euskal Herrian eman dira eta gehienbat polizia espainiarrek egin dute.

Agian, euskaldunen artean torturarekin lotura gehien duten lekuak, Gipuzkoan Intxaurrondoko koartela eta Bizkaian La Salveko koartelak dira nahiz eta askoz leku gehiagotan jaso[5].

Frankismo garaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, orokorrean onartu egiten da Francoren diktadurapean tortura latzak egon zirela[6]. Frankista epaiturik ez badira egon, Frankismoko krimenen aurkako kereila ezberdinak daude, Argentinan besteak beste[7]

1977ko Espainiako Amnistia Legearen ondorioz, torturak barkatuak eta "ahaztuak" izan ziren Espainiako legediarentzat.

Frankismoa eta gero[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadan, euskal gizartean oihartzun handia izan zuten tortura kasu andana gertatu zen, ETAren eta Komando Autonomoetako kideen edo ustezko kideen aurka, besteak beste. Mikel Zabaltza gazte orbaiztarraren kasua ezaguna izan zen, Guardia Zibilak atxilotu ondoren, hilda agertu baitzen Bidasoa ibaian, eskuak eskuburdinez lotuta zituela. Polizien arabera ihes egin bazuen ere, aurrerago torturaren ondorioz hil zutela jakin zen, Zabaltzak biriketan zuen ura zela eta, besteren artean.[8][9][10]

1981eko otsailaren 13an Joxe Arregi Izagirre etakidea hil zen Madrilgo (Espainia) ospitale batean, egin zizkioten torturen ondorioz.[11] Hiltzear zegoela, Oso latza izan da esaldi ezaguna esan zien gela berean zeuden PCE (r)-ko bi kideri. Haren omenez, torturaren aurkako Euskal Herriko kolektibo batzuek Torturaren aurkako eguntzat dute otsailaren 13a.[12]

1980ko hamarkadatik aurrera, ETAri aurre egiteko asmoa azalduz, atxilotuen inkomunikazioa ahalbidetzen duen legea dago indarrean Espainian, Lege antiterrorista gisa ezagutzen dena. Horren arabera, "terrorismo" gaiekin lotutako atxilotuak bost egunez egon daitezke poliziaren eskuetan, epailearen aurretik pasa arte.[13] Lege hori nazioarteko hainbat erakundek salatu dute hainbatetan, "tortura errazten duelako".[14][15] Inkomunikazio egoera hori egun gehiagotara luza dezake epaileak, espetxean modu horretara egoteko. Lege hori, ETAko ustezko kide edo laguntzaileez gain, Dena da ETAko kideei (Euskaldunon Egunkariko langileei, esaterako) ezarri zaie Euskal Herrian.

1990eko eta 2000ko hamarkadan ere tortura kasuak izan ziren, batzuk besteak baino ezagunagoak. Ospetsuenen artean, Unai Romano gasteiztarraren kasua dago.[16] Hedabideetan Romanoren aurpegia erabat ubeldua erakusten zuten argazki batzuk erakutsi ziren. Epaitegiek, beste batzuetan gertatu bezala, salaketa atzera bota zuten eta Romanoren aurka ekin zuten. Martxelo Otamendi Berriako zuzendariaren kasua ere aipagarria da.[17] Kasu horretan, Otamendi inkomunikazio egoeratik atera berria zegoela, ETBko kameren aurrean salatu zuen Goardia Zibilak torturatu zuela. Espainiako estatuak bere tortura salaketa ikertzen ez zuela-eta, Otamendik Europako Giza Eskubideen epaitegira jo zuen.[18]

Torturaren Aurkako Taldeak bildutako datuen arabera, 733 euskal herritar torturatu zituzten 2000. urtetik 2012ra bitartean.[19] 2010eko abenduan lau guardia zibil 4 urtera arteko espetxe zigorrera zigortu zituen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2008an Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik.[20] Torturen ondorioz, Igor Portuk 27 egun eman zituen Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean.[21]

2012ko otsailaz geroztik (ETAk ekintza armatuak behin betiko utzi eta hilabete gutxira), tortura salaketarik ez du jaso Torturaren Aurkako Taldeak (TAT). Aurrerakada historikoa den arren, inkomunikazioa oraindik indarrean denez, tortura amaitutzat ezin dela jo adierazi zuen TATek.[19]

2014ko abenduaren 9an, Herria 2000 Elizak, Euskal Herriko Apaizen Koordinadorak eta Kristau Elkarte Herritarrak bilkura egin zuten Gasteizen Euskal Elizari, eta gotzainei, tortura gaitzesteko eskatzeko[22].

Guardia zibilen umeak eta tortura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torturak batzuetan koarteletan zirenez, polizien umeak ere ikusten zuten hau. Ion Arretxerentzat humiliagarriena izan zena umeen ostikadak eta isekak izan ziren.

« Eraikin batetik bestera eraman nindutenean ume batzuk zeuden, guardia zibilen semeak, kalean jolasten. Guardia batek deitu eta esan zienː "eh, etorri, hemen zuen aita hil nahi duen etarra bat dago". Umeak etorri eta ostikadak eman zizkidaten "gaiztoa, gaiztoa" esaten zidaten bitartean[23]. »
Ion Arretxe, 2015

Tortura isilaraztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako justizia sistema hainbatetan saiatu da tortura salaketak isilarazten, tortura salatzen zutenak epaitegian salatuz edota tortura deitoratzen zuten buruzagi politikoen aurka eginez. Esaterako, Arnaldo Otegik, 2003an Espainiako erregea "torturatzaileen buruzagia" zela salatzeagatik, urtebeteko espetxe zigorra jaso zuen; baina, 2011n, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Espainia zigortu zuen, Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik.[24]

Tortura hitzaren tabua Espainiar alderdientzat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franco hil eta gero, kontuan hartu behar da ez zela poliziaren eta funtzionarioen aldaketa bat egon. Hau da, askotan titulo edo izendapenak aldatu ziren baina Francoren garaiko polizia eta buruzagi militar berberak egon ziren bai Espainiako trantzizio garaian baita ere hurrengo urteetan[25]. Hori ondo azaltzen du Manuel Vázquez Montalban 1984ean egindako azalpenetan. Bere kidea zen Rodolfo Martín Villa, 1978ko Sanferminetako sarraskia zuritzeko hauxe ere esan zuenː "Gurea akatsak izango dira, besteena krimenak".

Torturen tabuarekin lotuta, 2012an, El País egunkariak, tortura ia-ia ez zeudela eta salaketak, ETAren aldeko propaganda zela adierazi zuen[26].

Honekin eta beherago dauden esaldiekin esan behar da Espainiako gobernariak "tortura" hitzak nekez erabili (eta egon dela aitortu) dutela. Are gehiago, torturatuak izan direnak epaiketa jaso dute gezurretan zeudela esanez.

Nahiz eta tortura bolo-bolo erabili Euskal Herrian, Espainia mailan ez da inoiz erabilia izan.

2018ko abuztuan Espainiako Alderdi Popularraren buruak, zera esan zuenː "Espainian ez dira polizia gehiegikeriak egon baizik eta ETAk eraildako polizia eta guardia zibil asko."[27]

Hala eta guztiz, goardia zibil gutxi batzuk torturak egon zirela onartu dute[28] baina ez dira ez zigortuak izan ez eta epaituak izan. Manuel Pastrana Guardia zibil erretiratuaren esanetan, ETAri aurre egiteko bide legezkoak eta legez kontrakoak erabili zituen estatuak. "Niretzat, ez dago ezberdintasunik; kontua ETArekin bukatzea zen, eta lortu genuen"

« Atxilotu bat ez duzu kafe bat hartzera gonbidatuko. (Informazioa) Ahal bezala atera behar zaio. ETAren kontrako guda gogorra izan zen, odoltsua, eta sarri askotan, baita zikina ere.

(Kazetaria) -Torturaz ari zara?

-Bai, jakina.

»
Manuel Pastrana, Goardia zibil ohia, 2018

Inpunitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Hego Euskal Herriko tortura kasuak oso desberdinak dira Espainiako Estatuko beste kasuekin alderatuz gero”. Hori adierazi dio Pau Perezek, Espainiako Torturaren Prebentziorako Mekanismo Nazionaleko aholkulariak, Publico egunkariari. “Euskal Herrian praktikatzen den tortura entrenatua da, hotza. Atxilotua nahasten, iraintzen eta lotsarazten dute bertan”. Eraso fisikoetatik harago doan jazarpena nabarmendu du Perezek.

Espainiako Auzitegi Goreneko Joaquin Jimenez epailearen ustetan, terrorismoa leporatzen den kasuetan ere torturak zigorgabeak ez direla erakutsi du Espainiar Justiziak. Beste askoren artean, ordea, auzitan dago oraindik Unai Romanoren kasua. Artxibatu egin zuen Espainiak Romanok atxilo-aldian jasandako torturengatik jarritako salaketa eta orain, Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen Auzitegia ari da kasua ikertzen[29].

Tortura salatzeagatik epaituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torturatuak salatu dutenak sarritan epaituak izan dira. Hori gertatu zitzaien besteak beste Euskaldunon Egunkariaren itxieran salaketa aurkeztu zutenei[30] baina batzuetan baita ere beraien alde jarri zirenei. Batzuetan Gobernu Espainiarrak salaketa ipiniko zuelaren mehatxua egin arren ez zuen ezer egin Iñaki Anasagasti[31] eta EAJ alderdiari gertatu zitzaion moduan[32].

"ETAren torturen eskuliburua"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003. urtean Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta geroko atxilatutakoen torturen salaketa eta gero, lehenengo aldiz "ETAren eskuliburua" hitzak (gaztelaniaz "Manual de ETA") agertu ziren prentsan lehenengo aldiz. 1998ko Araba Komandoari inoiz aurkeztu edo agertu ez zen ETAren eskuliburu bat omen zegoen[33]. Eskuliburu honen arabera "Gomendatzen da tratu txarrak salatzea. Salaketaren ondorioz prentsa eta alderdi oportunistaren eta zalantzatiren bat beraiekin (atxilotatutakoekin) bat egin ahalko du”.

Goikoarekin lotuta, 2008ko urtarrilaean Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketen ondoren, eta torturak zantzuak dituztela ikusi eta gero, Espainiako hedabideetan bertsio hau agertu zen: ETAren aginduz, atxilotutako guztiak torturatuak izan direla esan behar dute. Bost urte lehenagokoa pixka bat aldatu zen. Orain, Araba Komandoko eskuliburuan (Zutabe agertzen da idatzi batzuetan) ETAk, atxilotutakoei zer egin behar duten esaten die. "ETAren torturen eskuliburua"an torturak salatu behar dituzte bai hala bai.[34][35][36] Eskuliburu horren berri barra-barra eman arren, ez zen inoiz agertu eta ez zuten inoiz erakutsi.

Torturatzaile profesionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun argi dago torturatzaileen izenak errepikatzen direla urtez urte eta hamarkadaz hamarkada. Frankismoan bertan eta frankismotik aurrera, torturatzaile berdinak torturatzen jarraitu zuten inpunitate osoarekin.

Frankismoan behin eta berriz errepikatzen den eskema da. Nola atxilotzen dituzten, nola egiten dieten lehen galdeketa, nola eramaten dituzten Donostiako Gobernu Zibilera hurrena. Behin eta berriz errepikatzen diren izenak dira Lopez Arribas, Palomo, Gabalcon, Perez Abril, Manzanas eta Eymar koronela. Gogortasunean graduz gora eta behera, eta graduazioan behetik gora doan eskema baten modukoa da. Polizia soilekin hasi, nagusiarekin jarraitu, eta arduradun gorenarekin amaitu[37].

Frankismoa eta gero baita ere, torturatzaile komandoak zeuden, torturatzaile profesionalak eta bere lana torturatzea zen. Ion Arretxeren iritzian, espainiako herritarrek badakite tortura egon bazegoela baina hipokresia hutsagatik ukatu edo beste alde batetara begiratzen zutela[38].

Ion Arretxeren hitzetan, Lasa eta Zabala torturatu zuten pertsona berdinak izan ziren bere torturatzaileak[39].

Torturatzaile ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enrique Rodriguez Galindo

Emakume torturatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume torturatuen kasua, torturetan aldaera bat zegoen. Bortxaketa mehatxuak (edo, bortxaketak besterik gabe Nekane Txapartegiri gertatu zitzaion moduan) sarritan sufritzen zituzten.

« Guardia zibilek Tres Cantosko komisarian nire gorputza beraien guda zelai bihurtu zuten eta ni suntsitzeko tortura sexista erabili. Legedi antiterrorista delakoak inkomunikazioren bitartez ematen dien inpunitate osoarekin nire aurka beraien arma guztiak erabili zituzten eta bizirik ateratzeko asko borrokatu behar izan nuen. Beraiek argi esan zidaten handik ez dela inor “kantatu gabe ateratzen”.

lada Madrilerako bidean argi utzi zidaten nahi zutena egin zezaketela nirekin. Kotxean sartu orduko hasi ziren golpeak, mehatxuak, galdeketak... Etxegarate inguruan baso batera eraman ninduten arrastaka eta bertan exekuzio bat antzeztu. Begiak plastiko zaku batez estaliak, hankak eta eskuak lotuta belaunikatu arazi, bekokian pistola jarri eta klak gatilua zapaldu zuten. Hots hura buruan iltzatuta, izututa Madrilerako bidaia luzea izan zen. Bidean eskuak bizkarrean lotuta, plastiko poltsa lepoan estutzen zidaten ia ito arte. Horrela, gauean iritsi ginen Madrilgo Tres Cantos komisaldegira eta hala esan zidaten: “lkusiko duzu orain hasiko da hoberena”, “Badakizu nor zen Gurutze Iantzi? Bera bezala buka dezakezu...”. Bost egunetan etengabeak eta luzeak izan ziren galdeketak eta tortura saioak.

Tortura mota eta metodo desberdinak erabili zituzten. Tortura psikologikoa batetik, nire etxekoak ere (anaia eta ama) atxilotuko eta torturatuko zituztela, garrasiak entzuten nituen eta nire lagunenak zirela esaten, haurdunaldiko argazki bat erakutsi eta Mikel Egibarren haurdun zegoen emaztearena zela esaten zidaten eta hari zerbait gertatuz gero nire errua izango zela... Tortura fisikoa bestetik, loa debekatu, poltsa etengabe ia ito arte, orduan begi niniak eta mingaina begiratzen zizkidaten linterna batekin eta horren arabera aurrera jarraitu edo utzi erabakitzen zuten, elektrodoak beso eta gerrian, buru atzean paper bilduekin etengabe golpeak ematen... Eta azkenean tortura sexistarekin hautsi ninduten, gorputza eta burua biak batera txikituz. Behin baino gehiagotan biluztu eta Guardia zibilen talde erdian biluzik eta burua tapatuta gorputz guztia igurtzi eta umilatzen ninduten “komandoko puta” nintzela esanez eta behin baino gehiagotan pistola batekin bortxatuko nindutela mehatxatuz. Komunera joan behar nuenean atea irekita niri begira torturatzaileek nitaz barre egiten zuten. Halako batean Mikel torturatzen ari ziren gelara eraman ninduten eta beraren aurkako akusazioak eginarazi, ondoren ondoko gelan bortxatuaz.

Ezingo nuela etorkizunean umerik izan eta horretarako ahal zuten guztia egingo zutela esanez, hankak eta eskuak lotuta mahai baten gainera igo ninduten biluzik eta burua estalita. Hanka eta eskuetatik helduz, gorputz guztia igurzten zidaten, lizunkeriak esanez eta horrez gain Guardia zibil batek bere hatzak nire aluan sartu. Orduan nire burua gorputzetik bereizi zen...

Beren pentsamendu matxistan, nire ideiez gain, emakume bezala zigortzea izan zuten helburu, patriarkatuak ezarritako rollaren aurka errebelatzeagatik. Ondo jakinik nire barnean, intimitatean txikituz gero, horrela duintasuna kenduz, menderatuko nindutela. Horren ondoren egin nituen deklarazio autoinkulpatorioak.[40]

»
Nekane Txapartegi, 2017ko iraila

Tortura motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dominak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torturatzaile gehien-gehienak ez dira epaituak izan. Are gehiago, soldata hobetu eta dominak jaso dituzte. Agian adibide ospetsuenak Meliton Manzanas, Manuel Sánchez Corbí eta Antonio González Pacheco (Billy el Niño) dira.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasuneko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zenbaitetan kondenatu du gehienbat torturak ez ikertzeagatik edo torturatuak izan direnak ez entzuteagatik. Hala eta guztiz, Espainiako Gobernu ezberdinek garrantzia kendu diote.

Espainiako Gobernu ezberdinek berdin jarraitzen dute, Gobernuaren arabera "ETAk ia 900 pertsona hil zituen eta Espainiak bakarrik bederatzi aldiz kondenatu dute[41]"

Torturatu ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpian daudenak torturatuak izan zirenean jende ezaguna zen. Beste batzuk jazan zituzten torturak eta gero bihurtu ziren ezagunak. Kontuan hartu behar da, Espainiako gobernu ezberdinek ez dutela inoiz torturen hitza era argian onartu ez frankismo garaian ez eta gaur egun (2018) ere. Askoz jota, "tratu txarrak" hitzak erabili dituzte.

Frankismo garaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismoa eta gero[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torturen ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torturatutakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torturen ondorioz hildakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorio fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorio psikologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torturatutakoen familia eta ingurukoentzat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko pelikulak eta tortura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldi era zuzenean, tortura eta tratu txarrak era argi batean ageri izan dira Euskal Herrian egindako pelikula askotan, nahiz euskaraz, nahiz erderatan. Nahiz eta bere garaian kritikaren bat edo beste izan, normaltasun handiz hartu izan ziren tortura eta tratu txarrak, garaian, kasua hauek zein zabalduta eta onartuta zeuden ulertzeko laguntzen dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jokin SAGARZAZU: «Ilunpean korapiloak askatzen», Berria, 2012-11-30.
  2.   Berria.eus, «4.113 tortura kasu jaso dituzte Eusko Jaurlaritzarentzat EHUk egindako txostenean», Berria, https://www.berria.eus/albisteak/147720/4113_tortura_kasu_jaso_dituzte_eusko_jaurlaritzarentzat_ehuk_egindako_txostenean.htm. Noiz kontsultatua: 2017-12-18  .
  3. https://www.lavanguardia.com/vida/20171218/433745863727/gobierno-vasco-censa-4113-casos-de-torturas-y-malos-tratos-en-euskadi-entre-1960-y-2014-que-afectan-a-3417-personas.html
  4. https://www.argia.eus/albistea/euskal-herriko-9600-tortura-kasu-jaso-dituzte-oso-latza-izan-zen-liburuan
  5. https://www.publico.es/politica/cuartel-intxaurrondo-mayor-centro-torturas.html
  6. https://www.elsaltodiario.com/crimenes-franquismo/la-sangrienta-carrera-de-billy-el-nino-el-torturador-condecorado-del-regimen-franquista
  7. https://www.berria.eus/paperekoa/2182/006/001/2018-08-01/ezin_zuen_ibili_bost_aldiz_galdu_zuen_konortea.htm.
  8. El análisis del agua que contenían los pulmones de Zabalza ratifica que murió ahogado en el Bidasoa El País, 1986ko urtarrilaren 9a
  9. Extraña muerte en el Bidasoa. El gran amañador en el 'caso Zabaltza' El País, 1996ko maiatzaren 13a
  10. Un informe del Cesid confirma que Zabalza murió en Intxaurrondo El Mundo, 1997ko apirilaren 15a
  11. El informe forense reconoce que José Arregui fue torturado El País, 1981eko otsailaren 17a
  12. 13 de Febrero, dia contra la tortura en Euskal Herria, Aniversario del asesinato de Joxe Arregi 2006ko otsailaren 10a
  13. Medidas antiterroristas en España Human Rights Watch, 2004ko urtarrila
  14. Amnistía Internacional denuncia la ley antiterrorista El País, 1982ko abenduaren 15a
  15. NBEko errelatoraren txostena 2004ko otsailaren 6a
  16. Unai Romanoren tortura salaketa
  17. Martxelo Otamendiren tortura salaketa
  18. Otamendik Espainia Europan salatu du, jasotako torturak ez ikertzeagatik, Berria, 2008ko irailaren 14a
  19. a b «Urtebeteko arnasa», Berria, 2013-02-22.
  20. Lau guardia zibil zigortu ditu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Portu eta Sarasola torturatzeagatik, berria.info, 2010eko abenduaren 30a
  21. Condenados a varios años de prisión cuatro guardias civiles por las torturas a Portu y Sarasola, gara.net, 2010eko abenduaren 30a
  22. «Tortura salatzeko eskatu diete Elizako hainbat taldek gotzainei», EiTB, 2014-12-09
  23. https://www.playgroundmag.net/now/Ion-Arretxe-tortura_22674861.html
  24. Estrasburgok Espainia zigortu du, Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik, berria.net, 2011ko martxoaren 15a
  25. http://elcaosdelapalabra.blogspot.com/2014/01/lo-nuestro-seran-errores-lo-otro-son.html
  26. https://elpais.com/diario/2002/05/05/espana/1020549608_850215.html
  27. https://www.publico.es/politica/pablo-casado-casado-pitidos-pide-vitoria-prohiban-ley-homenajes-etarras.html
  28. http://www.deia.eus/2018/07/02/politica/estado/un-ex-guardia-civil-admite-la-practica-de-torturas-a-detenidos
  29. https://www.argia.eus/albistea/torturak-espainiako-estatuan-inpunitatearen-zenbakiak
  30. https://elpais.com/diario/2003/02/27/espana/1046300409_850215.html
  31. https://www.libertaddigital.com/nacional/anasagasti-insiste-con-las-torturas-y-dice-que-no-le-asustan-las-querellas-anunciadas-por-acebes-1275753778/
  32. http://www.diariodeleon.es/noticias/espana/interior-estudia-querellarse-pnv-denunciar-torturas-falsas_69043.html
  33. https://www.libertaddigital.com/nacional/el-manual-de-eta-contempla-que-politicos-dubitativos-apoyen-las-denuncias-de-tortura-1275753655/
  34.   , http://elpais.com/diario/2008/01/16/espana/1200438022_850215.html  .
  35.   , http://blogs.periodistadigital.com/juanfrommknecht.php/2008/01/16/la-denuncia-de-torturas-dentro-de-la-est  .
  36.   , http://www.abc.es/20101027/espana/portu-admite-manual-torturas-20101027.html  .
  37. https://www.berria.eus/paperekoa/2182/006/001/2018-08-01/ezin_zuen_ibili_bost_aldiz_galdu_zuen_konortea.htm
  38. https://www.lamarea.com/2017/12/12/torturas-intxaourrondo/
  39. https://www.playgroundmag.net/now/Ion-Arretxe-tortura_22674861.html
  40. http://bilgunefeminista.eus/eu/Berriak/20170914/Nekane_Txapartegiren_espetxean_zegoenean
  41. https://www.publico.es/sociedad/gobierno-resta-importancia-condenas-europa-no-investigar-torturas-trato-degradante-son-nueve.html