Juan Luis Goenaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Juan Luis Goenaga
Bizitza
Izen osoa Juan Luis Goenaga Mendiola
Jaiotza Donostia1950eko urtarrilaren 9a (68 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerak margolaria

Juan Luis Goenaga Mendiola (Donostia, Gipuzkoa, 1950eko urtarrilaren 9a -) euskal herritar margolari espresionista da.[1] Alaba Barbara Goenaga aktoresa, eta arreba Aitzpea Goenaga zinema-zuzendaria ditu.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batxilergoko ikasketak amaitu zituenean hasi zen marrazten eta margotzen. 18 urte zituenean bikain erretratatu zuen bere aitona, eta hainbat koadro margotu zuen espresionismo abstraktuaren estiloari jarraiki. 1969an neurri txikiko eta ertaineko eskulturak lantzen hasi zen estilo arrazionalistaren arabera, eta Madril, Paris, Erroma eta Bartzelonara jo zuen hango museoetan aurkitzen zuen guztia aztertzeko asmoz. Bartzelonan, Massana Eskola Librean, grabatuaren eta harrizko tailuaren teknikak ikasi zituen.

1970. urtean, Donostiara itzuli eta Alkizako baserri batean hartu zuen egoitza. Zurezko eskulturak lantzen hasi zen, beltzez eta marroiz pintatuak, antzinako euskal landa-izaerako munduaren eta naturaren sustraietara itzuli nahiz. Baina arte-hizkuntza desberdinak ikertzen eta lantzen jarraitu zuen, eta argazkigintzaz ere baliatu zen horretarako.

Lehendabiziko erakusketa 1971n Parisen egin zuen. 1972an Itzalak pintura-saila aurkeztu zuen, eta Euskal Pintoreen Sari Nagusia eskuratu zuen Zelatun izenburuko margolanarekin. Bere borondatez ia guztiz bakarturik bizi eta lan egiten zuela Alkizako baserrian, Euskal mitologia jorratu zuen, eta Belarrak, Hari-matazak eta Sustraiak, argazkiz hornituriko pintura-sailak aurkeztu zituen 1974an Bilbon eginiko erakusketa batean. Hurrengo urtean Sorgin-kontuak pintura-saila ezagutarazi zuen, eta hainbat ilustrazio-lan egin zituen J.M. Zulaikaren Adanen poema amaigabea liburuan.

Goian: Amia Kehreri (1991); behean: Izenburu gabekoa

1975. urtetik aurrera, ordea, beste mundu batek, pop-higikundeak, musikak eta kolore biziek erakarrita agertzen zaigu Goenaga. Bere irudiak bihurrikatu egiten dira, gai groteskoak, magikoak, errituak, eta begiratu ankerrak nahasten diren neofiguratibismo molde baten barruan.

1977an kritika eta ikuslegoa harri eta zur utzi zuen Encapuchados (Aurpegi estaliak) saila aurkeztu zuen. Kutsu politiko nabarmena zuten koadro haiek, eta garai hartako ETAren borroka eta egunkari eta panfleto politikoetako argazkietan oinarrituriko ikonografia islatu zituen Goenagak koadro haietan.

Irudizko eta egiazko paisaietan kokaturiko pertsonaia batzuk margotu ondoren (Amona, Anixeto eta Joseba Zulaikaren erretratuak), Antropomorfoak eta Androginoak pertsonaiak pintatzen hasi zen; gauari eta basoko isiltasunari loturiko pertsonaia handiak dira, gizonak eta emakumeak eta izaki bitxiak.

Maiz joaten zen Bilbora, eta 1980an aurkeztu zuen Katastrofes pintura-sailean hiriak, lantegiak, tunelak eta pertsonaia trajedunak islatu zituen. Alkizako baserria utzi eta Donostian hartu zuen egoitza garai hartan; hiriko paisaia erakusten duten hamabost irudi taxutu zituen neurri txiki eta ertainean. Hurrengo bi urteetan Personajes porno, Personajes caídos eta Parejas sailak aurkeztu zituen; pasta eta kolore anitzez eginiko obrak dira, eta indar berezia ematen die horietan lerroei bezala konposizioari berari ere.

1984an El segador, Arraunlari ohia eta Autorretratos margolanak pintatu zituen. Hurrengo urtean bi lehiaketa garrantzitsu irabazi zituen, Donostiako Bi Urtekoaren Pinturako lehen saria (Bodegón) eta Bilboko Hiriko Arte Plastikoen Nazioarteko lehen saria (Bodegón-composiciones).

1985etik aurrera maiz joan zen Bartzelona, Madril eta Parisa, eta bi erakusketa egin zituen Espainiako hiriburuan. 1987an Parisen izan zen urtebetez, eta formatu handiko sail bat pintatu zuen, Barnices-París; sareak, plastikoak, sintasola, esmalteak, erretxinak eta pintura industrialak tartekatu zituen bere margolanetan.

Abstrakziora eta informalismora lerratzen zen bere pintura, baina beti agertzen ziren itsatsi edo erantsiriko elementuak. Halaber, garai hartan pintatu zituen Reciclajes eta Ruinas sailak.

1990eko hamarraldian, berriz, harri, lur, paisaia eta animaliei buruzko marrazki bikainak egin zituen, indar eta dramatismo handikoak; eta emakume biluziak, sentsualak eta asaldagarriak, pintatu zituen Bilutsik obran.

1985ean Donostiako Udalak antolatutako Bi Urteko Arte Lehiaketan irabazle suertatu zen Jose Luis Zumetarekin batera, eta urte askoan dirauen elkarlanari ekin zion Donostiako Altxerri galeriarekin 1991n; hala, bertan egin zituen bakarkako erakusketak 1991, 1993, 1994 eta 1995ean. 1993an pintura-lantegi baten ardura hartu zuen Artelekun, eta 1995ean Ilbeltza, por caminos de sombras y silencio erakusketa atzera begirakoa eskaini zioten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Besteak beste, 1971tik 1974ra bitartean egindako argazki-lana erakutsi zuen 1998an Zarauzko Photomuseumek, eta 1999an leizeetako marrazkietan eta historiaurrean inspiratutako erakusketa antolatu zuen Tolosako Aranburu Jauregian.

Oso gaztetan hasi zenez, zenbait adituk Gaur Taldeko Jose Luis Zumeta edo Rafael Ruiz Balerdirekin lotzen dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]