Rafael Ruiz Balerdi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Rafael Ruiz Balerdi
Bizitza
Jaiotza Donostia1934ko maiatzaren 5a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Altea1992ko martxoaren 11 (57 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak margolaria

Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934ko maiatzaren 5a - Altea, Alacant, 1992ko martxoaren 11), euskal margolaria izan zen.

Bizitza eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitatik izan zuen margolaritzarako zaletasuna, eta Arte eta Lanbide eskolan pintura-ikasketak egiten hasi zen. Aitaren lantegian sartu zenean hasi zen margolaritzarekin loturiko lanak egiten, irudi urreztatuz, arabeskoz, lorez eta dragoi-irudiz hornitzen baitzituen haren lanak; lan haren bidez ikasi zuen Ruiz Balerdik gerora bere obretan erakutsi zuen errepikapenerako joera.

1953az gero, Donostiako TEU antzerki taldeko kidea izan zen, eta talde haren antzezpenetarako dekoratu batzuk egin zituen; publizitateko zenbait lan ere egin zituen. Urte hartan bertan, Artista Gazteen lehiaketan parte hartu zuen lehen aldiz.

Lehiaketa hura har daiteke Ruiz Balerdiren karreraren hasieratzat, baina haren bizitzaren eta, bereziki, lanaren kronologia ez da osatzen erraza. Izan ere, ez zuen beti sinadura bera erabili, ez zuen estilo bakarra erabili garai bakoitzean, eta estilo jakin bat baztertua zuela zirudienean, berriro berreskuratzen zuen geroagoko beste koadro batzuetan.

Nahasmen hori areagotzen du Ruiz Balerdiren errepikapenerako eta lanak beti amaitu gabe bezala uzteko joerak.

Balerdi XX. mende hasierako margolariek liluratu zuten hasieran. Gustukoak zituen Sert (haren eragina nabarmentzen da Balerdiren kolosalismoan), Zubiaurre, Zuloaga, Arteta, etab. Haien koadroak imitatu zituen hasieran, eta berehala beste joera batzuekiko arreta ernatu bazitzaion ere, margolari haiek izan ziren Balerdiri pinturarako grina areagotu ziotenak.

Gaztetan loreontzien margolanak eta senide eta lagunen erretratuak (Mª Angeles Trespaderne bizilagunarena, besteak beste) egin zituen, garai hartan Euskal Herrian nagusi zen joera errealistari jarraituz. Lan haietan, dena den, antzeman daitezke Ruiz Balerdiren geroagoko lanetan agertzen diren zenbait ezaugarri: marrazki bikainak, egitura trinkoak, formen sintesia, aurpegiaren espresioa, planoen deskribapena, bolumena, pintzelkada indartsu baina, aldi berean, sentiberak, koloreen erabilera berezia, etab.

1955ean Eduardo Txillida eskultorea ezagutu zuen, eta Balerdiren pinturaren bilakaeran garrantzi handia izan zuen harreman bat sortu zen bi artisten artean. Izan ere, garai hartan, frankismoaren eraginez, joera berriekiko itxita bezala zeuden Euskal Herriko artistak, eta Ruiz Balerdik Txillidari esker ezagutu ahal izan zuen Europan artearen alorrean zer ari zen eztabaidatzen, espazioaren, formaren eta abstrakzioaren arazoen inguruko jarrera berriak, eta errealismoaren konbentzionalismoa gainditzeko bidea eman zion horrek. Txillida ezagutu zuen urte hartan bertan, Artista Gazteen lehiaketan parte hartu zuen berriro, eta sari nagusietak obat irabazi zuen (Niña en azul, Mi hermana, Bodegón eta Bodegón en azul lanekin), eta eskultoreari esker beka bat lortu zuen Madrilgo San Fernandoko Arte Akademian ikasketak egiteko.

Akademiako giroa, ordea, estuegia iruditu zitzaion Balerdiri, eta eskola hura utzi eta Círculo de Bellas Artesen sartu zen handik gutxira. Madrilgo ikasketa garaian, marrazki eta collage ugari egin zituen.

Aipagarria du, besteak beste, aulkien marrazki-saila. Forma geometrikoak, lerro- sekuentziak eta kubismo analitikoan oinarrituriko ariketak egin zituen, batez ere. Baina Klee-ren geometria magikoaren eragina da bereziki aipagarria, eta baita Braque-ren kubismo sintetikoarena eta tenebrismoarena ere (Goyarena besteak beste). Dena dela, kubismoaren eta abstrakzioaren inguruko ikerketak errealitatearen esperientziatik eta gauzen eta pertsonen irudietatik abiaturik egin zituen Ruiz Balerdik (Mi hermana Pilar sentada, Mi padre…).

Madriletik kanpora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrilgo egonaldiaren ondoren, 1956an, lehenengo bidaia egin zuen Parisa, eta handik gutxira hasi zen atzerrian ere erakusketak egiten (Pittsburg, 1958).

Estiloari dagokionez, Parisko bidaien eraginez abstrakziorako bidea hartu zuen Ruiz Balerdik.

Dena dela, koadro abstraktuek bezala erretratu errealistek (bai olio-pinturek eta bai marrazkiek) eragin handia izan zuten haren bizitza guztian; hala, erretratuei dagokienez, garai horretan ere ez zuen naturalismoaren eragina galdu, ez zuen abstrakzioaren eta kubismoaren inguruan egiten zituen ikerketen eragin handirik islatu, eta modeloaren identitatea errespetatzeko ahalegina egin zuen beti. Garai horretako lan aipagarrien artean azpimarratzekoa da 1956an Tarragonako Unibertsitate Laboralean egin zuena. Horma-irudi sail bat da, irudi handiz osatua; Picassoren eragina ageri du, eta kolore lauak eta irudi geometrikoak erabili zituen. Obra hotza da, oso trinkoa.

1957an Artista Gazteen saria irabazi zuen, Mi padre, Mi hermana Pilar sentada, El alrededor silencioso, Nudos eta En torno a la soledad lanekin. Urte haietan finkatu zen Ruiz Balerdiren lehen estilo pertsonala, lehen estilo heldu eta iraunkorra dei daitekeena, abstrakzio lirikoaren barnean.

Estilo horren ezaugarri dira, besteak beste, kolore ilunak, irudi geometrikoak gune zehaztugabeetan galdurik agertzea, forma bigunak eta materialtasun mistikoa.

Aipagarriak ditu garai horretakoen artean: Denso, Tierra vital, Alborada, etab. Urte haietan, bestalde, errealismo sozialaren ildotik zenbait lan egin zituen.

Informalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960. urtearen inguruan, beste pauso bat eman zuen klasizismotik aldentzeko, eta informalismoan murgildu zen buru-belarri; bera izan zen informalismoaren aitzindaria Euskal Herrian (Ninfeas, Maraña…).

Aurreko garaian irudi sasigeometrikoak hondoekin nahasten ziren, elementu formalak argian eta materian urturiko guneetan galtzen ziren. Oraingoetan, aldiz, harantzago iritsi zen: irudien lerroak bolumenetik askatu, eta kontrastea bilatu zuen hondo ia homogeneoen eta lerro askeen artean; kolorea berreskuratu zuen bat-batean, eta keinuaren informalismo erradikala landu zuen. Horrela, informalismoari jarraituz, molde geometrikoak baztertu eta kolorearen nagusitasuna azpimarratzen hasi zen; pintura eiterik gabeak edo egitura jakinik gabeak dira, automatismoan oinarrituak, artistaren gorputzaren edo eskuaren mugimendu bat-batekoak oihalean islatzen dituena, surrealismoaren eraginpean. Hala, Balerdiren lanak erabat aldendu ziren klasizismoaren iluntasunetik eta haren koadroetako formaren deskribapen fina argitasunez bete zen.

Egileak berak bere pinturaren bilakaerari buruz zioenez, errealismoaren ildotik aritu zen San Fernandon, ondoren abstrakzio lirikora jo zuen, 1956-1960 urteetan, kolore-aberastasunera, baina aberastasun horretan koloreen gaineko kontrola galdu zuen azkenean. Hori dela eta, bitarteko aldi bat izan zuen 1956-1960 urteetako koadro abstraktuen eta 1963az gerokoen artean: Ruiz Balerdi bere baitara bildu zen 1960-1962 bitarteko urteetan, ordu arteko esperimentazioek eta arriskuek zeharo lur jota utzi balute bezala. Tarte horretan izadi hilak egin zituen batez ere, oso zurrunak eta hermetikoak (Bodegón del florero y los vasos, Bodegón de los claveles blancos).1962tik aurrera, ordea, “bere onera” itzuli zen Ruiz Balerdi, bere pintura berpiztu egin zen.

Madrila joan zen bizitzera, haren mezenas izan zen Juan Uharteren babespean. Madrilen zela, 1964-1973 bitartean, obra ugari egin zituen, eta ideia berriak azaldu zituen. Oro har, koadro informalistak ziren, eta pixkanaka-pixkanaka abstrakzioaren eta surrealismoaren arteko bidea hartu zuen. Betidanik izan zituen zenbait ezaugarri are nabarmenago agertu ziren orduko lanetan; esate baterako, eskema espazialaren antolaketa, errepikapena, obrak bukatutzat ez ematea… 1966an, «Gaur taldea»ren sorreran parte hartu zuen, Arias, Mendiburu, Oteiza eta beste zenbait artistarekin batera.

Euskal Herrira itzultzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973an, Donostiara itzuli zen.

Hainbat talde eta gizarte-mugimendutan jardun zuen 1978 inguru arte, eta zenbait esperientzia eraman zituen aurrera eskola publikoetan, Andoain, Lasarte eta Herreran esaterako, haurrengan espiritu aske eta sortzailea garatzeko helburuarekin. Olio-pintura ia erabat baztertu zuen, 1985. urtea arte gutxi gorabehera, eta paper gainean pastel koloreko klarionak eta argizari-margoak egiten hasi zen. Izan ere, kolore distiratsuak eta eskua nahierara, arin, erabiltzeko aukera ematen zioten pastelek eta argizari-margoek. Haren garai emankorrenetako bat izan zen, eta erakusketa ugari egin zituen, bai Euskal Herrian (Bilbo, Donostia, Zarautz…) eta bai Europako beste hiri batzuetan ere (Stuttgart, Biberach, Madril etab.).

1985ean, olio-pintura lantzen hasi zen berriro (Así pinta… etab.), klarionak alde batera utzi gabe. Harrezkero, etengabe jardun zuen lanean, eta 583 olio-pintura eta milaka marrazki egin zituen zazpi urtean. Lan horien ezaugarri nagusiak askatasuna, bat-batekotasuna, pintzelkada arinak, forma eta koloreen jarioa dira, eta inpresionismoaren eta fauvismoaren eragina dute; irudizko paisaiak, bere bidaietan oinarrituak, eta abstrakzio espresionista izan zituen oinarri. Dena den, zaila da haren olio-pinturen estiloak zehaztea eta mugatzea, eta berdintsu edo zailagoa da haren marrazkien nondik norakoak finkatzea. Azken urteetan, erakusketak egin zituen Bilbon, Donostian, Iruñean eta Madrilen.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1934. Rafael Ruiz Maurette eta Victoria Balerdi Tolosa ziren haren gurasoak.
1936ko gerrari ihes egin nahian, hasieran Mutrikun aurkitu zuen babesa familiak, eta, ondoren, Ordizian, amaren baserrian, Aizpuru Etxeberrin.
1950-55. Nerecan inprentan lan egin zuen, eta, aldi berean, Cobreros margolariaren eskoletara joan zen Arte eta Ofizioetako Eskolan.
1953. Gipuzkoako Aldundiak Artista Berriak sustatzeko antolatutako lehiaketa batean parte hartzen zuen. Miguel Angel Álvarez margolariaren adiskide egin zen, eta haren estudiora joaten hasi zen.
1955. Miguel Angel Álvarez Muroren bidez (Tolosa, 1927) Eduardo Txillida ezagutu eta haren estudiora joaten hasi zen. Beka bati esker, Madrilera joan eta San Fernandoren Arte Ederretako Goi-mailako Eskolan eskolak hartu zituen. Garai hartako olioetan Goiaren eragina nabaria da.
1956. Elena Azpitarte ezagutu eta baita, Txillidari esker, Juan Huarte ere. Huartek hiru margolan erosi zizkion. Harrezkero, bere adiskide eta mezenas izango zen 15 urtez. Arte abstraktuan murgilduko da, eta Parisera lehen bidaia egingo du.
1957. XVIII. Artista Berrien Lehiaketan lehen saria lortu zuen. Jose Maria Ortiz, Amable Arias eta Elias Elorza margolarien adiskide egin zen. Kulturaren inguruan egiten ziren solasaldietan parte hartu zuen Elias Kerejeta, Antxon Ezeiza, Enrique Mujika eta Luis Martin Santosekin.
1958. Aldundiaren VIII. Eguberri Lehiaketako Saria irabazi zuen. Veneziako XXIX. Bienalean parte hartu zuen. Berriro Parisen denboraldi bat egin, eta Carnegie Institutek antolatutako Pittsburgh Internacional Exibition-en parte hartu zuen.
1959. Bertha Schaffer-ek margolan eta marrazki batzuk erosi zizkion. Errealismo sozialean oinarritutako lanak dira.
1960. José María Ortizekin Parisen dago. Han, Sistiaga, Zumeta, Bonifacio eta Duquerekin elkartu zen. Agustin Ibarrola, Giacometti eta Luis Fernandez ezagutzen ditu. Pollock-en eragina nabari da.
1961. Bakarkako lehen erakusketa Darron, Madrilen. Baita New York-eko Schaffer Galerian ere. Beste egonaldi bat Parisen. Monet-en eragina.
1962. Donostiako Ateneo Kultur Elkarteak emandako Saria irabazi zuen. Mallorcako Formentor Hotelean erakusketa bat egin zuen. Madrilera joan zen bizitzera. Nebli Aretoan akuarela-erakusketa bat.
1963. Madrilen, lehen margolan abstraktuak egin zituen.
1963-72. Chumi Chumezen adiskide egin zen, eta Hamburg, Suedia eta New York-era joango dira beste lagun batzuekin. Terele Pavez aktorea ezagutu, eta hainbat urtetan berarekin harreman sentimentala edukiko zuen.
Velazquezen eraginarekin hasitako lana abstrakzioaren eta surrealismoaren tarteko lan egituratu eta formala bilakatuko da. Aurobindo pentsalari hinduaren lanen irakurle bihurtu zen, eta yoga praktikatzen hasi zen. Jakin-minak eraginda, Pondicherry-ra (India) bidaiatu zuen, Aurobindoren eskola ezagutzera. Itzulerakoan, Erroman egonaldi bat egin zuen.
1966. Gaur taldearen sortzaileetakoa izan zen, eta Donostiako Barandiaran Galerian taldeak egin zuen aurkezpenean parte hartu zuen. Gero, Bilboko Arte Ederretako Museoan egin zuen erakusketa bat, Bizkaiko Emen taldekoekin batera. Ondoren, beste erakusketa bat egin zuen Arabako Probintziaren Museoan, Gasteizen, Orain taldearekin. Grabatua ikasten jardun zuen Dimitri Papageorgiu-rekin.
1968ko urrian, Bilboko Grises Galerian erakusketa bat egin zuen. Donostiako Huts Galerian erraldoien erakusketa egin zuen.
1970eko urrian eta azaroan Mexikoko Arte Ederretako Jauregian egin zen euskal artearen erakusketan parte hartu zuen.
1972. Iruñeko Topaketen programazioaren barruan egin zen Euskal Arte Garaikidearen Erakustaldian parte hartu zuen. Leopoldo Zugaza argitaratzaile, enpresari eta kultura-sustatzailearen adiskide egin zen, eta ondoko urteetan huraxe arduratuko zen erakusketak antolatzeaz eta lanei zabalkundea emateaz. Zazpi urtez lantzen jardun ondoren, Venecia koadroa amaitu zuen.
1973. Donostiara itzuli zen. Durangoko Udalaren Aretoetan jarri zuen erakusketa. Andoaingo ikastetxeetako haurrei irakasten hasi zen, eta, geroxeago, baita Herrera eta Lasartekoei ere, 1978 arte. Juan Arteaga adiskidearekin batera, batez ere musika garaikidean oinarritutako kultura-sustapenean, herri-ekintzetan eta politikan jardungo du hamarkadaren amaiera arte.
1974. Lau erakusketa garrantzitsu egin zituen Donostian (San Telmo museoan), Iruñean (Gotorlekuan), Bilbon (Arte Ederretako Museoan) eta Madrilen (Kultura Ministerioko Erakusketa Aretoetan eta Liburutegi Nazionalean). Gran Jardín bukatutzat jotzen du. Abenduan, ama hil zitzaion.
1975. Apirilaren 20an, zenbait idazle eta artistak eta adiskideek omenaldi bat eskaini zioten Berastegin. Olioaren teknika alde batera utzi zuen, eta zenbait lan bukatzeke utzi zituen. Herri-ekintzetan dabil buru-belarri sartuta.
1977. Garibai kaleko Kutxako zenbait beiratetarako zirriborro batzuk egin zituen.
1978. Juan Arteagarekin Txinara joan zen, Mao Tsé Tung-en idazlanen lilurak eta herri hartako asaldu politikoek erakarrita. Klera erabiltzen hasi zen, eta bere garai emankorrenetako bat izango zen.
1979. Aita hil zitzaion. Udazkenean, Maya Aguiriano idazlearekin eta adiskide gehiagorekin, Düsseldorf, Berlin, Cracovia, Varsovia, Praga eta Budapestera joan zen. Izugarrizko nahigabea sentitu zuen hiri haietako egoera sozial eta politikoa ezagutzean.
1980. New York-era joan zen Maya Aguiriano, Mari Puri Herrero, Alfonso Pérez Agote eta Andrés Nagel-ekin, Txillidak Guggenhein Museum-en daukan erakusketaren inauguraziora. Kleraz eginiko lanen erakusketa honako leku hauetan: Zarautz, Bilbo, Durango, Stuttgart, Donostia, Biberach, Bartzelona eta Madrilen.
1981-85. Jacqueline Sánchez eta María Jesús Ruiz Balerdirekin elkartuta, Bixen-80 (La Colchonería) taberna ireki zuen San Bizente kalean, Donostiako Parte Zaharrean. Han lau erakusketa egingo zituen, eta baita adiskide eta bisitariei erretratuak ere. Bidaiak egin zituen Frankfurt, Italia, Mexiko, Kanariak, Menorca, Brusela, Londres eta Hagara. Erakusketa bat Stuttgart-eko Inter-Art Galerie-n eta beste bat Donostiako Getaria kalean Kutxak duen aretoan. Kutxak Aieten zuen San Migel Patronatuan lekua utzi zion, eta bertan olio handi batzuk egin zituen. Lanari gogor ekin, eta 583 olio eta milaka marrazki egin zituen 7 urtean. Fauvismoaren eta inpresionismoaren kutsu apur bat darie lanei, baina, batez ere, koloreak hartuko du nagusitasuna. Aldez aurretik pentsatu gabeko ametsetako paisaien eta abstrakzio espresionistaren artean kokatzen da haren obra.
1986-92. 1986ko negutik aurrera, Jacquelinerekin, Donostiatik irten eta Almeria, Kanariak, Grezia eta Turkian ibili ondoren, 1989an, Altean (Alacant)geratu ziren.
1988. Donostiako Altxerri Aretoan, Frankfurt-eko Galerie Grüner Panther-en eta Zarauzko Zazpi Arte-n erakusketak egin zituen.
1989. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Auditoriuma apaintzeko lau mihise handi margotu zituen.
1990. Madrileko Gamarra eta Garrigues Galerian, Iruñeko Maisonnave Hotelean eta Donostiako Altxerri Galerian erakusketak egin zituen.
1992. Otsailaren 26an Alteako etxeko sukaldean istripu bat izan, eta gorputzean zituen erreduren ondorioz hil zen martxoaren 11n. Donostiako Polloe hilerrian lurperatu zuten.

Ruiz Balerdiren lanak Interneten[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]