Karolingiar arte
Karolingiar artea Europako arte estilo aurre-erromanikoa izan zen. VIII. eta IX. mendeetako Karolingiar Pizkundean garatu zen, karolingiar leinukoek mendebaldeko Europan agindu zuten garaian.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karlomagnok sortutako inperioak ez zuen luze iraun. Haren bilobek hiru erreinutan banatu zuten inperioa, eta gainera, ez ziren gai izan nork bere lurraldean aginteari eusteko. Alabaina, sendotasun eta indar handiagoa izan zuen inperioaren garaian abian jarritako kultura mugimenduak. Oraingo liburuek oso bestelako itxura izango zuketen Karlomagnoren garaiko kultura loraldia gertatu izan ez balitz, hain zuzen ere, karolingiar eskuizkribuetako idazkeratik eratorritako hizkietan inprimatzen baitira. Letra horiei, hala ere, karolingiarrak ez baino erromatarrak deitzen zaie gaur egun, eta horrek ere badu bere azalpena. Karlomagnok abian jarritako kultura erreformaren oinarrizko alderdietako bat antzinako erromatar literatura biltzea eta kopiatzea izan baitzen. Latindar idazle klasiko asko eta askoren testu zaharrenak (gorde direnak) karolingiar eskuizkribuetan daude, duela gutxi arte erromatarrak zirela uste bazen ere. Horra zergatik deitu zitzaion erromatarra letra mota hari.
Klasikoen testuak salbatzeko grina hori, nolanahi ere, beste ahalegin zabalago baten barruan sartzen zen: antzinako erromatar zibilizazioa berreskuratzea zen azken jomuga, enperadore titulua barne zela. Karlomagnoren beraren ametsa zen hori, eta harrigarria da zenbateraino lortu zuen bere erreinuko biztanle erdi barbaroen adimenetan iragan aintzatsu hartako kultura tradizioak txertatzea. Neurri handi batean, Karolingiar Pizkundea izan zen zelta-germaniar espirituak eta Mediterraneo mundukoak benetan eta zalantzarik gabe bat egin zuten lehen aldia.
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arte ederrek garrantzizko papera jokatu zuten hasiera-hasieratik Karlomagnoren kultura egitarauan. Italiara egin zituen bidaldietan ezagutu zituen Konstantinoren eta Justinianoren garaietako arkitektura monumentuak, lehenengoak Erroman, eta Ravenan bigarrenak, eta berehalaxe piztu zitzaion bere handientzaren dina izango ziren eraikinak altxatzeko gogoa. Hala, karolingiar arkitekturaren lehen urratsak Antzinate beranduko arkitektura politikaren eta Elizaren antolakuntza modu berrietara egokitzetik sortuko ziren.
Eraikin nagusiak:
- Aachengo jauregia eta kapera
- Saint-Riquier monasterioa
- Sankt Gallen monasterioa
- Lorscheko abadia
Eskuizkribuak, miniaturak eta liburu azalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturri idatzietatik dakigu bazirela karolingiar elizetan freskoak, mosaikoak eta erliebeak, baina oso gutxi gorde dira gaur egun arte. Aldiz, eskuizkribu, miniatura, liburu azal, boli landu, eta urregintzako lan ugari gorde dira, eta argi eta garbi ikusten da berorietan -beharbada, arkitektura hondakinetan baino nabarmenago- karolingiar berpizkundearen eragin ukaezina.
Karlomagnoren Ebanjeliarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vienako antzinako Inperio Altxorrean bada ebanjelario bat, diotenez, Karlomagnoren hilobian aurkitu zutena, eta, nolanahi ere, haren Aachengo gortearekin harreman estua duena. Eskuizkribu honetako San Mateoren irudiari erreparatzen bazaio, lanak ematen ditu sinesteak 800. aldera Europa erdialdean margotutako obra bat denik. Argi koroa handi urreztatuagatik ez balitz, zazpi-zortzi mende aurretik autore klasikoren batek margotutako erretratutzat hartuko litzateke ebanjelariaren irudia. Margolaria nornahi zela ere -bizantziarra, italiarra edo frankoa-, erromatarren pintura tradizioen jakitun zegoen, eta ez zitzaion ahaztu, margolanari "leiho" itxura areagotzen dion lauki zabala molorrika hostoz apaintzea. Karolingiar berpizkundearen aldi ortodoxoenaren erakusgarri bikaina da San Mateoren irudi hau, literaturako obra klasiko baten testuari dagokion margolan ezin egokiagoa.
Ebbo artzapezpikuaren Ebanjeliarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste miniatura hau, aurrekoa baino 20- 30 urte geroago egina, Reimseko Ebbo artzapezpikuaren ebanjeliarioan dago. Eredu klasikoa hartu zuten hemen ere, baina karolingiar ikuspegitik interpretatu zuten.
Gorago ikusi dugun San Mateoren antzeko irudiren batean oinarrituta dago, baina hemen, konposizio guztia energiaz gainezka agertzen da : jantzia San Markoren gorputzean zirimolatuta dago, mendiak garaiagoak dira, landareak haize zakar baten mendean bezala kulunkatzen dira eta markoan margoturik dauden molorrika hostoek ere sugar itxura arraro bat hartu dute. Ebanjelaria bera ere eraldaturik dago. Bere gogoetak izkiriatzen ari den idazle erromatar bat izatetik, inspirazio-sukarrararen mende dagoen norbait bilakatu da, jainkoaren hitza idatzirik jasotzen duen bitarteko soil bat. Ebanjelariaren begiratua, liburura zuzenduta egon ordez, bere ikurrean iltzaturik dago (lehoi hegodun bat, pergamino biribilkatu batekin), honengandik jasotzen baitu testu sakratua. Jainkoaren borondatearen mendekotasun horretan ikusten da, batez ere, giza irudi klasikoaren eta Erdi Arokoaren arteko alde ikaragarria. Hala ere, miniatura honetan artistak erakusten duen marrazteko era indartsuak aro iluneko irlandar eskuizkribuetako apaingarri geometrikoen mugimendu suhar hura gogorarazten digu.
Utrechteko salmo liburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Reimseko eskolatik sortu zen orobat karolingiar zibilizazioak eman duen eskuizkriburik ederrena : Utrechteko salmo liburua. Lumaz egindako marrazkiez apainduta dago liburu guztia, eta Ebboren ebanjeliarioaren antza baduen arren, estilo are bipilagoa igartzen zaio hemen egileari.
Askoz antzinagoko ereduren bat hartu zuen artistak kasu honetan ere, irudikatutako arkitektura monumentuek, paisajeek, eta erromatar letra larriz idazteak erakusten duten bezala, mendeak baitziren ordurako idazkera modu hura baztertu zela. Nolanahi ere, marrazkien kalitateak eta erritmo zoragarriak balio berezia ematen diote eskuizkribuari, nahiz eta ondotxoz zailagoa izan salmoetako hizkera poetikoa irudiztatzea Bibliako gertaerak azaltzea baino. Salmoak irudiztatzeko modu bakarra esaldi bakoitza hitzez hitz hartu eta hura nolabait irudi bihurtzea da, eta horixe da, hain zuzen ere, artistak hemen egin zuena.
Lindauko Ebanjeliarioaren azala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburuetako testuak eta irudiak hainbeste zaintzen baldin bazituzten, ez da harritzekoa liburuak josteari eta azalak apaintzeari arreta berezia eskaintzea. Benetako maisulanak egin zituzten arlo honetan ere, baina, bat aipatzekotan, Lindauko ebanjeliarioaren azala ekarriko dugu hemen gogora. IX. mendearen erdialdean egin zuten, eta bertan ikusten da, argi eta garbi, aro iluneko zelta-germaniarren metalgintza tradizioak zenbateraino egokitu eta txertatu ziren karolingiar berpizkundean. Harribitxiak ez daude, beste gabe, atzealde urreztatuan ezarririk, aitzitik, oin kakotu edo dorretxoetan altxaturik daude, argia azpitik sartu eta distira handiagoa izan dezaten.
Urregintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karolingiar garaiko urregileak merovingiar aroan landutako teknika aurrerapenez baliatu ziren beren lanak egiteko. Erlikien gurtzak indar handia hartu zuen mendebaldeko kristauen artean, eta horren ondorioz, izugarri ugaldu zen beirazko kutxa, erlikia ontzi eta estatua/erlikia ontzien produkzioa.
Pariseko Louvren dagoen brontzezko Karlomagnoren estatua txikia da, segur aski, karolingiar garaiko gauzakirik ospetsuena.
Beste ezer baino lehen, brontzea lantzen zuten eskulangileen maila erakusten du, izan ere, fama handiko beste gauza batzuk ere egin baitzituzten, hala nola Aachengo jauregi kaperako goiko solairuko brontzezko ziriak edo kapera bereko ate monumentalak . Louvreko estatuak, segur aski, Karlomagnoren ondorengoren bat irudikatzen du, edota baliteke, beste gabe, karolingiar errege aintzatsu baten irudi ideala izatea ere.
Aipatzekoa da halaber, Elizarentzat egin ziren luxuzko maisu lanen artean, Rlilango urre eta zilarrezko aldare bikaina, zeina Volvino urregileak egin baitzuen Angilberto II.a artzapezpikuarentzat.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.