Edukira joan

Kaspiar sakonunea

Koordenatuak: 47°32′N 49°00′E / 47.53°N 49°E / 47.53; 49
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kaspiar sakonunea
Datu orokorrak
Mendirik altuenaBolshoye Bogdo (en) Itzuli
Garaiera−28 m
MotaLur behereak
Azalera200.000 km²
Geografia
Map
Koordenatuak47°32′N 49°00′E / 47.53°N 49°E / 47.53; 49
Honen parte daEkialdeko Europako ordokia

Kaspiar sakonunea (errusieraz: Прикаспийская низменностьtranslit.: Prikaspíyskaya nízmennost) erdialdeko Asiako eskualde geografiko bat da, 200.000 km²-z Kaspiar itsasoko iparraldeko kostaldearen ingurutik hedatzen dena, Errusian eta Kazakhstanen.[1] Bere osotasunean itsas mailaren azpitik dago. Kaspioren kostaldearen inguruan, kota -26,5 metrokoa da.[2]

Geologiaren ikuspuntutik, Kaspiar sakonunea Mendebaldeko Siberiako ordoki zabalarekiko simetrikoa da, honetatik, Turgairen haranak banatzen duelarik. Ekialdeko Europako ordokiarekin dituzten mugei dagokienez, ez daude ondo definituta. Kaspiar sakonunea Europa, Ekialde Ertaina eta erdialdeko Asiatik hedatzen den Aral-kaspiar sakonunearen zati da.

Kaspiar sakonunean petrolio-putzu garrantzitsu batzuk daude. Sarri, era berean, gatz metaketa garrantzitsuak daude (gatz-kupula) klima idorraren eta eskualdea Paratetis izeneko itsaso handian murgildua egotearen ondorioz.

Hidrografiaren ikuspuntutik, eskualdea oso pobrea da. Ur ibilguak, Volga eta Ural ibaietako beheko ibilguen salbuespenekin, oso gutxitan izaten dira iraunkorrak, horietako asko uda partean erabat lehortzen baitira. Sakonune endorreiko ugari ere badaude (Mali Uzen eta Bolxoi Uzen ibaien arroak, adibidez). Gauza bera esan daiteke lakuei buruz, oro har txikiak baitira eta gazitasun handia baitute.

Klima eta landareria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaspiar sakonunea klima lehorra eta oso kontinentala nagusitzen den eskualdea da. Udak beroak dira, batez besteko tenperaturak 22 °C eta 24 °C artekoak; neguak ere hotzak dira (urtarrileko batez besteko tenperaturak -8 °C eta -14 °C artekoak dira), baina elur gutxikoak.[3]

Landaredia, oso pobrea dena, ezaugarri klimatikoen ondorio zuzena da. Eremu ez hain idorretan, mendebaldeko eta iparraldeko muturretan, estepa dago, erdibasamortutar eskualdea hegoalde eta ekialderantz zeharkatzen duena.

Landare-mantuan gertatzen diren aldaketa hauek, lurraren gainean ere islatzen dira: esteparen bereizgarri den lur beltza (txernozem) poliki-poliki argitzen joaten da, hurritz koloreko lur bat sortuz (kastanozem), sarri gatz-metaketa bakanek zeharkatzen dutena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Instituto Geográfico De Agostini. (2005). «Enciclopedia geográfica» Corriere della Sera (Milan: RCS Quotidiani s.p.a.) 6-7 ISSN 1824-9280..
  2. https://web.archive.org/web/20100530221414/http://www.caspianenvironment.org/caspian.htm (Ingelesez)
  3. Sobietar Entziklopedia Handia (Errusieraz)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]