Katinka Bock

Wikipedia, Entziklopedia askea
Katinka Bock
Bizitza
JaiotzaFrankfurt am Main, 1976 (47/48 urte)
Herrialdea Alemania
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakartista, eskultorea, installation artist (en) Itzuli eta bitxi diseinatzailea

Katinka Bock (Frankfurt am Main, 1976) alemaniar eskultore eta artista bisuala da. Parisen eta Berlinen bizi eta lan egiten du.[1]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katinka Bock - T-toxic

Katinka Bock Frankfurt am Main-en jaio zen eta eskultura eta arte bisualak ikasi zituen Berlingo Arte Akademian. 2002an diploma jaso zuen eta Inge Mahn-en master ikaslea izan zen 2004 arte, Berlin-Weissensee-ko Arte Ederren Akademian. 2005ean Lyon-go École nationale supérieure des beaux-arts de Lyon -eko graduondoko titulua jaso zuen. Erromako Villa Medici egoitzan artista izan da. Pariseko Galerie Jocelyn Wolff-ek ordezkatzen du, Berlingo Meyer Riegger-ek eta Bruselako Karlsruhe eta Greta Meert-ek. [2][3]

Lan artistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskulturaren, arkitekturaren eta hizkuntzaren arteko etengabeko trukatzeak gorpuzten du eskultorearen ibilbidea. Bere lanetan, espazioak garrantzi handia dauka. Artelanak txertatu egiten diren lekuak aldatzen ditu artistak, ateak, leihoak edo tunelak irekiz, edo lan horietara hurbiltzen denaren pertzepzioa aldatzen duten elementu berriak gehituz.[4]

Bockek testuinguruarekin egiten du lan, bertako artisauekin, jendearekin edota merkatariekin elkarlanean. Haren proiektuak norbanakotik kolektibora doaz, eta espazioak, arteak eta praktika artistikoak eraldatzeko duen gaitasunaz egiten du hausnarketa. (Beatriz Herraez, Artiumeko zuzendaria)[4]

Izan ere, Katinka Bocken lana oinarritzen da nagusiki elementu naturalen eta gizakiak sortutakoen artean gertatzen diren prozesu eraldatzaileetan, alderdi bakoitzak bestea eraldatzen duen prozesua aztertuz. Bock-ek hiri paisaien eta elementu naturalen arteko harremana aztertzen du, bere lanak espazio irekietan kokatzen ditu elementuei aurre egiteko eta maiz bere esperientziak inprimatzen ditu bere materialen bidez. Bere lanaren zati handi bat mugimendu fluidoetan oinarritzen da; hautsi, zizelatu edo hackeatu beharrean, bere materialek forma dute, tolestuta, ebakita edo, besterik gabe, testuinguruaren konstelazio edo eraikuntza zehatz batean kokatuta. Bock-ek material naturalak integratzen ditu, hala nola larrua, zura, harria, ehuna, igeltsua, zeramika edo grafitoa, baita aurkitutako edo ezohiko objektuak ere. Bere lanetan ura behin eta berriro erabiltzeak garrantzia du ez sortzen dituen efektu fisikoengatik, sinbologiagatik baizik. Hiri- eta landa-paisaien artean lehendik zeuden ur iturriak birbideratuz, piezen eta kokatutako testuinguruaren arteko erlazio sinbiotikoa sortzen duten egiturak eraikitzen ditu. Euri ura, iturri publikoetako ura, ibaietako edo itsasoko ura sartuz, eskulturak animatu, aldatu edo elkarreragiten duten espazioen fluxura egokitzen dira. Bideogintzan ere aritu izan da.[1]

Erakusketak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artium, 2021[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Katinka Bock. Logbook [Ontziko liburua] erakusketa aurkeztu du. Estatuan artistari eskainitako lehen erakusketan bere ibilbidearen funtsezko ezaugarriak dituzten azken urteetako lanak esploratzeko aukera eskaini du. Erakusketak balea baten sabela bezalako museo bat irudikatzen du, eta bertan pilatzen dira Moby Dick, Selma Huxley, kaskoak, hezur kurbatuak, koilarak, protesiak, zapatak, arrainak eta orkideak loretan, erakusketaren ondoko espazioan gordetzen diren bildumako 2.500 artelanekin batera.[5] Artistak bertako artisauei proposatutako trukeen eta Museoaren espazioarekin eta arkitekturarekin egindako lanaren ondorioz sortutako piezak daude.[6] [7]

Bockek Artium museoaren sotoan dagoen erakusketa espazioa ezagutu zuenean lurpeko espazio hura eraldatzea erabaki zuen: aretoko hormetan irekidura zabalak eginarazi zituen, panelen eta saihets hezurren barne egitura agerian utziz, espazioak elkarrekin lotuz eta erakusketa ikusteko modua erabat aldatuz. Estalita zeuden tamaina handiko leiho borobilak ireki zituen, aretoa argi naturalez bete da, eta museoaren kanpoaldetik artelanak ikusteko aukera sortu. Erakusketan Bocken eta Albaolako artisauen arteko elkarlanetik eta museoko espaziotik sortutako zortzi metroko pieza bat dago: Segment With Unknown Radius. Zetazeo baten barrualdearen eta lurpeko museo baten espazioaren artean dauden analogiak biltzen ditu artelanak. Confusions Possibles artelanaren ekoizpenean ere artisauekin aritu zen elkarlanean. Errementari eta jostun batek praka erdia, soineko erdia eta kobrezko hiru pieza (zapata bat, koilara bat eta kasko erdia) egin eta gero, beste zati erdiak Parisen ekoiztu zituen artistak.[4]

Albaolan ikusi nuen zuhaitzak modu jakin batean landatzen dituztela, gerora zurak ontzien forma izan dezan. Okertzea, moztea, mugatzea, behartzea... ontziak egiteko ekintzak dira, baina baita zuzenketa sozialak ere. (Katinka Bock)[4]

Sariak eta errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2015: Arte Plastikoen Beka Fundación Botín-en, Santander [8]
  • 2012: Ricard Fundazioaren saria, Frantzian[9]
  • 2012: Dorothea von Stetten Kunstpreis, Alemania[10]
  • 2002: Marion Ermer Stiftung, Alemania[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Katinka Bock» Lafayette Anticipations (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  2. «Katinka Bock - ARTISTS - 303 Gallery» www.303gallery.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  3. (Ingelesez) «Katinka Bock» Lafayette Anticipations (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  4. a b c d Begiristain, Edurne. «Balea baten sabela bezala» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  5. «Katinka Bock desembarca en Artium» www.noticiasdealava.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  6. «Katinka Bock. Logbook» www.artium.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  7. Logbook.Lanak. Artium Museoa, 2021
  8. (Gaztelaniaz) ARTEINFORMADO. (20150122). «XXIII Becas Fundación Botín de Artes Plásticas 2015-2016, Beca, feb 2015» ARTEINFORMADO (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  9. (Ingelesez) «Artistes Katinka Bock» Fondation d'entreprise Pernod Ricard (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  10. (Alemanez) «DOROTHEA VON STETTEN KUNSTPREIS 2012» www.kunstmuseum-bonn.de (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).[Betiko hautsitako esteka]
  11. «Marion-Ermer-Stiftung:Preisträger des Marion-Ermer-Preises 2002» www.marion-ermer-stiftung.de (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]