Edukira joan

Khmer Gorriak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Khmer Gorriak
Datuak
Motaerakundea
Ideologiaultranazionalismoa, Khmer nazionalismoa eta polpotismoa
Agintea
Egoitza nagusi
Osatuta
Historia
Sorrera1951ko ekainaren 30a
Sortzailea

Khmer Gorriak[1] (khmereraz: ខ្មែរក្រហមKhmaey Krahom, frantsesez: Khmer Rouge) Kanputxeako erakunde politiko komunista bat izan zen, 1975eko apirilaren 17tik 1979ko urtarrilaren 9ra Asiako herrialde horren agintaritza izan zuena. Khmer Gorria terminoa, frantsesezko Khmer Rouge-tik datorrena, Norodom Sihanouk erregeak asmatu zuen. Erakundearen izen ofiziala Kanbodiako Alderdi Komunista zen, eta 1970eko hamarkadatik aurrera, Kanputxeako Alderdi Demokratikoa izena hartu zuen.

1951n sortu zen, Vietnamen, Kanbodiako Herri Alderdi Iraultzailea, geroago Kanbodiako Alderdi Komunista eta Kanbodiako Alderdi Demokratikoa deitua. Alderdiko buruzagi izan zirenetako askok Frantzian eginak zituzten ikasketak. 1960ko hamarkadan, Pol Potek hartu zuen alderdiaren gidaritza. Garai hartan Norodom Sihanuk printzea zen Kanbodiako agintaria. Khmer Gorriek gobernuaren kontra egin zuten, baina 1970ean, Lon Nolek estatu kolpea eman eta gero, Sihanuken indarrek bat egin zuten Khmer Gorriarekin.[2]

1978ko apirilean gertatutako Ba Chúc-eko sarraskiko biktimen garezurrak.
Ama eta haurra Phnom Penhgo S-21 tortura zentroan, 1978ko maiatzean.

1970-1975 bitartean gerra zibil odoltsua izan zen Kanputxean. 1975ean, Khmer Gorriek Phnom Penh hartu zuten, eta beren gain hartu zuten herrialdearen gobernua. Konstituzio berriak alderdi komunista legeztatu zuen eta izen berri batez izendatu zuen herrialdea: Kanbodia. Sihanuk Txinara erbesteratu zen.

1975etik 1979ra bitartean, indarkeriaren bidez, herrialdean erregimen maoista bat ezartzen saiatu ziren Khmer Gorriak, eta bidean bi milioi hildako eragin zituzten, populazioaren laurdena. Europan xurgatutako ideia komunistak muturrera eramanda, nekazaritzan oinarritutako iraultza egin asmo zuten. Kapitalista eta burges jotzen zituzten egitura guztiak eraitsi zituzten: besteak beste, erlijioa, jabetza pribatua, autoak eta dirua debekatu zituzten, eta biztanleria hirietatik landara eramanarazi zuten, arroz eta kotoi soroetan lan egitera, «hiriko kultura eta bizimodua» behin betiko desagertzeko. Kanbodia estatu hermetiko bilakatu zuten. Gainera, betaurrekoak zeramatzaten, atzerriko hizkuntza bat zekiten edo goi mailako ikasketaren bat zuten pertsonak berreziketa guneetara eraman zituzten. Disidentzia gogor erreprimitu zuten: S-21 tortura zentroan 15.000 eta 17.000 pertsona artean hil zituztela kalkulatzen da.[3][4]

Lau urtean aritu ziren Khmer Gorriak sarraskiak egiten, 1979an Vietnamek Kanputxea okupatu zuen arte. Pol Pot eta Khmer Gorriak oihanean ezkutatu ziren eta, Txinarekin laguntzarekin, gerra egiten jarraitu zuten, Thailandiako muga inguruan. 1982an, Khmer Gorriak bat egin zuen komunista ez ziren baina vietnamdarren aurka zeuden beste khmer talde batzuekin. 1989an vietnamdarrak herrialdetik alde egin zutenetik aurrera, lau talde borrokatu ziren Kanbodiako kontrola eskuratzearren. Nazio Batuen ekimenez, lauek su-etena hitzartu zuten, eta 1993rako hauteskundeak deitzea erabaki. Khmer Gorriak boikota egin zuen. Norodom Ranariddh printzeak, Norodom Sihanuken semeak, irabazi zituen hauteskundeak, eta errege izendatu zuten. Kanbodiako Herri Alderdiko buru Hun Senek Ranariddh printzearekin aginpidea banatzea lortu zuen.[2]

1996an banaketa handia izan zen Khmer Gorrien artean, eta gerrillarien erdiek, 4.000 inguruk, erakundea utzi zuten. Pol Pot 1997an berragertu zen, hogei urtez ezkutuan bizi ondoren. Khmer Gorriak taldeko bi buruzagik Pol Pot atxilo hartu eta beste jeneral batzuekin batera oihanean auzipetu izana adierazi zuten. Nazioarteko begiraleek, baina, iruzurtzat jo zuten auzia. Handik gutxira, Hun Senek Norodom Ranariddhen lekua hartu zuen, estatu kolpe baten bidez.[2] 1999ko abenduan, artean borrokan ziharduten gerrillariak errenditu egin ziren.

Nuon Chea Khmer Gorrien buruzagi ohia bere aurkako epaia aditzen, 2014ko abuztuaren 7an.

2006an, Nazio Batuen Erakundeak eta Kanbodiako Gobernuak elkarlanean sortutako Kanputxeako Auzitegietako Ganbera Bereziek ekin zioten Khmer Gorrien genozidioa ikertzeari, sarraskiko biktimei justizia ziurtatzeko helburuarekin.[3]

2010eko uztailean, 35 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Kaing Guek Eavi, frogatutzat jo baitzuten Khmer Gorrien erregimeneko errepresio bortitzaren arduradun nagusietakoa izan zela. Zehazki, Tuol Sleng edo S-21 espetxeko arduraduna izan zen, eta milaka lagun hil ziren gune hartan. Gizateriaren aurkako krimenak, hilketak eta torturak leporatu zizkioten.[5]

2011ko ekainean eseri ziren akusatuen aulkian Khieu Samphan presidente ohia, Nuon Chea erregimenaren bigarren burua, Ieng Sary Atzerri ministro ohia eta Ieng Thirith Gizarte Gaietako ministro ohia.[3] Ieng Sary, ordea, epaiketa amaitu baino lehen hil zen, eta Ieng Thirith auzitik kanpo utzi zuten, gaixotasun larri bat diagnostikatu ziotelako. 90 pertsonak baino gehiagok deklaratu zuten lekuko gisa, eta akusatuek ukatu egin zituzten egozten zitzaizkien karguak.[4] Azkenik, 2014ko abuztuaren 7an, bizi guztiko espetxe zigorra eman zieten beste bi agintari ohiei. Epaileak errudun jo eta, besteak beste, gizateriaren aurkako krimenen, hilketen, desagertzeen eta jazarpen politikoaren erantzule egin zituen.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Berria. Estilo Liburua. .
  2. a b c Khmer Gorriak. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  3. a b c Rotaetxe, Mikel. Khmer Gorrien lau bururen aurkako epaiketa hasi dute Kanputxean, genozidiogatik. Berria, 2011ko ekainak 28, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  4. a b Velte, Samara. Bukatu da Kanbodiako Khmer Gorrien aurkako epaiketaren lehen fasea. Berria, 2013ko azaroak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  5. Khmer Gorriaren buruzagietako bati 35 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Berria, 2010eko uztailak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).
  6. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diete Khmer Gorrien bi buruzagiri, Kanbodian. Berria, 2014ko abuztuak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-30).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]