Norodom Sihanouk
Norodom Sihanouk (khmereraz: នរោត្តម សីហនុ; Phnom Penh, 1922ko urriaren 31 – Pekin, 2012ko urriaren 15a) Kanbodiako erregea izan zen 1941etik 1955ra eta ondoren 1993tik 2004ra. Kanbodiako agintaria izan zen, gainera 1953tik 1970era. Bere bigarren abdikazioaren ostean (2004a) Kanbodiako Errege Aita gisa ezaguna izan zen (Preahmâhaviraksat), eta izendapen horrekin hainbat ardurari eusten zizkion.
Hainbat ardura izan zituen 1941tik aurrera. Horregatik Munduko Errekorren Guiness Liburuaren arabera kargu ezberdin gehiago izan dituen politikaria dela aipatzen du. Ardura horien artean bi aldiz errege izatea, bi aldiz printze subiranoa, behin presidente, bi aldiz lehen ministro eta deserriko gobernuetan hainbat kargu daude. Khmer Gorrien gobernuaren estatu buru ere izan zen, 1975-1976 artean.
Hauetako kargu batzuk ohorezkoan ziren, adibidez Kanbodiako Errege konstituzionala izatea, bere azken ardura. Sihanouken benetako monarkia 1953ko azaroaren 9an hasi zen, Frantziatik independizatu zenean eta 1970ko martxoaren 18an bukatu zen, Lon Nol jeneralak bere aurkako estatu kolpea eman zuen arte.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Norodom Suramarit eta Sisowath Kossamaken semea zen. 1941ean izendatu zuten errege. 1955ean bere aitari utzi zion erregetza, eta hauteskundeen ondoren Lehen Ministro izendatu zuten. Neutraltasunaren aldekoa zen, eta usadio budistan oinarritutako sozialismoa ezartzen saiatu zen. 1960an estatuburu izendatu zuten, eta Estatu Batuekiko harremanak eten zituen; 1970ean Lon Nol jeneralak Estatu Batuen laguntzaz estatu-kolpe bat eman zuenean Sihanuk Pekinen erbesteratu zen; han atzerriko gobernua osatu zuen, eta agintari berriei aurka egiten zieten indar politiko guztiak elkartu zituen Kanbodiako Fronte Batuan. 1975ean Khmer Gorriek Lon Nol jenerala aginpidetik bota eta aginpidea eskuratu zutenean, Phnom Penha itzuli zen, baina Khemer Gorriek bahituta eduki zuten. 1979an Vietnamek Kanbodia inbaditu zuenean, erbesteratu egin behar izan zuen. 1982an vietnamdarren aurkako koalizio baten buru izan zen. 1991ko su-eten hitzarmenaren ondoren, Sihanuk Kanbodiara itzuli zen eta nazio-batzordearen buru izan zen 1993ko maiatzeko hauteskundeak arte. Kanbodiara itzuli ondoren, 1993an konstituzio berri bat idatzarazi zuen. Era horretan, beste aldi bat hasi bat Kanbodian, Sihanoukeren agintaritzapean. Urte horretan bertan minbizia aurkitu zitzaion, eta orduz geroztik eritasunaren mende bizi da. 2003an bere semeari (Norodom Sihamoni) utzi zion erregetza, eta erbesteratu zen, Piongiangera lehendabizi eta Pekinera ondoren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.