Edukira joan

Koldo Artola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Koldo Artola
Bizitza
JaiotzaDonostia1938ko ekainaren 21a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza2025eko urriaren 17a (87 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria eta etnologoa
KidetzaAranzadi Zientzia Elkartea
Euskaltzaindia

Inguma: koldo-artola-kortajarena

Koldo Artola Kortajarena (Donostia, Gipuzkoa, 1938ko ekainaren 21a - 2025eko urriaren 17a) etnolinguista euskalkien eta Euskal Herriaren ikertzailea izan zen, ia beti landa ikerketa garatzen aritu zena.[1] Bere lan guztien artean oso ezaguna da Nafarroa Garaiko zenbait euskal aldaeretako azken hiztunei eginiko grabazioak, eta horien artean batez ere Fidela Bernat erronkariarrari eginikoak.

Donostiako Parte Zaharreko Elkano kalean jaioa, zazpi senideetako seme gazteena zen; ama Anoetakoa zuen eta aita Donostiako; aitona Pepe Artola idazle eta antzezle donostiarra zuen eta birraitona Ramon Artola idazlea. Koldoren gurasoek, euskara bazekiten arren, Gerra Zibila hasi zenean utzi zioten hitz egiteari, garai hartako beldur eta errepresio giroa zela eta. Beraz, Koldok ez zuen euskara etxean ikasi, ezta Los Angeles La Salle ikastetxean ere. Hala ere, beti izan zuen euskara ikasteko grina eta 16-17 urterekin hasi zen ikasten, lehenik Maria Dolores Agirrerekin eta ondoren Juan Otaegi apaizarekin. Garai hartan, eta Banco San Sebastianeko "botones" gisa hasi zen lan te eta oposizioak gainditu ondoren, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalean hasi zen lanean. Han euskara ikasten jarraitu zuen Faustino Lasagabasterrekin eta, urte batzuk pasa zirenean, euskara sustatzeko talde bat sortu zuten Aurrezki Kutxan bertan eta Artola euskara sustatzeko arduraduna izan zen.[2][3]

Gaztea zelarik eta Donostia Klubetik sortutako Oargi mendi taldean, bere emaztea, Maria Puy Malangré iruindarra, ezagutu zituen, baita Fermin Leizaola ere. Apurka-apurka, Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia sailean parte hartzen hasi zen, eta bertan egin zituen nagusiki bere ikerketa-lanak. Artola Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea izan zen 1960 urteetatik eta erakunde horretan egin zituen bere ikerketak. Herriz herri ibili, herritarrekin hitz egin, eta ahozko hizkerako lekukotzak jaso eta dokumentatu zituen, belaunaldiz belaunaldi eta batzuetan hizkuntz aldaera batzuen azkeneko testigantzak jaso zituen.[4] Ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2004ko azaroaren 26an.[5][3]

2024ko ekainean, Nafarroa Garaiaren luze zabalean 1970eko eta 1980ko hamarkadetan eginiko grabazioen funtsa eman zion Artolak Euskarabideari: 300 grabazio magnetiko baino gehiago eta haien bertsio digitalizatuak.[6][7] Artola Nafarroako ipar-ekialdeko ibarretan ibili zen batez ere (Erronkarin, Zaraitzun, Aezkoan, Erroibarten, Esteribarren…), bertako euskaraz mintzatzen ziren hiztunen lekukotasunak biltzen. Lan haietan, Aranzadi Zientzia Elkarteari loturik zeuden Pedro Irizar, Fermin Leizaola eta bertze ikertzaile batzuekin batera aritu zen Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa azterlana osatzen.[8][3]

  • Fidela Bernat anderea, euskal hiztun erronkariarra (1991).
  • Olaizko euskal eskuizkribuak (2001).
  • Ziorditik Uztarrozeraino : Nafarroan, euskararen hegoaldeko mugetan barrena, 1983an (2014).

Elkarlanean:

Era berean, hainbat artikulu argitaratu zituen Iker eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan.[9]

Aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2004: Ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2004ko azaroaren 26an.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Biain, Aitor. (2025-10-20). «Koldo Artola: ondarea bildu eta sortu zuena» Berria (kontsulta data: 2025-10-21).
  2. Ahotsak: Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen duen proiektuan hizlari. (kontsulta data: 2016-11-09).
  3. a b c Euskarabidea Euskera. (2024-06-04). Koldo Artola Kortajarena Euskara Bidean (Gazteleraz). (kontsulta data: 2025-10-21).
  4. Aranzadi Zientzia-elkarteko etnografia taldea. (kontsulta data: 2016-11-09).
  5. a b Ohorezko euskaltzain izendapena. (kontsulta data: 2016-11-09).
  6. «Euskarabideak Nafarroako euskararen aldaerak dokumentatzen dituen Koldo Artola Kortajarena etnolinguistaren funtsa jaso du» Nafarroa.eus (kontsulta data: 2025-10-17).
  7. Bildumak – Mediateka. (kontsulta data: 2025-10-21).
  8. «Koldo Artola etnolinguista eta ohorezko euskaltzaina zendu da» www.euskaltzaindia.eus 2025-10-17 (kontsulta data: 2025-10-21).
  9. Lanen erreferentzia Auñamendi Entziklopedian: 23870

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]