Krabarroka txiki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Krabarroka txiki
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaScorpaeniformes
FamiliaScorpaenidae
GeneroaScorpaena
Espeziea Scorpaena notata

Krabarroka txikia (Scorpaena notata) scorpaenidae familiako ur gaziko arraina da, ipar-ekialdeko Ozeano Atlantikoan, Mediterraneo itsasoan eta Itsaso Beltzan bizi dena.[1][2]

Arrain pozoitsua da eta lesio larriak eragin ditzake[3].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Constantine Samuel Rafinesque otomandar-frantziar naturalistak deskribatu zuen 1810. urtean. Sizilia uharten aurkitu zuen[4]. Eskorpioi arrainen ordenako kidea da eta notata izenak markatua esan nahi du, bizkarraldeko hegatsean zuen orbain beltzagatik ezarri zion izen hori[5].

Euskal izendegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
Krabarroka txiki
Kostako kabrea[6] Bermeo, Mundaka

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helduen tamaina 15 cm ingurukoa izan ohi da orokorrean eta 20 cm inguruko luzera ere izan arren, krabarroka gorria baino txikiagoa da. Hura bezala gorrixka-marroixka da eta ezkata zuri ugariz zipriztinduta dago.

Buru handia eta zabala du eta begiak handiak dira. Mutur laburra du eta ahoak goranzko angelua osatzen du. Buruaren ertzetan hainbat garro txiki, arantza eta azal tolestura ditu, inguruarekin kamuflatzen laguntzen diotenak. Begien gainean badu garro txiki adierazgarri bat[7].

Bizkarraldean hegats arantzatsua du. Hamabi arantza zurrun eta bederatzi bigun ditu. Seigarren eta hamargarrenaren artean pigmentu iluneko zirkulu erdi nabarmen bat du. Bizkarraldeko arantza hauek pozoitsuak dira[7]. Isatseko hegatsak bi arantza zurrun eta sei bigun ditu. Alboetako hegatsak handiak eta obalatuak dira, 17-19 arantza dituztenak.

Gorputza 44 ezkata lerrok estaltzen dute. Buruan eta alboetako hegatsen oinarrian ez du ezkatarik ordea.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren eremu azpitropikalean, Mediterraneo itsasoan eta Itsaso Beltzean aurkitzen da.

Bizkaiko golkotik hasi eta Azoreetaraino eta Kanarietan barna Senegalgo itsasertzeraino zabaltzen da ozeano Atlantikoan. Mediterraneoari dagokionez Adriatikoan oso urria da. Itsaso Beltzean Scorpaena notata afimbria azpiespeziea aurkitzen da[8].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krabarroka txikiak duen kolore nahasketari esker erraz kamuflatzen da arroka artean.

Krabarroka txikia kostaldean bizi den espezie bentikoa da baina aurkitu izan da alerik 700 metrotako sakoneran ere[8]. Itsasertzeko arroketan aurkitzen da egonean, baita Posidonia zelaietan ere. Animalia bakartia da eta arrain txikiak, krustazeoak, moluskuak eta bestelako ornogabeak ehizatzen ditu[9].

Ugalketari dagokionez ez da askorik ezagutzen, baina maiatza aldera gertatzen dela pentsatzen da. Hareatan ezkutatzen ditu arrautzak[3].

Arrain lasaia da eta ez du lurraldekoitasunik azaltzen, baina tarteka ikusi izan zaio bestelako arrain espeziekiko jarrera bortitza[3].

Gauez da bereziki aktiboa, orduan ateratzen baita ehizan. Egunez inork molestatzen badu distantzia txiki bat igeri egin eta berriz geldi geratzen da[9].

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da oso erabilia gastronomian, haragi gutxi baitu. Arrain zopak egiteko erabil daiteke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Thode, G., M.C. Álvarez, E. Garcia i V. Giles, 1985. Variations in C-banding patterns and DNA values in two scorpion fishes (Scorpaena porcus and Scorpaena notata, Teleostei). Genetics 68(1):69-74.
  2. Small red scorpion fish (Scorpaena notata). in: Fishes of the NE Atlantic and the Mediterranean. Marine Species Identification Portal.
  3. a b c (Gaztelaniaz) «Escórpora • Scorpaena notata • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  4. «CAS - Eschmeyer's Catalog of Fishes» researcharchive.calacademy.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  5. (Ingelesez) «Order PERCIFORMES (part 9): Suborder SCORPAENOIDEI: Family SCORPAENIDAE» The ETYFish Project 2021-05-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  6. «krabarroka txiki» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  7. a b (Gaztelaniaz) Scorpaena notata. (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  8. a b «Scorpaena notata, Small red scorpionfish : fisheries, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).
  9. a b (Gaztelaniaz) «Scorpaena Notata o Escórpora | Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-30 (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).