Lankide:AitziberVelado/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eraginkortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txertoa gaixotasun infekziosoen kontra egiteko historian egon den baliabiderik garrantzitsuena da. Dena dela, txertoek badituzte mugak, gerta baitaiteke ostalariaren immunitate-sistemak beharrezko erantzuna ez ematea. Erantzun falta eragin dezaketen faktoreak dira, besteak beste, diabetesa, GIB infekzioak, esteroideak eta adina. Arazoa genetikoa ere izan daiteke. Izan ere, B zelulen falta egon daiteke, eta zelula horiek antigorputzen ekoizleak dira. Antigorputz falta izatekotan, ezin izango dira antigenoei lotu eta immunitate-sistemak ez du kaltea ezagutuko (ezagupena antigorputzen bidez ematen baita).

Antigorputzak ekoizten badira ere, babesa nahikoa ez izatea gerta daiteke. Izan ere, gerta daiteke erantzun immunologikoa erabilgarria izateko motelegia izatea, antigorputzak patogenoak guztiz ez deuseztatzea, edo erresistentea den patogenoaren andui bat izatea. Dena dela, nahiz eta erantzuna optimoa ez izan, heriotza-tasa, gaixotze-tasa eta sendatze-denbora murrizten dituzte txertoek.

Adjubanteak erabiltzen dira jadanik sortutako babes immunologikoa sendotzeko, bereziki 50-70 urte baino gehiagoko pertsonen artean, adin horretan txertoekiko erantzuna ahultzen delako.

Txertoen eraginkortasuna ondoko faktoreen araberakoa izan daiteke:

  • Gaixotasunaren izaerak garatu daitezkeen txertoen eraginkortasunean efektua izan dezake.
  • Txerto batzuek gaixotasunaren andui zehatzekiko espezifizitate nabariagoa dute. Beraz, mikroorganismoaren anduia txertoaren eraginkortasunean efektua izan dezake.
  • Txertatze-egutegia jarraitu den ala ez.
  • Txertoekiko erantzun idiosinkratikoa. Pertsona batzuek ez dute txerto batzuekiko erantzunik ematen, eta beraz, nahiz eta txertoa jaso, ez dituzte antigorputzak ekoizten.
  • Etnia, adina, faktore genetikoak eta bestelako faktoreak ere eragina izan dezakete.

Txertoa jaso duen norbaitek gaixotasuna pairatuz gero ("breakthrough infection"), birulentzia txikiagoa izango du gaixotasunak. Beraz, gaixotasuna ezabatu ala ez, txertoen eragina oso positiboa dela frogatu da. Txertoak garatzen diren ahala, gizartean zehar zabaltzeko txertatze-kanpainak proposatzen dira.

Txertatze-kanpaina bat proposatzerakoan kontuan hartzeko zenbait jarraibide:

  • Immunizazio-kanpainak gaixotasunaren epidemiologian izango duen epe luzerako eraginak aurreikusteko modelo baten garapena egitea.
  • Atera den txerto berriaren gaixotasunaren jarraipena egitea.
  • Nahiz eta gaixotasuna gizartetik ezabatu izana, txertaketa jarraitzea immunitatea mantentzeko.

Txertatze masiboen eragina hobeto ulertzeko, adierazgarria da Estatu Batuetako elgorriaren txertoaren kasua. 1958. urtean 763.094 pertsonak pairatu zuten elgorria, eta haietatik 552 hil ziren. Atera ziren txerto berriei esker, gaixotasunaren agerpena zeharo murriztu zen. 2008. urtean 64 elgorri-kasu egon ziren, eta haietatik 54 beste herrialde batetik bidaiatu zuten pertsonek eragindakoak zirela uste zen. 64 pertsona horietatik, 63k ez zuten txertoa jaso edo ez zuten gogoratzen jaso zuten ala ez.

Txertoen eraginkortasunari esker, baztanga ezabatzea lortu zen, hain kutsakor eta mortala bazen ere. Errubeola, poliomielitisa, elgorria, paperak, sukar tifoidea eta barizela gaixotasunak duela ehun urte baino askoz maiztasun baxuagorekin agertzen dira egun.Murrizketa hori gertatu da jende askok txertoa jasotzen badu askoz zailagoa delako gaixotasuna adieraztea eta zabaltzea. Ondorio horri talde-immunitate deritzo. Polioren kontrako ezabatze-kanpaina gogor baten ondorioz, arazo endemikoa izatetik Afganistan, Nigeria eta Pakistaneko zenbait eremutan soilik agertzera pasatu da. Nahiz eta hain zabalduta egon duela ehun urte, gizakietan soilik adierazten den gaixotasuna denez, beste gaixotasunekin baino nolabait errazagoa izan da. Aipatutako populazio horietara heltzea zaila izaten da muga kultural eta fisikoak direla-eta.

Bestalde, frogatu da txertoek zenbait bakteriok antibiotikoekiko erresistentzia garatzeko probabilitatea murrizten dutela. Izan ere, streptococcus pneumoniae-ren ondorioz eragindako pneumoniaren maiztasuna txertoen bidez murriztu denetik, antibiotikoekiko erresistenteak diren kasuen proportzioa ere nabarki jaitsi da.

Albo-efektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroan zehar ematen diren txertoak orokorrean ez dira arriskutsuak. Izan ere, albo-efektuak egotekotan, arinak izaten ohi dira, eta txertoaren araberakoak. Albo-efektu ohikoenak dira, besteak beste, sukarra, mina injekzio-tokiaren inguruan eta min muskularra. Pertsona batzuetan txertoen osagarriekiko erantzun alergikoa sortu daiteke, eta txerto hirukoitz birikoa sukar-konbultsioekin erlazionatu da.

Oso arraroa da albo-efektu larriak ematea.Dena dela, barizelaren kontrako txertoak konplikazioak eragin ditzake immunodefizienteak diren pazienteetan, eta errotavirusen kontrako txertoa heste-inbaginazioen sorrerarekin erlazionatu da.