Lankide:Leyre Cancelo/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ikuspegi orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria Iraultzaren ostean, Eskoziako ekonomiak industria astunen aldeko apustua egin zuen; ontzigintza, meatzaritza eta siderurgiaren aldekoa, bereziki. Eskozia Britainiar Inperioko zati bat den heinean, bere ekoizpen nazionala mundu osora esportatzeko aukera izan du historian zehar. Hala ere, industria astunak gainbehera izan zuen XX. mendearen amaieran eta, ondorioz, Eskoziako ekonomia teknologia eta zerbitzuen sektorera bideratu da azken hamarkadetan. 1980ko hamarkadatik aurrera, teknologia sektorean aritzen diren enpresa asko Eskozian finkatu ziren Silicon Glen teknologia parkea eratuz.

2007an Eskoziako industrian 41.000 pertsona inguru lan egiten zuten. Eskoziako enpresen artean, informazio sistemen garapenean, defentsan, elektronikan eta tresnerian aritzen direnak dira nagusi. Eskoziak, hazkunde bizkorreko enpresa sare moderno bat dauka, tokiko unibertsitateekin elkarlanean aritzen dena. Finantza zerbitzuetan, eraikuntzan, hezkuntzan, bioteknologian, petrolio eta gas ustiapenean, whiskyan eta turismoan aritzen diren sozietateen papera ere aipagarria da Eskoziako ekonomiaren hazkundea ulertzeko.

Eskoziako Barne Produktu Gordina (BPG) 248.500 mila milioi dolarekoa izan zen 2013an, Iparraldeko Itsasoko petrolio eta gas ustiapenetatik lortutako diru-sarrerei esker, batez ere. Aberdeen hiria, Ipar Itsasoko petrolio eta gas ekoizpenaren erdigunea da. Horren ondorioz, Shell eta BP petrolio konpainiek egoitzak ireki dituzte Eskoziako hiri honetan.

Edinburgoh,, Eskoziako hiriburua izateaz gain, finantza-zerbitzuen erdigunea da. Glasgow, bere aldetik, Erresuma Batuko laugarren ekoizpen zentro handiena da. Izan ere, Eskoziako manufaktura-esportazioen % 60 baino gehiago hiri honetatik ateratzen dira.

Ontzigintza sektoreak, XX. mendearen hasieratik, bere garrantzia nabarmen murriztu badua ere, Glasgowko ekonomiaren zati handi bat hartzen du oraindik.

Beste industria garrantzitsu batzuk ehungintza, produktu kimikoak, nekazaritza, garagardoaren ekoizpena eta arrantza dira.

Lehen sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza eta basogintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziako lur masa osoaren oso proportzio txiki bat laborantza lanetara bideratzen da,  lur osoaren % 10a inguru, Eskoziako Gobernuaren datuen arabera. Lurraren laurden bat baino ez da lantzen eta, batez ere, zerealak landatzeko erabiltzen da. Garagarra, garia eta patatak Eskoziako ekialdean hazten dira batik bat; Aberdeenshire, Moray, Highland, Fife eta Scottish Borders eskualdeetan. Tayside eta Angus landaguneak marrubiak, masustak eta ahabiak hazteko ekoizpen zentroa dira, bertako klimaren baldintza egokiak direla eta.

Feudalismoa urte askotan zehar egon zen indarrean Eskozian; horren  ondorioz, gaur egun ere lursail kopuru handiek familia aberats gutxi batzuen eskuetan jarraitzen dute. Izan ere, 350 pertsona Eskoziako lursailen erdiaren jabe dira. Honi aurre egiteko, 2003an Eskoziako Parlamentuak nekazaritza erreforma bat martxan jarri zuen nekazari txikiak lursail baten jabe izateko aukera izan zezaten.  

Eskoziako lurrazalaren % 18,5 gutxi gorabehera basoz osatuta dago. Baso gehienen jabegoa publikoa da eta basogintza politika Scottish Forestry erakundearen menpe dago. Landatze gune gehienak Dumfries and Galloway, Tayside eta Argyll udaletan daude kokatua. Basogintzatik eratorritako jarduera ekonomiko gehienak ereitea, paper produkzioa eta altzariak dira. Horrez gain, Eskoziako basoak aisialdirako aukera ona dira.

Abeltzaintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abeltzaintzari dagokionez, Eskoziako abeltzaintza, batez ere, behien hazkuntzan oinarritzen da. Horretaz aparte, ardien artilearen gaineko merkataritza ere garrantzi handikoa da. Haragiaren produkzioa eta salerosketa ere aipagarria da Eskoziako abeltzaintza ulertzeko.  Eskoziako abeltzaintzak atzerakada garrantzitsu bat izan zuen Britania Handia Europar Batasunean sartu zenean. Izan ere, erakunde honek abeltzaintza kuotak ezarri zizkion Britania Handiari behi haragi eta esnearen gainekoak, hain zuzen.

Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziako inguruko urak Europako aberatsenetarikoak dira. Eskoziako ipar-ekialdeko zenbait lekutan arrantza oinarri ekonomikoa da, Aberdeen eta Mallaig hirietan arrain-merkatu garrantzitsuenak daude. Sardina, karramarroa, otarraina eta bakailaoa bezalako arrainak eta itsaskiak Peterhead-eko portuan lehorreratzen dira egunero. Izan ere, hiri honetako portua Europako arrain portu handienetarikoa da.

Eskoziako arrantza sektorean, enpleguaren beherakada handia gertatueman da azken hamarkadetan. 1970eko hamarkadan, Erresuma Batua Europako Merkatu Komunean sartzean, arrantza-eskubideak Europako Erkidegoari transferitu zizkion, eta honek arrantza kuotak inposatu zizkion Erresuma Batuari. Horren ondorioz, sektore honen produkzioak beherakada nabarmena izan zuen. Gaur egun, Europar Batasuneko Arrantza Politika Bateratuak mugak ezartzen jarraitzen du, itsasoan baimendutako egunen eta zabaldu daitezkeen arrantza-tresnen inguran.

Baliabide naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskozia oso ugaria da baliabide naturaletan; nekazaritzarako egokiak diren lur emankorrak, petrolioa eta gas naturala dira nagusi. Baliabide mineralei dagokienez, Eskoziak ikatza, zinka, burdina eta arbela ekoizten ditu, batez ere.

Eskoziako erdialdean dauden ikatz erreserbek nabarmen lagundu zuten Eskoziako industria garatzenko XIX eta XX. mendeetan, garai batean ikatz meatzaritza  enplegatzaile nagusia izan zen Eskozian.

Hala ere, ikatzaren sektoreak behera egin du azken 50 urteetan, atzerriko ikatza merkeagoa baita. Azken ikatz meatzea, Longannet-en kokatua zegoen eta 2016an itxi zuten. Gaur egun, aire zabaleko ikatz meatze txiki batzuek jarraitzen dute.

Iparraldeko Itsasoko urak oso aberatsak dira petrolioari dagokionez. Izan ere, Erresuma Batua eta batez ere Eskozia, Europako petrolio ekoizle garrantzitsuenetarikoa da. 1966an petrolioa aurkitu zen Ipar Itsasoan, eta 1976an hasi ziren baliabide natural hau ustiatzen. Petrolio ustiapenaren hazkundearekin, hala nola sektore hau funtzionatzeko beharrezkoak diren industria osagarriekin batera, Aberdeen hiria Erresuma Batuko petrolioaren hiriburua bihurtu zen. Petrolioarekin zerikusia duten enpresek 100.000 pertsona inguru enplegatzen dituzte Eskoziako iparraldean (biztanleria aktiboaren % 6a gutxi gorabehera), aberastasun asko sortuz. Nahiz eta Iparraldeko Itsasoko petrolio ekoizpenak beherakada bat izan duen 1999tik, oraindik petrolio tona asko ateratzen dira urtero. Adituen ustez, petrolio-putzuen bideragarritasuna bermatuta dago hurrengo urteetarako.

Bigarren sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziako industria astuna XIX. mendeko bigarren erdian hasi zen garatzen. Carron Konpainiak errementeria bat ireki zuen 1759an mineral inportatuak erabiltzen, baina geroago tokiko mineralak erabiltzen hasi zen. Altzairuaren industria laukoiztu egin zen 1830-1844 urteen artean. Ontzigintzak, bere aldetik, bultzada handia izan zuen 1840ko hamarkadaz geroztik Britainia Handiko itsasontzien erdia Eskozian ekoiztuz. Ontzigintzan eta burdinbidean oinarritutako industria astunak gainbehera izan dute Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik.

Industria astunak gero eta garrantzi gutxiago du Eskoziako ekonomian. Hau globalizazioaren eta ekonomiaren garapenaren ondorioa da. Gainera, garapen bidea dauden Asiako herrialdeek emergenteek dituzten eskulan kostu baxuek Eskoziako ekonomiak zuen abantaila konparatiboa murriztu dute. Hala ere, industria astunaren gainbehera beste industria batzuen sorrerarekin ordezkatu da. Azken urteotan, Eskoziako ekonomiak teknologiaren eta ikerketaren aldeko apustua egin du eta arlo hauetara bideratu du bere industria. Ingeniaritza eta defentsa sektoreak ere aipagarriak dira 30.000 pertsona baino gehiago enplegatzen baitituzte. Sektore hauetako enpresa garrantzitsuenak BAE Systems, Rolls-Royce, Raytheon, Alexander Dennis, Thales, SELEX Galileo, Weir Group eta Babcock dira.

Laburbilduz, Eskoziako egitura produktiboa aldatzen joan da urteetan zehar. Industrian oinarritutako ekonomia izatetik teknologia zerbitzuetan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia izatera pasatu da denbora gutxian.

Whiskya[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seguruenik whiskya Eskoziako produktu manufakturatu ezagunenetarikoa da. Produktu honen esportazioek % 87ko gorakada izan dute hamar urteetan (2003 – 2013) eta Erresuma Batuak elikagaiak eta edariak saltzeagatik lortutako diru sarreren laurden bat suposatzen du. 35.000 pertsona inguru whiskyaren sektorean lan egiten dute. Destilategi nagusienak Speyside eta Islay Irlan daude kokatuta. Leku askotan, industria honek turismoarekin lotura estua dauka.

Ehungintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki, eskoziako esportazioak arlo honetan artilean eta animalien azalean oinarritu dira. XVIII. mendean, lihoak artileari aurre hartu zion. Hurrengo mendeetan, kotoiak lihoa ordezkatu zuen. Ondorioz, George Houston enpresariak Eskoziako lehen kotoi fabrika ireki zuen, Britainia Handiko kotoi fabrika handiena izanik. Industria iraultzak lehenik eta Indiako kolonizazioak gero, bultzada garrantzitsu bat eman zioten Eskoziako ehungintza sektoreari. Gaur egun, sektore hau gainbeheran dago, sektore teknologikoa gailentzen den bitarretan.

Elektronika sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980tik Eskoziako ekonomiak aldaketa sakonak izan ditu. Teknologia eta berrikuntza sektoreak garrantzi handia hartu du gaur egun lurralde honetako sektore nagusia izanik. Aldaketa honen adierazle nagusia Silicon Glen gunearen eraketa izan da. Gune teknologiko hau, Kaliforniako Silicon Valley parke teknologikoan oinarritzen da eta milaka lanpostu sortzen ditu urtero. Elektronikaren sektoreko IBM eta Hewlett-Packard enpresak bertan kokatu dira eta Eskozian erabiltzen diren gailu elektroniko gehienak ekoizten dituzte.

Esan bezala, Eskoziako ekonomia denbora gutxian industria astunean oinarrituta egotetik teknologia sektorean oinarrituta egotera pasatu zen. 1990ko hamarkadaren amaieran gertatutako teknologia sektorearen krisiak gogor jo zuen Eskozian sortzen ari zen Silicon Glen teknologia gunea. Viasystems, National Semiconductor, Motorola eta Chunghwa enpresek, langileen kaleratze masiboak egin zituzten eta fabrika berri askok porrot egin zuten.

Hala ere, azken urteotan badirudi sektore hau pixkanaka errekuperatzen ari dela. Zentzu honetan, softwarea lantzen duten enpresa berri askoren sorrera aipagarria da tokiko ekonomia suspertzen ari dutenak. Gainera, enpresa teknologiko berri askok Eskoziako unibertsitateekin elkarlanean aritzen dira. Wolfson, Linn, Nallatech, Axeon edo 4i2i enpresak modu honetan eratu dira. Eskoziak teknologia sektorean duen espezializazioaz erakarrita Amazon Edinburghn kokatu zen, Estatu Batuetatik kanpo ezartzen zuen lehen filiala izanik. Modu honetan, Eskoziako ekonomia burbuila teknologikoaren eztandatikz errekuperatu egin da urte gutxitan.

Eraikuntza sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskozian urtero 21.000 – 22.000 etxebizitza berri eraikitzenekoizten dira urtero. 2019an esaterako, 21.805 etxebizitza berri eraiki ziren lurralde honetan. Eraikuntzaren industriak 5 milioi libra inguru mugitzen ditu urtero eta Eskoziako BPGaren % 2a da. Gainera, miliaka eskoziar sektore honetan lan egiten dute.

Hirugarren sektorea eta zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finantza-zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an, Edinburgo 15. postuan sailkatu zen munduko finantza zentroen zerrendan, baina 2012an 37. postura jaitsi zen, ondorioz bere ospean kalte bat eraginez. 2015ean, 71. postura jaitsi zen. The Royal Bank of Scotland, Bank of Scotland, Scottish Widows eta Standard Life bezalako finantza-erakunde handiek presentzia dute hiri osoan zehar. Edinburgo eta Glasgow hirietan oinarrituta, Eskoziako finantza-zerbitzuen industria % 35 baino gehiago hazi zen 2000 eta 2005 urteen bitartean. Gainera, 95.000 langile inguruk egiten dute lan finantza-zerbitzuen sektorean, eta 7.000 milioi libera sortzen dute, hau da, Eskoziako BPGaren % 7a.

2020. urtean, Edinburgo, munduko finantza-zerbitzuen sektoreen rankingean 17. postuan kokatu zen, eta seigarrena Mendebaldeko Europako zerrendan, Global Financial Services Centres Index-en arabera.

Banku sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziako bankak historia luzea du. 1695ean Edinburgon, Eskoziako Bankua sortu zenetik, hau izugarri hedatu zen XVIII. eta XIX. mendeetan zehar merkataritza garapena ahalbidetuz. XIX. mendean, banakoen txikizkako banku-zerbitzuak hedatuz joan ziren, Henry Duncan ministroak proposatu zuen administratzailearen aurrezki-bankuaren eredua jarraituz.

Eskoziak lau konpentsazio-banku ditu: Eskoziako Bankua, Royal Bank of Scotland, Clydesdale Bank eta TSB Bank. Royal Bank of Scotland nazioarte mailan zabaldu zen, eta Europako bigarren banku handiena izatera pasatu zen. Mundu mailan, 2008an laugarren handiena izan zen honek zeukan merkatu kapitalizazioagatik, baina 2008ko finantza-krisiaren ondorioz kolapsatu zen eta 76.000 milioi librako kostuarekin erreskatatu behar izan zuen Erresuma Batuko Gobernuak. Mundu mailako agintariek, Edinburgo hiria finantza-zentro garrantzitsu gisa izendatu zuten.

Ingalaterrako Bankuak Erresuma Batuko gobernuaren banku zentrala izaten jarraitzen badu ere, Eskoziako hiru konpentsazio bankuek euren billeteak jaulkitzen dituzte oraindik: Eskoziako Bankua, Royal Bank of Scotland eta Clydesdale Bankua. Billete hauek ez dute diru-zerbitzuko izaerarik, baina praktikan Erresuma Batu osoan onartzen dira. (National Records of Scotland, 2009)

Inbertsioak, aseguruak eta aktiboen zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen lehen erdian, bizi-aseguruen konpainia asko sortu ziren Eskozian. 1980ko hamarkadarako, Eskoziako Bizi Bulegoen Elkarteko bederatzi kide zeuden, baina kide hauek banandu egin dira, gehienak xurgatuak izanik. Dena den, Edinburgon egoitza duen Standard Life enpresak, nahiz eta banandu, independentea izaten jarraitzen du.

Gaur egun, Eskozia munduko funtsak kudeatzeko zentro handienetakoa da, 300.000 mila milioi libra baino gehiagoko aktiboak herrialdean kudeatzen edo zuzenean kudeatzen dituena. Eskoziako funtsen kudeaketa-zentroek presentzia handia dute hainbat arlotan, hala nola, pentsioetan, higiezinen funtsetan eta inbertsio-fondoetan, baita txikizkako eta bezero pribatuen merkatuetan ere. Era berean, funtsen kudeatzaileen izenean aktiboei zerbitzua ematea Eskoziako finantza-zerbitzuen industriaren osagai gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da, Eskozian oinarritutako enpresek balore-zerbitzuetan, kontabilitatean, inbertsioetan, errendimenduaren neurketan, konfiantzazko eta zaintzaile-zerbitzuetan eta diruzaintza-zerbitzuetan adituak izanik.

Software sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziako softwarearen industria azkar garatu zen eta 2016an 40.226 pertsona inguruk lan egin zuten ekonomia digitalean Edinburgon, Glasgown eta Dundeen. Eskoziak fabrikazioan duen historia softwarearen sektorera pasatzen ari da eta honek mundu osoko enpresak erakartzen ditu. Eskozian oinarritutako software enpresen artean, Skyscanner, FanDuel, Amazon aurki dezakegu. Gainera, fintech komunitate oparoa ere garatu izan da.

Hainbat unibertsitate paper garrantzitsua betetzen ari dira Informatika-zientzietan egindako ikerkuntza lanengatik, besteak beste, Edinburgoko Unibertsitateko Informatika Eskola. The Research Excellence Framework-ek (REF) 2014an egindako ebaluazioaren arabera, Edinburgoko Informatika Eskolak Erresuma Batuko beste edozein unibertsitatek baino mundu mailan puntako eta nazioartean bikainagoak diren ikerketak egin ditu.

Turismo sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismoak Eskoziako BPGaren % 5 suposatzen duela kalkulatzen da. Eskozia ondo garatuta dagoen helmuga turistikoa da lurralde honek dauzkan, paisaiak, mendiak eta historia aberatsagatik. Turismoaren ekonomiak eta turismoarekin lotutako industriak Eskoziako enpleguaren % 7,7 inguru hartzen du (Visit Scotland, n.d.). 2014an, 15,5 milioi bidaia turistiko baino gehiago egon ziren Eskozian, eta bisitarien gastua 4.800 mila milioi librakoa izan zen. Etxeko turistak, Erresuma Batukoak alegia, Eskoziako bisitarien gehiengoa dira. 2014an, esaterako, Erresuma Batuko bisitariek 12,5 milioi bisita egin zituzten Eskoziara, 41,6 milioi gau egon ziren eta 2.900 mila milioi libra gastatu zituzten. Aitzitik, atzerriko biztanleek 2,7 milioi bisita egin zituzten Eskoziara, 21,5 milioi gau egon ziren eta turista hauen gastua 1.800 mila milioi librakoa izan zen. Atzerriko bisitariei dagokienez, Estatu Batuak izan dira atzerriko bisitarien iturri handiena, hauek bisiten % 15a suposatuz. Alemaniatik etortzen biren bisitariek bisitari kopuru osoaren % 13a suposatuko dute, Frantzia %7a, Australia %6a eta azkenik, Kanadak bisitarien % 5a.

Arestian aipatu bezala, turismoa ezinbesteko diru-sarrera iturri garrantzitsua da Eskoziarentzat, batez ere, Highlands bezalako zonaldeentzat, hauek dinamismo ekonomikorik ez duten zonalde menditsuak baitira. Whisky-arekin batera, Lur Garaiak herrialdearen ezaugarririk erakargarrienetariko bat da kanpotik datozen turistentzat. Honetaz aparte, hirietara zuzendutako kultur turismoak sortutako jarduera ere nabarmena da Eskozian.

Pandemiaren ondorioak turismo sektorean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batu osoan bezala, Eskoziak ere COVID-19 pandemiak suposatutako murrizketek eta itxierek negatiboki jo zuten tokiko ekonomia. Turismo sektorea bereziki, egoera berri honen kaltedun nagusia izan zen. 2020ko urrian, Eskoziako Turismo Aliantzak hurrengo aipamena egin zuen: "Pandemia honen eragin suntsitzaileen ondorioz, susperraldia lortzea erronka zaila izango da, ez bada ezinezkoa, Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek zuzendutako laguntza etengabearen bermerik gabe ezin izango dugu helburu hau lortu". Lehen ministroak, ostalaritza/turismo sektoreak jada bizi izan zituen atzerapausoak aitortu zituen 2021eko martxoko hitzaldi batean, industriari laguntza ekonomikoa emango ziola iragarri zuenean.

Pandemiak turismoan izan duen eraginari buruzko estatistikak eskaintzen dituzten txosten gehienek Erresuma Batu osoa hartzen dute barne, hala eta guztiz ere, batzuek Eskoziari buruzko informazioa ematen dute. VisitBritain-ek 2021eko apirilean adierazi zuen bezala, Erresuma Batuko bidaien murrizketek eta itxierek Erresuma Baturako turismo sarreren % 76ko murrizketa ekarri zuen 2020an. 2021ean  egindako aurreikuspenei dagokienez, hasieran turismoa poliki-poliki haziko zela aurreikusi zuten, txostenak ondorioztatu zuenarekin bat eginez. Dena den, txostenak aipatzen duen bezala, ez zen espero maila normaletara ere hurbiltzea. (VisitBritain, n.d.)

Strathclyde Unibertsitateko Allander Fraser Institutuak 2021eko martxoan argitaratutako txostenean oinarrituz,  Erresuma Batuan "turismoak eta ostalaritzak galera nabarmenak izan zituzten pandemiaren ondorioz". Argitaratutako datuen artean, nazioko eta nazioarteko bisiten xehetasun zehatzak eman zituzten ere. Txosten honek Eskoziako hotel-industria ere zehaztapen handiz aztertu eta deskribatu zuen. Txostenean aipatzen den bezala, egoera ez zen oraindik baikorra momentu horretan: «joera aldaketaren zantzurik gabe, sektoreko enpresen % 70ek baino gehiagok ohiko fakturazioa baino txikiagoa izan baitzuten». (University of Strathclyde Fraser of Allander Institute, 2021)

2020ko urrian, Scottish Tourism Alliance Task Force-k bere gomendioak argitaratu zituen Eskoziako Gobernuak eta Erresuma Batuko Gobernuak bete beharreko berehalako ekintzekin batera. Hauen artean, finantza-laguntzak, sektorea merkaturatzeko finantzaketa eta hegazkin-bidaien lehiakortasuna sustatzeko ekimena martxan jarri zen. Gainera, hurrengo hilabeteetan eta urteetan zehar industria honi laguntzeko asmoarekin, lehen ministroak 2021eko martxoan, 25 milioi librako turismoa sustatzeko programa bat martxan jarriko zuela iragarri zuen. Eskoziako Sturgeon ministroak gogorarazi zuen ere ostalaritza/ turismo sektoreari bultzada emateko asmoz, 129 milioi libra baino gehiagoko laguntza eman zuela. (Scottish tourism alliance, 2021)

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziako aireporturik garrantzitsuenak hurrengoak dira: Edinburgo Aireportua, Glasgow Nazioarteko Aireportua, Glasgow Prestwick Aireportua, Aberdeen Aireportua, Inverness Aireportua eta Dundee Aireportua. Eskoziako aireportu gehienak 1980 ko hamarkadan pribatizatu ziren, Eskozia kontinentala zerbitzatzen duten eta uharte askotan aireportuak ustiatzen dituzten HIALen jabetzakoak eta horrek kudeatzen dituenak izan ezik.  

2004an, 22,6 milioi bidaiarik, erabili zituzten Eskoziako aireportuak, 514.000 hegazkin-mugimendurekin. (SCOTTISH TRANSPORT STATISTICS, 2005) Gainera, Eskoziako aireportuak Erresuma Batuan azkarren hazten ari direnen artean daude bidaiari kopuruari dagokionez. BAA plc aireportu-operadore nagusiak, Aberdeen, Edinburgo eta Glasgow Nazioarteko Aireportu nagusietan ahalmenaren hedapena errazteko planak argitaratu ditu bidaiarien erabileraren hazkunde handiari aurre egiteko, terminal eta pista berriak barne. Prestwick-eko aireportuak aireko zama eragiketa eta zama manipulatzeko instalazio handiak ere baditu. Eskozia ondo komunikatuta dago airelinea askorekin eta nazioarteko ibilbide sare bat hedatu du distantzia luzeko zerbitzuekin, hala nola: Dubaira, New Yorkera, Atlantara eta Kanadara.

Eskoziak itsas portuak ere baditu, hala nola, Clydeport, Hunterston Ore Terminal, Grangemouth, Dundee Portua, Aberdeen Portua eta Inverness Portua. Aipagarria da, Grangemouth portuaren kasua, honek trenbide konexiorako W12  zabalera berezia duen portu bakarra baita.

Tokiko garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraio azpiegitura gehienak tokiko errepideak dira, hau da, udalek mantentzen dituztenak. Tokiko errepideen kalitatea aldakorra izan daiteke udal bakoitzaren finantzaketa-lehentasunen arabera. Autobus zerbitzuei dagokienez, udalekin kontratupean jarduten duten enpresa pribatuen esku egongo da. Glasgowko Metroa berriz, SPT asoziaziaren kontrolpean egongo da, gainontzeko trenbide-saretik deskonektatutako zabalera estuko trenbide zirkular bat eskainiz. Hala ere, Edinburgoko hiria tranbia-proiektu penagarri batean murgildu zen: Eskoziako trenbide arin bakarra. Proiektu hori aztertzen ari dira epaileak, Kontseiluak proiektua diseinatzean eta abian jartzean izandako akatsen inguruan eztabaida sortu baitzen.

Sektore publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sektore publikoak, Eskoziako ekonomian eragin nabarmena du, eta gobernu zentraleko sailak, tokiko gobernuak eta enpresa publikoak barne hartzen ditu. 2005eko 3. hiruhilekoan, 577.300 langile zeuden sektore publikoan lan egiten, hau da, Eskoziako enpleguaren % 23,4a hain zuzen ere. Ehuneko honen barruan Eskoziako Osasun Zerbitzu Nazionalean lan egiten duten profesional mediku guztiak, larrialdi-zerbitzuetako langileak eta estatuko hezkuntzan eta goi-mailako hezkuntzaren sektorean lan egiten dutenak barneratzen dira. Honi administrazio publikoan, tokiko gobernuan eta erakunde eta korporazio publikoetan gobernuak dituen enplegatuei gehitzen zaie.

Erresuma Batuko Gobernuaren eta Eskoziako Gobernu deszentralizatuaren eskumenen  eta botereen bereizketa argia da politika ekonomiko nazionalaren formulazioari eta exekuzioari dagokionez, Eskoziari eragiten dion heinean behintzat. Hala adierazten baita Eskoziako Gobernuaren Legearen 5. atalean. Eskozia 1998.

Erreferentzia bibliografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

National Records of Scotland. (2009, Otsaila 26). National Records of Scotland Web Archive.

Economy of Scotland. Wikipedian. 2021eko azaroaren 10ean berreskuratua.

SCOTTISH TRANSPORT STATISTICS. (2005). SCOTTISH TRANSPORT STATISTICS. UK web archive.

Scottish tourism alliance. (2021, Martxoa 24). First Minister announces £25 million for tourism recovery at STA conference.

Tourism in Scotland. Wikipedian. 2021eko azaroaren 15an berreskuratuta.

University of Strathclyde Fraser of Allander Institute. (2021, Martxoa 18). Covid-19 impact on the Tourism and Hospitality Sector, an insight from the latest Economic Commentary.

VisitBritain. (n.d.). 2022 tourism forecast. VisitBritain.

Visit Scotland. (n.d.)

J. D. Mackie, B. Lenman and G. Parker, A History of Scotland (London: Penguin, 1991)

C. R. Warren, Managing Scotland's Environment (Edinburgh: Edinburgh University Press, 2002)

B. Cullingworth and V. Nadin, Town and Country Planning in the UK (London: Routledge, 2003)

"155 Scots jobs lost since Sun takeover by Oracle". The Scotsman. 10 March 2011. Retrieved 25 December 2016.

"Scotch Whisky FAQs". Scotch Whisky Association. Retrieved 26 April 2020.