Louis Sullivan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Louis Sullivan

Bizitza
JaiotzaBoston1856ko irailaren 3a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaChicago1924ko apirilaren 14a (67 urte)
Hobiratze lekuaGraceland hilerria
Hezkuntza
HeziketaBoston English High School (en) Itzuli
Massachusetts Institute of Technology
Arte Ederren Goi Eskola Nazionala
(1874 - 1876)
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)Frank Furness (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa eta diseinatzailea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
MugimenduaChicagoko eskola

Find a Grave: 1003 Edit the value on Wikidata

Louis Henry Sullivan (Boston, 1856ko irailaren 3a - Chicago, 1924ko apirilaren 14a) estatubatuar arkitektoa izan zen, Chicagoko eskolako nagusietakoa. Estatu Batuetako lehenengo etxe orratzak egin zituen. Sullivanek halako betetasun eta klasizismo formal bat bilatu zuen bere eraikinetan, eta horrexek bereizten du Chicagoko eskola gainerako arkitektoengandik.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1872-1873 bitartean Cambridgeko Massachusetts Institute of Technology-n ikasi ondoren, Parisko Arte Ederretako Eskolan osatu zituen ikasketak (1874-1876). Estatu Batuetara itzuli zenean, Chicagon hasi zen lanean, eraiki eta eraiki ari baitziren, 187leko sutearen ondoren, Frederick Baumman ingeniariaren bulegoan. 1879an Dankmar Adler ingenieriaren enpresan hasi zen lanean, eta bi urte geroago Adler & Sullivan konpainia eratu zuen harekin.

1886an garrantzi handiko lan bat enkargatu zioten, Chicagoko Auditorium Building: hotela, bulegoak eta 4.000 lagunentzako antzokia. Teknika tradizionalaren arabera egin zuen, harrizko bloke handiez, eta Sullivanen poetika konstruktibistaren lehenengo adierazpen osoa da; obra horretan, beste batzuetan bezala, puntu erdiko arkutan amaitutako zutabe sailen bidez bildu edo inguratu zituen eraikineko solairuak.

Guaranty Building, Buffalo, 1894-1896

Hurrengo hamarkadan bere karrerako lanik hoberenak egin zituen, saltoki handi asko tartean: James H. Walker Warehouse & Company saltoki handia (Chicago, 1889), Wainwright Building (Saint Louis, 1891), metalezko zutabezko eraikina, adreiluz estalia eta landareez apaindutako friso batekin, Guaranty Building (Buffalo, 1894-1896), Bayard Building (New York, 1897-1898) eta Gage Building (Chicago, 1898-1899), besteak beste.

Baina Sullivanek negozio etxe handien aurrerabideari egin zion ekarpenik handiena Schlesinger & Mayer saltegia izan zen (Chicago, 1899-1904), egungo Carson, Pirie, Scott and Company, hamabi solairuko eraikina, beheko bi solairuetan izan ezik apaingarririk gabea. Sullivanen heldutasunaren erakusgarri dira, halaber, Getty Tomb (Chicago, 1890), National Farmer's Bank (Owatonna, Minnesota, 1907-1908) eta Van Allen Building (Clinton, Iowa, 1913-1915) eraikinak. Obra horietan Sullivanen axioma ospetsua, «forma funtzioaren atzetik dator», ikuspen sinboliko batean gauzatzen da: eraikinaren batasun espresiboa bolumenen banaketa erritmikoaren bidez lortzen da (arku sailak, erlaitzak, irtenune apaingarrien erabilera perspektibazkoa), arrakala bertikal sakonez eta dekorazio arin batez apaindua.

1893an Chicagon egin zen mundu feria handiak Chicagoko eskolaren funtzionalismoaren porrota eragin eta garai bateko jarrera akademizista eta klasizista indartu ondoren, lanik gabe geratu zen Adler & Sullivan estudioa. Sullivanek estudioa utzi zuen eta, edanari eman bazion ere, lan txiki baina xarmagarri batzuk egin zituen, hala nola probintzietako banketxe txiki batzuk: Merchants' National Bank, Grinnell, 1914; People's Federal Savings and Loan Association Bank, Sidney, 1918; Farmers and Merchants Bank, Columbus, 1919; lan horietan apaingarri jarritako elementuek, oso dotoreak eta bolumen zehatzen gainean ezarriak, elementu funtzionalenak azpimarratzen dituzte.

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Louis Sullivan Aldatu lotura Wikidatan