Macellum
Macellum (pluralean macella) Antzinako Erromako azoka estalia zen. Bertan, nagusiki, elikagaiak saltzen ziren (bereziki frutak, barazkiak, haragia eta arraina)[1]. Eraikuntza, normalean, basilikaren eta foroaren ondoan kokatzen zen[2]. Macellum bakoitzak produktu ezberdinak saltzen zituen, tokiko eskuragarritasunaren arabera, baina ez zen arraroa eliikagaiak inportatzea, bereziki Ponpeia bezalako portuetan.
Hiriko bizimoduari mesede egiten zioten, merkataritza antolatuz: macellumetan, askotan, luzerako neurri ereduak aurkitu izan dira harrian grabatuta.
Oinplanta eta antolamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Macellum bat, orokorrean, karratua da. Erdiko patioa tabernaez edo dendaz inguratuta dago, denak tamaina berekoak. Handitu ere egin zitezkeen, bigarren solairu bat edo gehiago emanez. Macellumerako sarrera eraikinaren lau aldeetako erdiko ateetatik edo tabernaetatik egiten zen. Dirudienez, harakinentzat gordetako tabernaeak elkarrekin zeuden macellumeko eremu batean, marmolezko gainekin, ustez haragia hotz mantentzeko, eta ura eta odola bezalako hondakin likidoak deuseztatzeko hustubideak.
Macellum batzuen patioen barruan, egitura monopteroa duten tenplete zirkularrak aurki ditzakegu, tholos bezala ezagutzen direnak; honen adibide da jada aipatutako Pozzuoliko macelluma.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Macelluma erromatar mundu osora hedatu zen K.a. III. mendetik aurrera, edo, nolanahi ere, ez dago Erromatik kanpoko adibiderik data honen aurretik: lehenengo adibidea, hain zuzen ere, mendearen bigarren erdialdean agertzen da hirian, bakarra izan zen K.a. 179. urtera arte, bigarren merkatua sortu zenean hirian Marko Fulvio Nobiliorrek egina.
Momentu honetatik aurrera hasten da eraikinaren hedapena hiri-lurralde hertsitik kanpo. Horrek esan nahi du macellumak, Erromarentzako berritasun bat izanik, denbora jakin bat behar zuela erromatar kulturan eta menperatutako hirietan sartzeko. Aldi berean, erromatarrek Italiako hegoaldean zuten eragina sendotzen ari zen, eta horrekin batera beraien buruaren kontzientzia gero eta handiagoa izan zen. Hori baieztatuko lukete orain arte ezagutzen diren lehen macellak (hau da, Ostia, Ponpeia eta Morgantinakoek) bai ikuspegi kronologikotik (merkatu horiek K.a. II. mendearen bigarren erdialdean eraikiak daude) bai geografikoki hartzen dituzten zentroen banaketa.
Antzinako azoken aztarnen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guztira, Erromatar Inperioan 80 macellum zeuden, besteak beste:
- Erromako Trajanoren merkatuak, multzo nabarmena, hainbat mailatan eraikiak.
- Erroman Augustok eraikitako Liviaren merkatua, Erromako Eskilino muinoan eraikitakoa bere emazte Liviaren izenean.
- Thuburbo Majus, Tunisian.
- Libiako Leptis Magnan, bere azalera osoan gordeta.
- Jordaniako Jerax hirian.
- Cuiculen (Djemila), Aljerian.
- Ponpeiako macelluma
- Puteolesko (Pouzzoli) macellum, "Serapisen tenplua" ezizena duena.
- Efesoko macelluma.
- Ampuriasko macelluma.
- Baelo Claudiako macelluma.
- Lugdunum Convenarumgo macelluma. (gaur Saint-Bertrand-de-Comminges)
- Siriako Palmirako macelluma (2002 eta 2005 artean Palmirako misio frantsesak indusia)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Frantsesez) Ruyt, Claire de. (1983). Macellum: marché alimentaire des romains. Institut supérieur d'archéologie et d'histoire de l'art, Collège Érasme (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
- ↑ Richardson, Lawrence, Jr., 1920-2013.. A new topographical dictionary of ancient Rome. ISBN 0-8018-4300-6. PMC 25009118. (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).