Mari Jose Lasa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mari Jose Lasa
Bizitza
JaiotzaGarin, 1957 (66/67 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea 1982) lizentzia : Komunikazio zientziak
Jarduerak
Jarduerakkazetaria
Enplegatzailea(k)Euskadi Irratia

Mari Jose Lasa Barandiaran (Garin, Gipuzkoa, 1957) euskal kazetaria da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamabi urtera arte auzoko eskolan ibili zen eta gero Beasaingo institutuan jarraitu zituen ikasketak. 1975ean Donostiara joan zen EUTGra, Historia ikastera, baina urtebete egin zuen. Garai berean, euskarako klaseak ematen hasi zen eta hiru urtez jardun zuen Donostian. Ondoren Leioara joan zen Informazio Zientziak (Kazetaritza) ikastera eta karrera osoa han egin zuen lehen belaunaldikoa izan zen. Hemen ere euskarako klaseekin jarraitu zuen. 1982an kazetaritza amaitu eta Genevako unibertsitatean matrikulatu zen. Han bere senarra (Rachid Somai) ezagutu eta 1985ean ezkondu egin zen. Senarra Nazio Batuen egoitza nagusian hasi zen lanean eta 1986ko urtarrilean New Yorkera joan ziren bizitzera eta lau urte egin zituzten han.

1990ean Bagdadera (Irak) joan ziren, baina han hiru hilabete besterik ez zeramatzatenean, Tunisian oporretan zirela, Saddam Husseinek Kuwait inbaditu zuen eta Garina etorri ziren. 1991an Amman-era (Jordania) joan ziren bizitzera eta sei urte egin zituzten han. Han zirela, Euskadi Irratirako Ekialde Hurbileko berri ematen hasi zen, han gertatzen zenaren kronika eta analisi politikoa eginez. [1]

1997an Beirutera (Libano) joan ziren eta han bizi izan ziren 2011ra arte. Ekialde Hurbilean 20 urtez bizi ondoren Erromara (Italia) joan ziren bizitzera, 2015ean senarra jubilatu zen arte. 2017an senarra hil zitzaion eta harrez gero Garinen bizi da. Gaur egun, hamabostean behin Euskadi Irratiko Baipasa saioan[2] kolaboratzaile lanak egiten ditu mundu arabiarrari, islamikoari, Ekialde Hurbilari eta Ipar Afrikako estatu eta jendeei buruz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Gertakari ugari izan ziren Ekialde Hurbilean bizi izan ginenean». (Noiz kontsultatua: 2021-11-12).
  2. «Mari Jose Lasa kazetariaren lehen baipasa» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-03-05 (Noiz kontsultatua: 2021-11-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]