Metamorfosi (biologia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Igelaren metamorfosia
Matxinsaltoa intsektu heterometaboloa da. Irudian 5 ninfa-estadioak eta heldua.

Metamorfosia animalia batzuen garapenean, enbrioi eta heldu-faseen bitartean, gertatzen diren aldaketa anatomikoen multzoa da. Animalia askok ez dute jaio berritan helduen itxura. Haien enbrioitik larba bat eratzen da, eta hau, zenbait fase igaro ondoren, animalia heldu bilakatzen da. Eraldaketa horiek nahiko epe laburrean gertatzen dira; horretarako animalia helduarenak diren ehun eta organoak eratu behar dira, eta larbarenak diren organo eta ehunak desegin. Aldaketa fisiologikoak eta ekologikoak ere (bizitzeko era) gertatzen dira epe horretan. Metamorfosiaren aldiak animalia hauetako larben ehunak aldarazten dituen hormona jakin batzuek ekarriak dira, nahiz eta tenperaturak, elikadurak eta gisa horretako beste faktore batzuek ere eragina duten.


Metamorfosia oso hedatua dago animalien erreinuan, ornogabeen artean batez ere (intsektuak, moluskuak, krustazeoak, knidarioak, ekinodermatuak...). Kordatuen artean tunikadunek, zefalokordadunek (anfioxo), ziklostomoek, anfibioek eta arrain hezurdun batzuek (aingirek adibidez) izaten dute metamorfosia.

Intsektuen metamorfosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garapen postenbrionarioan zehar Pterygota azpiklaseko intsektuek, eklosiotik imagoa (heldua) garatu arte, zenbait muda izaten dituzte hazteko, eta bitartean ondoz ondoko aldaketak pairatzen dituzte. Hauen multzoari metamorfosi deritzo[1]. Jasaten duten metamorfosi motaren arabera, intsektuak bi taldetan sailkatzen dira[2]:

  • Intsektu heterometaboloak, metamorfosi ez-osoa jasaten dutenak. Estadio heldugabeek ninfa izena dute. Ninfek helduen antz handia dute, baina txikiagoak dira eta imagoen ezaugarri batzuk (hegoak, ugaltze-aparatua) falta dituzte. Garapen postenbrionarioa mailaz mailakoa izaten da eta apendizeak zuzenean bihurtzen dira helduarenak.
  • Intsektu holometaboloak, metamorfosi osoa jasaten dutenak. Intsektu hauetan larba eta heldua erabat desberdinak izaten dira, bai kanpo-ezaugarrien aldetik eta baita ere barne-anatomiaren aldetik. Intsektu perfektua edo imagoa eratu aurretik, larbak mugikortasunik gabeko eta ezer jaten ez dueneko pupa-fasea igarotzen du.

Anfibioen metamorfosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anfibioen ohiko bizi-zikloan arrautzak uretan erruten dira. Arrautzatik ateratzen den larbak igeri egin dezake eta zakatzen bidez ur azpian arnasa hartzen du. Ez du, ordea, heldutan izango duen itxura, eta heldutasunerako bidean gorputzak aldaketa morfologiko eta fisiologiko sakona izanen du[3].

Zapaburua, adibidez, uretan bizi da eta zakatz bidez hartzen du arnasa, eta metamorfosiaren bidez lurrean bizi eta birika bidez arnasa hartzen duen igel bilakatzen da. Baina horretarako fase hauek igarotzen ditu zapaburuak:

  • 1) Metamorfosiaurrea. Atzeko hankak mantso-mantso hazten zaizkio. Tirotropina (TSH) eta tirosina hormonen jarioa eten artean hormonen arteko oreka gutxi izaten da.
  • 2) Prometamorfosia. Gorputzaren hazkunde lasterra gertatzen da, eta ia amaieran aurreko hankak agertzen zaizkio. Hazkunde hau hipotalamoaren jarioarekin lotzen da, eta tirosina kontzentrazioa handitzen duen tirotropina jarioa ere handia da.
  • 3) Klimaxa. Fase hau zelulen eta guruinen orekarena eta transformazio bizkorrena da (ahoa, arnas eta digestio aparatuak, isatsaren desagertzea etab.).

Metamorfosia amaitu ondoren, zapaburua igel heldu bihurtu denean, tirosina eta tirotropina artean berriro ere oreka egoera sortzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kepa ALTONAGA: Intsektuak
  2. Metamorfosi Euskalterm. Euskara.euskadi.net
  3. Urtzi GOITI: Anfibioak Elhuyar - Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa. Zthiztegia.elhuyar.org

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Metamorfosi (biologia) Aldatu lotura Wikidatan