Ogro operazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ogro operazioa
Irudia
Motabonba erasoa
magnizidio : Luis Carrero Blanco
Data1973ko abenduaren 20a
KokalekuClaudio Coello kalea
HerrialdeaEspainia
Parte-hartzaile
HelburuLuis Carrero Blanco
Pertsona hilak3

Ogro operazioa ETA erakundeak 1973 urtean Carrero Blanco espainiar almirantea eta politikari frankista, Espainiako gobernu-presidentea zelarik, erailtzeko plana aurrera eraman eta burutzeko operazioa izan zen. ETAkideek Madrilgo soto batetik presidentea pasa ohi zen kaleko punturaino tunel bat egin eta lehergailu indartsu bat jarri zuten bertan. 1973ko abenduaren 20an, lehergailua leherrarazi zuten autoa pasatzean eta presidentea, auto ofizialaren txoferra eta polizia-inspektore bat erail zituzten.

Atentatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Txikia" (1973ko apirilean Guardia Zibilak hildako Eustakio Mendizabal etakidearen omenez) izena zuen ETAren komandoak Madrilgo Claudio Coello kaleko 104 zenbakian etxe bat alokatu zuen, Carrero Blanco San Francisco de Borja elizara egunero mezara joateko handik pasatzen zelako.

Bost hilabete eman zituzten kale azpitik zihoan tunel bat egiten, alokatzaileari eskultoreak zirela esanda. Etakideek tunela gordetegi ofizial batetik lapurturiko 80 kg Goma-2 lehergaiz bete zuten.

1973ko abenduaren 20an, Langile Komisioetako hamar kideren aurkako Proceso 1001 auzia hasi baino hamabost minutu lehenago, argiketari jantzitako komandoko hiru kideek, orduko Espainiako presidentearen Dodge Dart autoa pasatzean, lehergailua eztandarazi zuten. Bonbaren eztandak Luis Carrero Blanco eta bere automobila 20 metroko altuerara bidali zituen, bost solairuko eraikin bat gaindituz. Kotxeak hurrengo eraikinaren bigarren solairuko balkoian jo eta jesuitek zuten ikastetxe bateko patioan bukatu zuen[1]. Luis Carrero Blanco bizirik atera arren, laster hil zen. Bere eskolta eta txoferra, José Antonio Bueno Fernández eta José Luis Pérez Mogena hurrenez hurren, ordea, bertan hil ziren. "Argiketariek" lekukoei gas-eztanda bat izan zela adierazi eta ihes egin zuten.

Carrero Blancok, atentatu bat jasatearen arriskuaren oharpena[2] ez zuen aintzat hartu eta segurtasun neurri handiagoak hartzeari uko egin zion; bere ordutegi eta ibilbideak finkoak ziren eta bere automobila ez zen blindatu.

ETAk 1974ko urtarrilaren 22an ekintza onartu zuen. ETAren esanetan, atentatuaren helburua frankismoaren ikurra eta barne oreka mantentzen zuen pieza akabatzea zen[3].

CIAren parte-hartzearen teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atentatu konplexua zenez, eta gainera AEBetako enbaxadatik gertu izan zenez, laster CIA eta Luis M. González-Mata -Espainian zuen ordezkaria- partaide izan zirelako zurrumurrua zabaldu zen[4]. Hala ere, ekintzan parte hartu zuen Iñaki Pérez Beotegi Wilson etakideak lankidetza ezeztatu zuen[5].

2008an publiko egin zen kable batean, zera zioen Madrilgo enbaxadak Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Sailari Azaldu daitekeen emaitzarik onena... Carrero agertokitik desagertzea da, agian Díez Alegría jeneralak edo Castañónek ordezkatuta [6].

1973ko urrian, Yom Kippur Gerran, Estatu Batuei Espainiako baseak erabiltzea eragotzi zienez, Washingtonen aginduak itsumustuka betetzearen aurka azaldu zen eta NATOn sartzearen aurkakoa zen nazionalista joera zuen espainiar politiko frankista bat erail zuela CIAk esan zuen TASS sobietar agentziak.

Madrilgo hotel batean Carrero Blancoren ordutegi eta ibilbideak eman zituen «gabardina zuriko gizona» ikusi zuen bakarra Jose Miguel Beñaran Argala izan zen, baina Batallón Vasco Españolek 1978an hil zuenez, haren benetako izena ez da inoiz jakingo[7].

2012an Ernesto Villar kazetariak Todos quieren matar a Carrero liburua argitaratu eta beste herrialdeen zerbitzu sekretuen laguntza zuen konspirazio frankista azaldu zuen[8].

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal eta espainiar oposizioek ez zuten atentatua gaitzetsi. Askorentzat Espainian demokrazia ezartzeko pauso instrumentala eta erabakiorra izan zen, ETAk Francoren oinordekoa garbitu zuelako[9]. Orduan etakidea zen eta gero abertzaletasuna borrokatu zuen Jon Juaristik, ordea, zera esan zuen: ETAren helburua ez zela demokrazia lortzea baizik eta Espainia erabat ezegonkortzea eta Francok zeraman abertzaletasunaren aurkako errepresioa handitzea, euskaldun guztiak "gaitz txikiaren" aldera bultzatuz[10].

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1974an Eva Forestek, Julen Agirre ezizenaz, operazioaren kontakizuna egin zuen Operación Ogro liburuan , gerora Gillo Pontecorvoren film homonimoa egiteko oinarri gisa baliatu zena[11]. Hogei urte geroago, Hiru argitaletxeak berrargitaratu zuen liburua, orduan ekarpen berriak eta baita taldearen ihesaren inguruko datuak azaltzen zituen kapitulu berri bat gehitu ere[12]

Etxamendi eta Larraldek Marty Robbins estatubatuar kantautorearen El Paso abestia moldatu eta Yup! la-la abestia sortu zuten Ogro operazioari buruz[13]. Kantua nahiko ospetsu bilakatu zen 1970eko hamarkadaren bukaeran. Gero Banda Bassotti italiar taldeak 2003ko Así es mi vida bere albumean bertsioa egin zuen eta abesti honengatik arazoak izan zituen AVT elkartearekin [14].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) El asesinato de Carrero Blanco. 2001-10-1.
  2. «Un comando anarquista intentó matar a Carrero Blanco en Dos Hermanas, según uno de sus miembros», 20Minutos.es.
  3. Agirre, Julen. (1975). Operation Ogro: The Execution of Admiral Luis Carrero Blanco. Quadrangle/The New York Times Book Company ISBN 0-8129-0552-0La ejecución en sí tenía un alcance y unos objetivos clarísimos. A partir de 1951 Carrero ocupó prácticamente la jefatura del Gobierno en el Régimen. Carrero simbolizaba mejor que nadie la figura del «franquismo puro» y sin ligarse totalmente a ninguna de las tendencias franquistas, solapadamente trataba de empujar al Opus Dei al poder. Hombre sin escrúpulos montó concienzudamente su propio Estado dentro del Estado: creó una red de informadores dentro de los Ministerios, del Ejército, de la Falange y aún dentro del Opus Dei. Su policía logró meterse en todo el aparato franquista. Así fue convirtiéndose en el elemento clave del sistema y en una pieza fundamental del juego político de la oligarquía. Por otra parte llegó a ser insustituible por su experiencia y capacidad de maniobra y porque nadie lograba como él mantener el equilibrio interno del franquismo […].
  4. El Correo Gallego ¿Quién mató a Carrero Blanco? Los planes atómicos de Franco y Carrero
  5. Entrevista a «Wilson», uno de los autores del atentado, El Mundo.
  6. US Embassy Madrid — US Depatment of State. Cable 700. 1971ko urtarrila.
  7. «Yo maté al asesino de Carrero Blanco». El Mundo.
  8. «Carrero Blanco, un asesinato obra de ETA, ¿?Y respaldado por quién?» ABC 2012-01-15.
  9. «Los años 70: golpe al franquismo» La Vanguardia 2006-06-20.
  10. Juaristi, Jon. (1999). Sacra Némesis: Nuevas historias de nacionalistas vascos. Espasa Calpe, 143-145 or. ISBN 84-239-7791-9..
  11. «En mayo comenzaré el rodaje de «Operacion ogro» El País 1977-2-1.
  12. Forest, Eva. (1993). Operación Ogro. Hiru ISBN 978-84-87524-56-1..
  13. Madariaga, Ermine. (1987-12-06). «Eñaut Etxamendi: "Nebrosis Batean Eror Ez Nendin Nintzen Musika Sortzen Hasi"» Argia (1176).
  14. «La AVT piensa querellarse contra el Ayuntamiento de Ferrol y los proetarras de Banda Bassotti»

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]