Orbital atomiko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Orbital atomikoa elektroi batek atomo batean duen uhin-portaera deskribatzen duen funtzio matematikoa da. Energia-egoera jakin batean atomo isolatu bateko elektroi jakin bat egon daitekeen eskualdea kalkulatzeko erabiltzen da funtzio hau. Orbital atomiko deritzo bai "funtzio matematikoari" berari bai funtzioaren ondorioz sortutako "eskualdeari". Gehiago zehaztuz, orbital atomikoak atomo isolatu baten inguruko elektroi bakoitzak elektroi-hodeiaren baitan dauzkan kuantu-egoera posibleak dira.

Elektroien orbital atomiko eta molekularrak

Ikuspuntu klasikoan, elektroiek nukleo atomikoaren inguruan betetzen zuten orbita eta planetek Eguzkiaren inguruan egiten zutena (edo, zehatzago izateko, sitsek lanpara baten inguruan egiten dituzten mugimendu azkarrak) antzekoak zirela uste zen. Mekanika kuantikoaren garapenerako pizgarri nagusietako bat elektroiek atomoaren inguruan daukaten portaera azaltzea izan zen. Mekanika kuantikoan orbital atomikoak espazioaren araberako uhin-funtzio eran deskribatzen dira. Elektroiak ezin direnez partikula solido gisa deskribatu (planeta bat edo sits bat den bezala), analogia zehatzago bat egiteko, elektroia planeta txiki baten inguruan (alegia, nukleo atomikoaren inguruan) dagoen atmosfera erraldoi gisa azal daiteke. Hori dela-eta, fenomeno hau adierazteko "orbita" hitza baztertu eta "orbital" hitza hobetsi zen.

Orbitalen izenak (s, p, d, f, g, h...) beren linea espektroskopikoen ezaugarrietatik abiatuta erabaki dira: sharp (ingelesez: zorrotz), principal (nagusia), diffuse (lauso) eta fundamental (oinarrizko). Gainerakoen izenak sortzeko ordena alfabetikoa jarraitu da.

Orbitalen izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orbitalek ondokoa bezalako izenak dauzkate:

X \, \mathrm{mota}^y \

X da n kuantu-zenbaki nagusiari dagokion energia-maila, mota orbitaren itxura edo azpigeruza adierazten duen eta l kuantu-zenbaki angularrari dagokion hizki xehe bat da, eta y orbital horrek daukan elektroi-kopurua da.

Esaterako, 1s2 orbitalak bi elektroi dauzka, energia-maila baxuena da (n = 1) eta bere kuantu-zenbaki angularra l = 0 da. Zenbait kasutan, kuantu-zenbaki nagusiari beste hizki bat esleitzen zaio. n = 1, 2, 3, 4, 5... denean, zenbaki horiei loturiko hizkiak K, L, M, N, O... dira, hurrenez hurren.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Orbital atomiko Aldatu lotura Wikidatan