Púnica operazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Francisco Granados PPko kidea. Operazioko atxilotu nagusia.

Púnica operazioa (gaztelaniaz: Operación Púnica) 2014ko urriaren 27an Guardia Zibilaren Unitate Operatibo Nagusiak (UCO) burututako ustelkeriaren aurka egin zen polizia operazioa izan zen. Operazioa Espainiako Auzitegi Nazionalak bideratua izan zen.

Operazioaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko abenduan hasi zuten ustelkeria sarearen kontrako ikerketa, Suitzako Gobernuak erreguzko mandatu baten bidez bi espainiarrek Suitzan zituzten kontuei buruzko informazioa helarazi zuenean, dirua zuritzen ari zirelakoan. Suitzak bi kontu horiek blokeatu egin zituen, eta Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak sei hilabetean jardun zuen auzia ikertzen. Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak, Espainiako Zerga Agentziak eta Guardia Zibilaren UCO unitatearekin elkarlanean, Auzitegi Nazionalak bideratu zuen auzia, eta Eloy Velasco epaileak diligentziak abiatu zituen.[1]

Urriak 27: operazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guardia Zibilak 51 pertsona atxilotu zituen. Gainera, 259 miaketa egin zituen Madrilen, Murtzian, Leónen eta Valentzian, gama altuko 30 ibilgailu bahitu zituen behin-behinean, eta 400 agindu igorri zizkien banketxe eta aseguru etxeei, kontu korronte eta baloreak blokeatzeko jakinarazpenekin.[1]

Herri lan eta zerbitzu publikoen adjudikazio okerrekin bi urtean 250 milioi eskuratzea leporatzen zieten atxilotuei. Madril, Murtzia, León eta Valentziako agintari, funtzionario eta enpresaburuak ustez nahasita zeuden ustelkeria sare horretan.[1]

Atxiloketen ondorengo gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 28an zabaldu zenez, Granados Guardia Zibilak desegindako ustelkeria sareko burua zen. Madrilgo Erkidegoko Presidentetzako kontseilari ohiak kontratu publikoak lortzen zizkien enpresei, legez kanpoko komisioen truke.[2]

Urriaren 29an, Velasco epailea Punica operazioan atxilotutakoak galdekatzen aritu zen. Velasco epaileak atxilotuetako 18 galdekatzeko asmoa zuen. Ustelkeriarekin lotutako delituak egozten zizkien[3].

Egun berean, Madrilgo lau udalek Cofelyrekin egindako kontratuak ikertzen ari ziren. Guztira, 115 milioi euroko kontratuak sinatu zituzten Mostoles, Collado Villalba, Valdemoro eta Parlako udalek Cofely enpresarekin[4].

Cofelyren espediente bat Legebiltzarrera igortzea eskatu zuen PSEk. Patxi Lopezen Gobernuak ‘Punica’ Operazioan inplikatutako enpresarekin sinatutako kontratuaren espediente osoa Eusko Legebiltzarrari igortzea eskatu zuen Mendiak. Bestalde, kontratua aztertu ahal izateko informazio eskaera bat erregistratuko zuela iragarri zuen Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak. Era berean, EH Bilduk eskakizun berdina erregistratu zuen Legebiltzarrean[5].

Arratsaldean, Parlako eta Torrejon de Velascoko alkateak, espetxera bermepean bidali zituen epaileak. 12 atxilotu galdekatu zituen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Sei atxilotu aske utzi zituen magistratuak. Bestalde, Guardia Zibilak guardia zibil bat atxilotu zuen Francisco Granados PPren buruzagi ohiari operazioaren berri emateagatik[6].

Urriaren 30ean jakin zenez, Granadosen sareak 100 milioi euroko kontratuak lortu zituen. Velasco epaileak egun horretan galdekatuko zuen Madrilgo PPko idazkari nagusi ohia[7]. Leongoko Diputazioko burua eta bi enpresari kartzelara bidali zituzten. Eloy Velasco epaileak espetxera bidali zituen, bermepean, Torrejon eta Parlako alkateak eta atxilotuetako bi. Gainera, beste bi pertsona atxilotu zituzten sarearekin zerikusia zutelakoan. Fiskaltzak baldintzarik gabeko espetxealdia eskatuko zuen Granadosentzat. Egun horretan, 17 atxilotuk deklaratuko zuten Auzitegi Nazionalean[8].

Urriaren 31ean, fidantzarik gabeko espetxealdia ezarri zieten Granados eta Marjalizari. Francisco Granados eta David Marjalizaren txanda izan ziren Auzitegi Nazionalean. Epaileak ukatu egin zuen habeas corpus prozedura hasteko eskaera. Atxiloketak salatu zituzten[9].

Azaroaren 3an, Agustin Juarezek uko egin zion Alkatetzari 'Punica' Operazioa zela eta. Halere, Agustin Juarezek -aurreko asteazkenean aske geratu zen fidantza ordainduta- ziurtatu zuen “erabat errugabea” zela[10]. Egun berean, Serranillos del Valle herriko (Madril) alkateak, Antonio Sanchez Fernandezek, dimisioa eman zuen, Guardia Zibilak hainbat txosten bulegotik ateratzen saiatzen harrapatu eta gero[11].

Azaroaren 10ean, Leongo Diputazioko presidenteak dimisioa eman zuen. Hala ere, Diputatu eta zinegotzi aktei eutsi zien Martinez Barazonek, eta "erabat errugabea" zela adierazi zuen[12].

Atxilotuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ustelkeria sareak 250 milioi euroko kontratuak esleitu zituen azken 2013 eta 2014ean Madrilen, Valentzian eta Leonen, eta kargudun publikoak eurak aberastea zuen helburu. Inputatuak lau alderdi politikotakoak ziren: PP, PSOE, IU eta UDMA[3].

Sarearen bi zutabe nagusiak Francisco Granados eta Cofely enpresa ziren, konpainia horrek lortu baitzituen kontratu irregular gehienak[3]. Francisco Granados Madrilgo PPko idazkari nagusi eta Presidentetzako kontseilari ohia —Esperanza Aguirreren bigarrena izandakoa, Suitzako kontu ezkutu batean 1,5 milioi euro zituela jakin eta dimisioa eman zuen arte— zen. Gainera, tartean ziren Madrilgo Erkidegoko sei alkate eta Leongo Diputazioko presidente Marcos Martínez Barazón ere.[13]

Gainera, Guardia Zibileko agente batek ohartarazi zion Granadosi Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak bere operazioen gaineko ikerketa abiatu zutela, epaitegietatik adierazi zutenez. Agentea sekretuak ezagutaraztea delitua leporatuta inputatu zuten, baina ez zegoen atxilotuen artean.[14]

Erreakzioak eta ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 27an, Esperanza Aguirrek lotsatuta zegoela esan eta barkamena eskatu zuen. Madrilgo Erkidegoko PPren buruzagiak bere gain hartu zuen Francisco Granados goi-kargudun izendatzeko ardura politikoa.[15]

Egun berean, PPk eta PSOEk iragarri zuten alderditik kanporatuko zituztela polizia-operazioan atxilotutakoak. Hori horrela, Alderdi Popularrak arratsaldean kanporatu zituen atxilotutako militanteak, eta dimisioa emateko exijitu zien. PSOEri zegokionez, José María Fraile Parlako alkatea alderditik kanporatu zuten, atxilotua izan ostean.[14]

Urriaren 28an, Rajoyk barkamena eskatu zuen merezi ez zuen jendeari karguak emateagatik. Hala ere, Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu zuenez, Punica operazioaren atzean "badirudi kargudun publiko jakin batzuen diruzalekeria" zegoela, "ez alderdi politikoa"[16].

Urriaren 29an, Susana Diaz Andaluziako Gobernuko presidenteak adierazi zuen ustelkeria kasuen aurrean ez zela nahikoa barkamena eskatzea edota itunez hitz egitea, "izan ere, horrek ez ikusiarena egiteko saiakera dirudi, ez benetan egoerari aurre egiteko nahia". Horren iritziz, herritarrek dagoeneko ez dituzte politikarien hitzak sinesten[17].

Egun berean, ustelkeriak Mariano Rajoy “setiatu” egin zuela azpimarratu zuen Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. Barkamena eskatzearekin batera, PPn izandako ustelkeria kasuen aurrean “zorrotz” jokatzeko eskatu zion sozialisten buruzagiak Rajoyri. Cayo Larak, bestalde, Espainiako presidenteari “beste alde batera begiratzeari” uzteko eskatu zion. Dimisioa emateko, Gorteak desegiteko eta ustelkeriaren inguruan azalpenak emateko ere eskatu zion Izquierda Unidako bozeramaileak. Mariano Rajoy presidenteak azpimarratu zuen politikagintza oso lan "noblea" zela[18].

Urriaren 30ean, ustelkeriaz eztabaidatzea galarazi zuen PPk, gehiengo absolutua erabiliz. Oposizioak saio monografikoa egitea eskatu zion Mariano Rajoy presidenteari, baina popularrek euren botoak erabili zituzten proposamena bertan behera uzteko[19]. Egun berean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteak adierazi zuen ez zegoela inpunitaterik ustelkeria politikoaren aurrean, eta egiten zuenak ordaindu egiten zuela. Espainiako Gobernu presidenteak iragarri zuenez, biharko Ministro Kontseiluan ustelkeriari aurre egiteko neurriak onartuko zituzten[20].

Urriaren 3an, PPk zioen hartu zituztela ustelkeriaren aurrean hartu beharreko neurriak. Gainera, PPren idazkari nagusiak baztertu egin zuen alderdiaren egituran aldaketa sakonak egitea[21].

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Xabin Makazaga, «Guardia Zibilak 51 pertsona atxilotu ditu ustelkeriaren kontrako operazio batean», Berria, 2014-10-28.
  2. «Granados Guardia Zibilak desegindako ustelkeria sareko burua zen», EiTB, 2014-10-28.
  3. a b c «Velasco epailea Punica operazioan atxilotutakoak galdekatzen ari da», EiTB, 2014-10-29
  4. «Madrilgo lau udalek Cofelyrekin egindako kontratuak ikertzen ari dira», EiTB, 2014-10-29
  5. «Cofelyren espediente bat Legebiltzarrera igortzea eskatu du PSEk», EiTB, 2014-10-29
  6. «Parlako eta Torrejon de Velascoko alkateak, espetxera bermepean», EiTB, 2014-10-29
  7. «Granadosen sareak 100 milioi euroko kontratuak lortu zituen», EiTB, 2014-10-30
  8. «Leongoko Diputazioko burua eta bi enpresari kartzelara bidali dituzte», EiTB, 2014-10-30
  9. «Fidantzarik gabeko espetxealdia ezarri diete Granados eta Marjalizari», EiTB, 2014-10-31
  10. «Agustin Juarezek uko egin dio Alkatetzari 'Punica' Operazioa dela eta», EiTB, 2014-11-03
  11. «Púnica operazioko alkate bat agiriak bulegotik ateratzen atzeman dute», EiTB, 2014-11-03
  12. «Leongo Diputazioko presidenteak dimisioa eman du», EiTB, 2014-11-10
  13. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman aa/ izeneko erreferentziarako
  14. a b «51 pertsona, tartean Granados, atxilotu dituzte ustelkeriagatik», EiTB, 2014-10-27.
  15. «Aguirrek lotsatuta dagoela esan eta barkamena eskatu du», EiTB, 2014-10-27.
  16. «Rajoyk barkamena eskatu du merezi ez zuen jendeari karguak emateagatik», EiTB, 2014-10-28
  17. «'Barkamena eskatzea ez da nahikoa, herritarrak ekintzen zain daude'», EiTB, 2014-10-29
  18. «'Ustelkerian hondoratutako Espainiaren irudia saihestu behar dugu'», EiTB, 2014-10-29
  19. «Ustelkeriaz eztabaidatzea galarazi du PPk, gehiengo absolutua erabiliz», EiTB, 2014-10-30
  20. «Rajoy: 'Ez dago inpunitaterik, egiten duenak ordaindu egiten du'», EiTB, 2014-10-30
  21. «PPk dio hartu dituztela ustelkeriaren aurrean hartu beharreko neurriak», EiTB, 2014-11-03