Paolo Soleri
Paolo Soleri | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Turin, 1919ko ekainaren 21a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak Italiako Erresuma (1919ko ekainaren 21a - 1946ko ekainaren 18a) Italia (1946ko ekainaren 18a - 2013ko apirilaren 9a) |
Bizilekua | Ameriketako Estatu Batuak Italia Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Scottsdale, 2013ko apirilaren 9a (93 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Polytechnic University of Turin (en) |
Hizkuntzak | italiera ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa, idazlea, eskultorea, unibertsitateko irakaslea eta hirigilea |
Lantokia(k) | Tempe |
Enplegatzailea(k) | Arizona Estatuko Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak |
Paolo Soleri (Turin, Italia, 1919ko ekainaren 21a - Paradise Valley (Arizona), Arizona, AEB, 2013ko apirilaren 9a) italiar arkitektoa izan zen.
Bere jaioterriko Eskola Politeknikoan egin zituen ikasketak. 1947an, Estatu Batuetara joan zen Frank Lloyd Wright arkitektoaren estudioan lan egitera (Arizona). Baina urte horretan bertan lan hori utzi eta Mark Millsekin batera basamortura joan zen. Basamortuan egin zuten beren lehenengo lana, burujabetasunaren sinbolo izango zena: harlanduzko zutabe bat. Arizonan, Dome House eraiki zuten. Etxe hura erabat lurperaturik zegoen, eta gainean aluminiozko eta beirazko kupula bat zuen, Wrighten arkitektura organikoaren teorien arabera eraikia. 1949an, Carolyne Woodsekin ezkondu zen eta Turinera itzuli zen. Italian bost urte egin zituen, eta urte horietan hainbat lan egin zituen, marrazkiak oihalean, zeramika eta camping karabana bat ere asmatu zuen, Leoncino. Karabana horretan Vietri sul Marera joan zen (Salernotik hurbil), eta han, 1953an, zeramika-fabrika bat eraikitzeko enkargua eman zioten. Wrighten Guggenheim Museoaren espiral-planoan oinarritu zen lan hartarako.
1955. urteaz geroztik Estatu Batuetan bizi izan zen berriz ere, Scottsdalen (Arizona). Han kanpai-fabrika bat sortu zuen eta Eart House eraiki zuen (lurpeko beste etxe bat), Cosanti fundazioaren zentroa izango zena. Hiri utopiko baten proiektua egin zuen: bi milioi lagunentzako hiria zen, eta goi-ordoki batean kokatu zuen (Mesa City Project, 1958). Proiektu harengatik Graham Foundationaren saria irabazi zuen, eta ondoren, 1964 eta 1967an, Guggenheim-Grant saria. Beste megalopolis utopiko batzuen ikerketan aritu zen (Asteromo, Babelhoah, Veladiga, Babel B), eta hala, 1960an megaegituren mugimenduaren lehenengo lekuetan egon zen. Bere marrazkiak eta maketak Washingtoneko Corcoran galerian erakutsi ziren 1970ean. Erakusketa haren bidez Cosanti fundazioa ezagutarazi zen. Fundazio horrek Arcosanti proiektua jarri zuen abian 1970ean. Egitasmo hura etorkizuneko hiri baten proiektua zen: basamortuan eraiki zen (Cordes Junction, Arizona), eta poliki-poliki eraiki zuten Soleri buru zen komunitate mistikoko dizipuluek. Energia-arazoak konpontzeko, Solerik eguzki-energiaren inguruan egin zituen aurkikuntzak erabili ziren. Arcosanti fundazioak, bestalde, aldizkari bat argitaratzen zuen 1974. urteaz geroztik, Arcosanti Newsletter, arkitektura-sari ugari izan zituena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paolo Soleri |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.