Parazetamola (edo azetaminofeno) min arin/ertaina eta sukarrari aurre egiteko asko erabiltzen den farmakoa da.[1] Askotan, beste gai aktiboekin konbinatuta saltzen da, adibidez, hotzeria eta gripearen sintomak arintzeko botiketan.[2]Morfina bezalako analgesiko opioideekin ere elkartzen da min handiak tratatzeko, adibidez, minbizian edo kirurgia ondoren.[1][3] Beste antiinflamatorio ez-esteroideo ez bezala (AIEE, azido azetilsaliziliko kasu), parazetamolak ez du eragin antiinflamatorioa sortzen.[4] Normalean aho-bidez edo ondesteko bidetik erabiltzen da, baina bena barnetik ere erabil daiteke.[1][5] Efektuek 2 eta 4 ordu artean irauten dute.[1]
Parazetamola, gomendatutako dosietan erabilita, oso segurua ohi da. Azido azetilsalizilikoarekin konparatuta, parazetamolak ez dio kalterik egiten urdaileko mukosari ezta giltzurrunei, ez du odol koagulazioa oztopatzen, eta gaixotasun birikoak dituzten umeetan ez du Reye sindromea sortzen.[6] Analgesiko opiazeoekin konparatuta, ez du tolerantzia eta adikzioa sortzeko arriskurik. Oso arraroak dira ere azaleko errakzio larriak edo shock anafilaktikoa sortzea.[1] Horrela izanda, edozein adinetan erabil daiteke[1]; haurdunaldian eta edoskitzaroan, haurtzaroan[7][8][9] eta helduetan. Helduentzat gomendatutako eguneko dosi maximoa 3 - 4 gramotakoa da eta umeentzat 75 mg/kg.[10][11] Oso segurua izan arren, parazetamolak gaindosietan gibel toxikotasun oso larri eta hilgarria eragin dezake.[1]
Parazetamola gaur egun Europa zein Estatu Batuetan mina eta sukarra arintzeko gehien erabilitako sendagaia da.[12]Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) "Ezinbesteko Sendagaien Zerrendan" dago[13], hau da, osasun-sisteman beharrezkoak diren sendagairik eraginkor eta seguruen artean dago.
Parazetamola medikamentu generiko bezala zein izen komertzial askoekin eskuragarri dago.[14] Garapen bidean dauden herrialdeetan handizkako prezioak USD dolar zentabo bat baino gutxiago da dosi bakoitzeko[15], herrialde garatuetan, berriz, prezioa nabarmen handiagoa da, Estatu Batuetan adibidez, prezioa lau zentabo ingurukoa da dosi bakoitzeko.[16]
Parazetamolaren ekintza-mekanismoa ez dago guztiz argi. Dirudienez, ez du ziklooxigenasa (COX) periferikoa inhibitzen (AIEEek ez-bezala), eta hori izango litzateke antiinflamatorioa ez izateko arrazoia.[17] Parazetamolak nerbio sistema zentraleko COX modu selektiboan inhibituz, sukarra eta mina arintzeko gauza litzateke.[17] COXaren inhibizioa ez da gertatzen gune aktiboaren blokeoz, entzimaren erredukzioz baizik, COX entzima oxidatu behar baita funtzioa izateko.[17]
Horretaz gain, parazetamolak garuneko sistema kannabinoide endogenoa modulatzeko gauza litzateke ere, bere metabolitoa den AM404aren bitartez. Alde batetik, metabolito honek anandamida kannabinoide/balinoide endogenoaren birxurgapena inhibituko luke, mina arintzeko gaitasuna handituz. Bestalde, AM404 metabolitoak garunean seinale mingarriak inhibitzen dituen TRPV1 erreten kationikoa (aurreko izena: hartzaile balinoideoa) modu zuzenean aktiba lezake ere.[17]
Aho-bidetik hartu eta gero, azkar xurgatzen da heste-meharrean garraio pasiboz.[18] Ondo banatzen da ehun guztietatik, bere banaketa bolumena 0,9 l/kg ingurukoa delarik [17] Ohiko dosi baten ondoren, parazetamolaren kontzentrazio plasmatikoa normalean 30 μg/ml (200 μmol/L) azpitik dago.[19] Lau ordu pasa eta gero, kontzentrazioa 10 μg/ml (66 μmol/L) baino txikiagoa izan ohi da.[19]
Parazetamol gehiena metabolizatzen da (%92-95) gernutik iraitzi baino lehen.[18] Metabolismoa batez ere gibelean gertatzen da, produktu ez-toxikoak eta toxikoak sortuz. Hiru bide metaboliko nagusi daude:[20][21]
Glukuronidazioa (%45-55)[22], UGTA1 eta UGTA6 glukuroniltranferasa entzimen bidez.[23]
N-hidroxilazioa eta deshidratazioa, eta gero, glutationarekiko konjugazioa (%15 baino gutxiago). Gibeleko P450-zitokromo sistemak (batez ere, CYP2E1[23] eta CYP3A4 [24]) parazetamola metabolizatzen dute NAPQI (N-azetil-para-benzokinoneimina) metabolito toxiko alkilatzailea sortuz.[20][25] NAPQI, orduan, modu itzulezinean konjugatzen da glutationaren talde sulfidriloekin.[25]
Hiru bide metaboliko hauetatik sortzen diren produktu gehienak inaktibo eta ez-toxikoak dira eta giltzurrunetatik iraizten dira. Hala ere, hirugarren bidean sortzen den NAPQI bitarteko metabolitoa toxikoa da eta parazetamolaren toxikotasunaren eragilea da intoxikazio akutuetan.[20] Zorionez, ohiko dosietan, NAPQI metabolito toxiko hau oso azkar detoxifikatzen da glutationarekin konjugatuz.[25]
Parazetamola mina eta sukarraren tratamenduan oinarritutako zenbait erabilera medikoetarako onartuta dago, bai bera bakarrik edo beste farmakoekin konbinatuta.
Parazetamola sukarra jaisteko erabiltzen da adin guztietako pertsonetan.[1] Hala ere, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen du umeengan bakarrik erabiltzea gorputzeko tenperatura 38,5 °C baino handiago denean.[26] Umeetan sukarra jaisteko parazetamolaren eraginkortasuna zalantzan jarri da[27] eta metaanalisi baten arabera, ibuprofenoa baino eraginkortasun txikiagoa dauka[28].
Parazetamola min arin eta moderatua arintzeko erabiltzen da.[1] Larrialdietan min akutua tratatzeko bena-barneko parazetamola lehen mailako erabilera bezala bultzatzeko ebidentzia mugatua da.[29]
Migraina akutuaren tratamenduan, parazetamola plazeboa baino eraginkorragoa azaldu da.[30] Alemaniako, Austriako eta Suitzako Buruko Minarako Erakundeek, Neurologiako Erakunde Alemaniarrarekin batera, parazetamola kafeinarekin konbinatuta lehen mailako terapia bezala gomendatu dute, tentsioak eragindako buruko mina eta migraina tratatzeko.[31]
Ibuprofeno, naproxeno eta diklofenako bezalako AIEEak eraginkorragoak dira parazetamola baino hortzetako mina edo hortzetako prozeduretan sortutako mina kontrolatzen. Hala ere, AIEEen eragina nahikoa ez denean, parazetamolarekin batera erabil daitezke, eraginkortasuna handitzen delako.[32][33] Parazetamola bereziki egokia izango da AIEEak erabili ezin duten pazienteentzat, adibidez, alergia dutelako edo urdail-hesteetako ultzera edo odoljarioa pairatu dutelako.[34]
Parazetamola artritis arinean erabilgarria izan daiteke. Hala ere, beste AIEEek ez bezala, parazetamola ez da antiinflamatorioa. Beraz, jatorri inflamatorioa duten artritisetan, artritis erreumatoidean adibidez, ez du hobetzen artikulazioaren hantura[38]
Parazetamola erabiltzen da ductus arteriosus-a tratatzeko. Gaixotasun honetan, birika sistema arterial eta aortaren arteko komunikazioa ez da behar bezala ixten jaiotzean. Arazo hau E2 prostaglandinaren gain-aktibitatearekin erlazionatu da. Hala ere, parazetamolaren erabilerako ez da aurkitu eraginkortasun eta segurtasunaren ebidentziarik.[39][40] Indometazina eta ibuprofeno AIEEak ere erabili dira, baina hauen eraginkortasuna ere eztabaidagarria da.[39]
Parazetamol eta kafeinaren konbinazioa parazetamol hutsa baino hobeagoa da, ohiko minaren tratamenduetarako, adibidez, hortzetakoa, erditze-ondokoa eta buruko mina.[41]
Parazetamolaren eragin analgesikoa hobetzen da opiazeo ahul (kodeina kasu) edo indartsu (morfina kasu) batekin konbinatzen denean, baina eragin kaltegarriak agertzeko arriskua handitzen da ere.[42][43]
Egunean 10 gramo edo gehiago hartuta, gibelean kaltea egoteko arriskua oso handia da[44]. Hau da albo-ondoriorik ohikoena ahuldutako pazienteengan edo gehiegizko dosiak hartzen direnean.
↑World Health Organization. Integrated Management of Childhood Illness. Geneva: World Health Organization; 2000. WHO document WHO/FCH/CAH/ 00.12. origin.who.int(Noiz kontsultatua: 2019-01-16).[Betiko hautsitako esteka]
↑Borne, Ronald F. "Nonsteroidal Anti-inflammatory Drugs" in Principles of Medicinal Chemistry, Fourth Edition. Eds.
Foye, William O.; Lemke, Thomas L.; Williams, David A. Published by Williams & Wilkins, 1995. p. 544–545.
↑ abcBorne, Ronald F. "Nonsteroidal Anti-inflammatory Drugs" in Principles of Medicinal Chemistry, Fourth Edition. Eds.
Foye, William O.; Lemke, Thomas L.; Williams, David A. Published by Williams & Wilkins, 1995. p. 544–545.