Paulino Uzkudun

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Paulino Uzkudun
Paulino Uzkudun.jpg
Indalecio Ojangurenek egindako argazkia
Estatistikak
Izen osoa Paulino Uzkudun Eizmendi
Pisua Pisu astuna
Altuera 1,78 m
Jaiotza 1899ko maiatzaren 3a
Errezil, Gipuzkoa
Heriotza 1985eko uztailaren 5a (86 urte)
Madril, Espainia
Estiloa Ortodoxoa
Historia
Borrokaldiak 70
Garaipenak 50
KOak 34
Porrotak 17
Berdinketak 3

Paulino Uzkudun Eizmendi (Errezil, Gipuzkoa, 1899ko maiatzaren 3aMadril, Espainia, 1985eko uztailaren 5a) boxeolaria izan zen, ziur asko Euskal Herriak inoiz eman duen boxeolaririk garrantzitsuena. Pisu astunen kategorian aritu zen. Falangista izaki, matxinatuen alde borrokatu zen Espainiako Gerra Zibilean, eta frankismoaren aldeko propagandarako erabili zuten gerraostean.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bederatzi anaia-arrebaren artean gazteena, gaztetan aizkora probarekin hasi zuen kirol ibilbidea. Boxeoari ekinda, Uzkudunek — Estatu Batuetan 'Paulino' izenaz ezaguna, bai eta 'euskal herritar aizkolaria' ezizenez ere— bere garaiko munduko txapeldun Joe Louis, Max Baer, Max Schmeling (hirutan) eta Primo Carnera izan zituen aurkari hainbat borroka sonatutan. Erretiratu zenean, guztira 50 garaipen (34 KO), 17 porrot eta 3 berdinketa zituen; hau da, 70 borroka egin zituen.

Uzkudun boxeolari bizkorra zen eta haren ezker gantxoak orduko pisu astun indartsuenei erasan zien. Harry Wills famatua erretirarazi zuen, 1927ko uztailaren 13an lau asaltotan irabazi zionean. Uzkudun bere karreran behin baino ezin izan zen borrokatu munduko titulua lortzeko, 1933ko urriaren 22an, Italian: Primo Carnerak puntuka irabazi zion hamabosgarren asaltoan. 1933-1934 denboraldietako udan, Uzkudun Rocky Pointen (New York) entrenatu zen. Franklin Rosaliarekin (1911-1972) sparring saio bat egiten ari zela, hark Uzkudun eraitsi zuen. Ezuste hark eragindako etsipenak erretiratzera bultzatu zuen, batzuen ustez.

1935eko abenduaren 13an, ordea, Uzkudunek erretiroa utzi zuen, Madison Square Gardenen Joe Louisekin borrokatzeko. Laugarren asaltoan, Louisen eskuin uppercutak Uzkudun eraitsi zuen, eta arbitroak borroka amaiarazi zuen, nahiz eta Uzkudunek borrokara itzuli nahi izan. Uzkudun oso indartsua zen, inoiz ez zuten eraitsi haren azken borroka profesionaleraino.

Paulino Uzkudun falangista zen: Gipuzkoako falangista afiliatuen zerrendan, 785. zenbakia egokitu zitzaion.[1] Hala, bada, 1936ko gerra piztean, faxisten alde egin zuen.[2] Uzkudunek diru asko emana zuen falangisten alde, eta Errepublikaren aurkako altxamendua gertatu zenean, Pasaiako CNTkoek Paulino harrapatu zuten; fusilatzekotan zirela, Zarauzko EAJko kideek ihes egiten lagundu zioten.[1] Gerraostean, frankismoaren propagandarako kirol izar bihurtu zen, Vicente Gil Francoren medikuaren eta Espainiako Boxeo Federazioko lehendakariaren babesarekin.

1976an, paralisiak eraginda, bizitza publikotik erretiratu zen. Arteriosklerosiak makuluak erabiltzera behartu zuen, eta 1985ean Madrilen hil zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Amagoia Gurrutxaga Uranga: «Paulino Uzkudunen muturrekoa», Zarauzko postalak, 2014-08-26.
  2. Bernardo Atxaga: Nevadako egunak. Iruñea: Pamiela, 2013, 142-143 or.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]