Joe Louis

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joe Louis

Bizitza
JaiotzaLa Fayette (Alabama)1914ko maiatzaren 13a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaMichigan Boulevard Garden Apartments (en) Itzuli
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaLas Vegas1981eko apirilaren 12a (66 urte)
Hobiratze lekuaArlingtongo Hilerri Nazionala
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakboxeolaria, aktorea, borrokalari profesionala eta arbitroa
Pisua99 kilogramo
Altuera188 zentimetro
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarraAmeriketako Estatu Batuetako Armada
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra

IMDB: nm0521876 TV.com: people/joe-louis-i
Musicbrainz: c4748cdf-54f2-4038-8b0a-f57a610df425 Discogs: 2428 Find a Grave: 644 Edit the value on Wikidata

Joseph Louis Barrow (La Fayette, Alabama, 1914ko maiatzaren 13a - Paradise, Nevada, 1981eko apirilaren 12a), Joe Louis ezizenez ezagunagoa, estatubatuar boxeolari profesionala izan zen. Ondoz ondoko 140 hilabetez, 1937-1949 bitartean, pisu astunetako munduko txapelduna izan zen[1], orain arte hautsi ez den marka ezarriz.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joe Louis 1914ko maiatzaren 13an jaio zen, Alabamako familia behartsu batean; aita, Mun Barrow, kotoi biltzailea zen. 1916an aita ospitale psikiatriko batean sartu zuten. 1924an familia Detroitera aldatu zen[2]. Hiri horretan sartu zen boxeoaren munduan. Amateur ibilbide liluragarria izan zuen: 54 borrokalditan 50 garaipen lortu zituen, horietako 43 knockout-ez[3].

1934an profesionaletara igaro zen. Ondoko urtean 12 borrokaldi irabazi zituen eta, besteak beste, Primo Carnera, Max Baer eta Paulino Uzkuduni KOz nagusitu zitzaien. Baina, 1936ko ekainaren 19an, nahigabe handia hartu zuen, New Yorkeko Yankee Stadiumean Max Schmelingen aurka KOz galdu baitzuen. Hala ere, 1937ko ekainaren 22an munduko txapela eskuratu zuen, James J. Braddock txapelduna 8. roundean borrokaz kanpo utzita[2][3].

Louisek 12 urtez atxiki zuen munduko titulua. Epe luze horretan, 25 aldiz defendatu zuen gerrikoa, garaiko boxeolari hoberenen aurka (Lou Nova, Tony Galento, Gus Dorazio, Buddy Baer, Johnny Paycheck, Billy Conn...). 1938ko ekainaren 22an Max Schmelingi errebantxa hartu zion, borrokaldiko lehenbiziko roundean KO eta bi saihets hezur hautsirik zituela utzi baitzuen. 1942an Armadan sartu eta 1946 arte ez zen ringetara itzuli. 1946 eta 1949 artean, gerrikoa arazorik gabe defendatu zuen eta, besteak beste, Jersey Joe Walcotti bi aldiz gailendu zitzaion[2].

1949ko martxoaren 1ean, artean munduko txapelduna zela, erretiratu zen[3]. Luze gabe, ordea, berriro boxeatzera itzuli behar izan zuen, erabat zorpeturik zegoelako. Itzulera ez zen arrakastatsua izan: 1950an Ezzard Charlesek puntuetara irabazi zion, eta 1951n Rocky Marcianok KOz. Horren ostean, behin betiko erretiratu zen[2].

Boxeoa utzi zuenetik, estuasun ekonomiko larriak izan zituen. 1969an kokainak eragindako kolapso bat izan zuen, eta 1970ean bost hilabete igaro zituen psikiatriko batean. 1970eko hamarkadan Las Vegasko Caesars Palace kasinoan lan egin zuen. Hiri horretan hil zen, 1981eko apirilaren 12an, bihotzekoak jota[4]. Ronald Reagan presidentearen berariazko erabakia betez, Arlingtongo Hilerri Nazionalean ehortzi zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Joe Louis. totallyhistory.com (Noiz kontsultatua: 2015-09-18).
  2. a b c d Joe Louis: Biography. cmgww.com (Noiz kontsultatua: 2015-09-18).
  3. a b c Joe Louis. biography.com (Noiz kontsultatua: 2015-09-18).
  4. McGowen, Deane. Joe Louis, 66, Heavyweight King Who Reigned 12 Years, Is Dead. nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2015-09-18).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joe Louis Aldatu lotura Wikidatan