Perpetua Saragueta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Perpetua Saragueta
Bizitza
Jaiotza Erroibar1905eko abuztuaren 3a
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza Iruñea1986ko martxoaren 26a (80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
Jarduerak
Jarduerak idazlea
Inguma perpetua-saragueta-1905-1986

Perpetua Saragueta Saragueta (Erroibar, Nafarroa, 1905eko abuztuaren 3a - Iruñea, 1986ko martxoaren 26a) euskal idazlea izan zen.

« Emakume aitzindaria izan zela esan daiteke, haren garaian gutxi zirelako Nafarroan idazten zutenak, eta are gutxiago euskaraz aritzen zirenak. Nafarroan garai haietan euskaraz idaztera ausartu ziren emakume bakarretakoa izan zen, eta horrek berak handiago egiten du mezkiriztar emakumearen merezimendua.[1] »

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baserri giroan jaioa, hamahiru anai-arrebetatik zaharrena izan zen, eta eskolara lau urtez baizik joan ez bazen ere, laster eta ongi ikasi zuen idazten eta irakurtzen. Baztango Irurita herrira ezkondua, Trinidad Urtasun okina eta bertsolaria izan zuen senar. Familiako okindegiko lanetan laguntzeko, gidabaimena atera behar izan zuen, eta Nafarroan gidabaimena eskuratu zuen bigarren emakumea izan omen zen. Horretaz gain, sei alaba hazi eta hezi behar izan zituen. Etxean eta etxetik kanpo lana ezin buka izan zuen arren, idazteko gogoa eta zaletasuna izan zuen beti.[1]

Idazle lanetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi aro bereizten dira Perpetua Saraguetaren idatzietan:[1]

Lehenengo aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko gerraren aurreko urteetan egin zuen kazetari lanari dagokio lehenengo aroa. Iruñeko El pensamiento navarro eta La Voz de Navarra egunkarietara hasi zen igortzen sorterriko berriak, bai eta Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara ere Mezkirizko eta Arizkungo kronikak, Txorrondo izengoitiaz sinatuak ia beti. Txorrondo, Perpetua jaio zen baserria zegoen auzoaren izena zen.

Bigarren aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerrako eta gerraondoko isilune luzearen ondoren egin zituen idatziek osatzen dute bigarren aroa.[2] Batez ere 1970eko hamarkadan eginiko idatzi horietan, hainbat gai ditu hizpide: sorterriko deskribapenak, ohiturak, gertaerak, pasadizoak, familiako kontuak, fede eta erlijioa, besteak beste.

Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarietara hainbat artikulu bidali zituen, eta azken horretan Mezkiritz monografia argitaratu zuen. Orobat, Nere oroimenak (1977) liburu autobiografikoa idatzi zuen.[3]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «Perpetua Saraguetaren idatzi guztiak jasotzen dituen argitalpen berria aurkeztu dute Euskarabideak eta Euskaltzaindiak», Euskarabidea.es webgunea, 2011-06-20.
  2. Jose Maria SATRUSTEGI: Perpetua Saragueta, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza, 2001.
  3. «Perpetua Saragüeta Saragüeta», Auñamendi Eusko Entziklopedia.