Edukira joan

Rafael Sánchez Ferlosio

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Rafael Sánchez Ferlosio

Bizitza
JaiotzaErroma1927ko abenduaren 4a
Herrialdea Espainia
Lehen hizkuntzagaztelania
italiera
HeriotzaMadril2019ko apirilaren 1a (91 urte)
Hobiratze lekuaLa Almudenaren hilerria
Familia
AitaRafael Sánchez Mazas
Ezkontidea(k)Carmen Martín Gaite  (1953 -  1970)
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Unibertsitatea doktoretza : Spanish philology (en) Itzuli
Zinema-eskola ofiziala
College of San Jose, Villafranca de los Barros (en) Itzuli
Hizkuntzakgaztelania
italiera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, saiakeragilea, hizkuntzalaria eta historialaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
MugimenduaSpanish social novel (en) Itzuli
1950eko belaunaldia
Genero artistikoanarrazioa
saiakera
IMDB: nm0844710 Edit the value on Wikidata

Rafael Sánchez Ferlosio (Erroma, 1927ko abenduaren 4a - Madril, 2019ko apirilaren 1a) espainiar idazlea izan zen. El Jarama eta Industrias y andanzas de Alfanhuí ditu eleberri ezagunenak. 2004an Cervantes saria eta 2009an Espainiako Letren Sari Nazionala jaso zituen.

Falangismoaren ideologo izan zen Rafael Sánchez Mazasen eta Liliana Ferlosio italiarraren semea den Rafael Sánchez Ferlosio Erroman jaio zen, non bere aita ABC egunkariko korrespontsala izan zen. Miguel Sánchez-Mazas Ferlosio filosofo eta matematikariaren eta Chicho Sánchez Ferlosio poeta eta kantariaren anaia da.

San José de Villafranca de los Barros eskolan ikasle izan zen eta gero Filologia ikasi zuen Madrilgo Complutense Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatean, doktoretza lortuz.[1] Unibertsitatean ezagutu zuen Carmen Martín Gaiterekin 1953an ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten. Semea, Miguel, bederatzi hilabete zituela meningitisak jota hil zen eta alaba, Marta, 1985ean hil zen Hiesa zuela. Bikotea 1970ean modu lagunkoiean banandu zen.

Aurrerago, Demetria Chamorro Corbachorekin ezkondu zen Rafael.

Eremu literarioan, Ferlosio, Agustín García Calvo, Isabel Llácer, Carlos Piera eta Víctor Sánchez de Zavalarekin batera, Madrilgo Zirkulu Linguistikoko kide izan zen. Bestalde, Ignacio Aldecoa, Jesús Fernández Santos, Martín Gaite bera eta Alfonso Sastre bezalako egileen artean, Revista Española aldizkariaren fundatzaile eta kolaboratzailea izan zen. Hauek denek Italiar neorrealismoaren eragin nabarmenak zituen errealismo sozial edo kritikoa landu zuten[2]. Nerabetasunean Gerra Zibila edo zenbaitek II. Mundu Gerra jasan zutenez "Gerrako umeak" deitu zuten 50eko hamarkadako idazle belaunaldi hau[3][4].

Idazle ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogeita lau urte zituela egin zen ospetsu Alfanhui (Industrias y andanzas de Alfanhuí ,1951) lanarekin. Eleberri horren ondoren El Jarama (1955) argitaratu zuen. Lan horri esker Nadal saria irabazi zuen. Eleberrian igande goiz batean bi lagun-taldek hiritik kanpo bizi dituzten pasadizoak kontatzen dira; Espainiako gerra ondoko eleberri garrantzitsuenetakotzat hartua da, literatura objektibo delakoari bidea zabaldu baitzion[4].

Hogei urtean ez zuen eleberririk argitaratu, eta gramatika inguruko ikerketetan aritu zen buru-belarri. Hala, 1974an, Las semanas del Jardín kaleratu zen. Bi liburukik osatzen dute lan hori, eta hizkuntzarekin saioak egiten ditu bertan. 1982 eta 1983an El huésped de las nieves eta El escudo de Jotán argitaratu zituen, hurrenez hurren. 1986an El retorno de Yarfoz eleberri autobiografikoa kaleratu zuen.

1994an, denboraldi batez ezer argitaratu gabe egon ondoren, Vendrán más años malos y nos harán más ciegos argitaratu zuen. Hainbat sari irabazi zituen lan horrekin, besteak beste Saiakera Sari Nazionala. 1997an Archipiélago aldizkariak Sánchez Ferlosiori buruzko ale monografiko bat argitaratu zuen, eta egilearen argitaratu gabeko lanak ere kaleratu zituen: Tópicos. El peso de la Historia eta La forja de un plumífero, autobiografia-lanak[4].

Bere azken lanak El Geco (2005) kontakizun bilduma eta Sobre la guerra (2007) saiakerak dira, azken hau bortizkeriaren fenomenora hurbiltze original eta koherentea. Ikuspegi honetara God & Gun. Apuntes de polemología (2008) lana gehitzen da, gerra, historia, erlijio eta fanatismoari buruzko gogoeta multzoa.

2017ko abenduan, Ferlosioren 90. urtebetetzean, bere lan berria plazaratu zuen, Páginas escogidas, ipuinak, olerkiak, saiakerak eta egilearen beste lan batzuk jasotzen dituen antologia[5].

Sari garrantzitsuak jaso ditu bizitzan zehar, hala nola, Nadal Saria (1955), Espainiako Saiakera Sari Nazionala (1994), Miguel de Cervantes Saria[4] (2004), Espainiako Letren Sari Nazionala (2009)[6], Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (2015) eta abar.

Lan nabarmenduak:

  • Alfanhuí (1951)
  • El Jarama (1955). Nadal saria.
  • Y el corazón caliente (1961)
  • Dientes, pólvora, febrero (1961)
  • El testimonio de Yarfoz (1986)
  • El Geco (2005)
  • Mientras no cambien los dioses, nada ha cambiado (1986)
  • Las semanas del jardín (1974)
  • Campo de Marte 1. El ejército nacional (1986)
  • La homilía del ratón (1986)
  • Ensayos y artículos, I y II (1992)
  • Vendrán más años malos y nos harán más ciegos (1993). Saiakera Sari Nazionala.
  • El alma y la vergüenza (2000)
  • La hija de la guerra y la madre de la patria (2002). ISBN 84-233-3411-2
  • Non Olet (2003). ISBN 84-233-3691-3
  • Glosas castellanas y otros ensayos (diversiones) (2005). ISBN 85-375-0583-6
  • Sobre la guerra (2007). ISBN 978-84-233-3946-4
  • God & Gun. Apuntes de polemología (2008)
  • Guapo y sus isótopos (2009)
  • Páginas escogidas (2017)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ABC. «Ferlosio, D´Ormesson y Guillén Núñez, premios «Mariano de Cavia», «Luca de Tena» y «Mingote» | Cultura | Cultura - Abc.es» ABC (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  2. «Irakurketa udatiar bat» Oharrak & Hondarrak 2015-08-28 (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  3. «Aldecoa Isasi, Ignacio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  4. a b c d (Gaztelaniaz) «Biografia de Rafael Sánchez Ferlosio» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  5. (Gaztelaniaz) «"Páginas escogidas", un recorrido sin prejuicios por Sánchez Ferlosio» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  6. (Gaztelaniaz) MARCOS, JAVIER RODRÍGUEZ. (2009-11-24). «Sánchez Ferlosio, Premio Nacional de las Letras Españolas» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  7. Rafael SANCHEZ FERLOSIO: Alfanhui Itzultzailea: Eskarne Mujika, Ibaizabal, 1995. Armiarma.com

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]