Sára Salkaházi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sára Salkaházi

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSchalkház Sarolta Klotild
JaiotzaKošice1899ko maiatzaren 11
Herrialdea Txekoslovakia
HeriotzaBudapest1944ko abenduaren 27a (45 urte)
Heriotza moduatiroketa: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakhungariera
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, moja, bookbinder (en) Itzuli eta irakaslea
Jasotako sariak
Santutegia
Maiatzaren 11
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Find a Grave: 15782522 Edit the value on Wikidata

Sára Salkaházi (hungarieraz: Salkaházi Sára), jaiotzez Sarolta Klotild Schalkház, (Kassa, 1899ko maiatzaren 11aBudapest, 1944ko abenduaren 27a) moja katoliko hungariarra izan zen, Bigarren Mundu Gerran gutxi gorabehera ehun judu salbatu zituena. Nazismoaren aldeko Gezi Gurutzea alderdiko kideek exekutatuta, dohatsu bilakatu zen 2006an.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leopold eta Klotild Schalkházen alaba, Kassan jaio zen (gaur egun Košice, Eslovakia). Kassan ikasi zuen eta lehen hezkuntzako irakasle titulua lortu zuen, baina urte batez bakarrik irakatsi zuen eskolan. Gero kazetari bihurtu zen eta Txekoslovakiako Alderdi Nazional Kristau Sozialistaren egunkari ofiziala argitaratzen hasi zen. Moja bihurtu baino lehen, behin ezkon-hitza eman zuen, baina laster hautsi zuen[1].

Moja izatea erabaki zuenean, Gizarte Zerbitzuko Ahizpak onartu behar zuten ala ez zalantzan jarri ziren[2]. 1929an sartu zen kongregazioan, eta 1930eko Mendekoste egunean egin zituen lehen botoak[1]. Lelo hau hartu zuen: «Prest nauzu, bidali neu»[3][4].

Ideologia naziaren aurka protesta egiteko, abizena Salkaházi-ra aldatu zuen. Budapesten, neska langileentzako hainbat etxe ireki eta ikastaroak antolatu zituen. Gainera, Margarita Hungariakoaren bizitzari buruzko antzezlana idatzi zuen[5].

Sára Salkaháziren beatifikazioa

Sára Salkaháziren energia mugagabea beste mojek gaizki ulertzen zuten bere buruari arreta erakartzeko saiakera gisa, eta nagusiek bere bokazioa zalantzan jartzen zuten eta uko egin zioten behin-behineko botoak berritzeari edo urtebetez abitua janzteari. Alde egiteaz ere pentsatu zuen[2]. Hala ere, Gizarte Zerbitzuko Ahizpa baten bizitzan jarraitu zuen botorik gabe[1].

Bigarren Mundu Gerran, neska langileentzako hainbat etxe ireki zituen, Hungariako Alderdi Naziak jazarritako juduei babesleku segurua emateko[5]. 1943an, errefuxiatu judu eslovakiar bat, abitu gris batez jantzita, eta haren semea, Gestapok miatzen ari zen Kassako komentutik atera eta aldi baterako Budapestera eraman zituen[6].

Agintariei traizionatuta, babestutako juduak preso hartu zituzten Gezi Gurutzea alderdiko kideek. Salkaházi ez zegoen etxean atxiloketak gertatu zirenean eta ihes egin zezakeen, baina itzultzea aukeratu zuen. 1944ko abenduaren 27an, presoak Danubio ibaiaren ertzean lerrokatu eta fusilatu zituzten. Gorpuak Danubio ibaira erori eta ez ziren aurkitu[7].

1972an, Salkaháziren egintzak aitortu zituen Yad Vashem erakundeak[7].

2006ko irailaren 17an, dohatsu bilakatu zen Budapesten. Hungariako lehen beatifikazioa izan zen 1083az geroztik[7]. Bere eguna maiatzaren 11n ospatzen da[8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Ingelesez) «Sára Salkaházi» Blessed Sára Salkaházi, sister of social service jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-01-08) (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  2. a b (Ingelesez) «Sára Salkaházi (1899-1944)» The Holy See (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  3. (Ingelesez) Peterson, Larry. «A hidden Catholic gem: Blessed Sara Salkahazi, rescuer of Jews from the Nazis» Aleteia 2016-12-09 (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  4. Is 6:8
  5. a b (Ingelesez) «Bl. Sara Salkahazi, Martyr, Member of the Sisters of Social Service» Catholic News Agency jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-04-01) (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  6. (Ingelesez) «Salkahazi, Sara» Yad Vashem (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  7. a b c (Ingelesez) «Catholic Church to beatify Hungarian nun who saved Jews in World War II» The Jerusalem Post 2006-09-04 (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  8. (Hungarieraz) «Salkaházi Sára személye példakép számunkra Boldoggáavatás a Szent István-bazilika előtt» Magyar katolikus egyház 2006-09-17 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-09-01) (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]