San Agustin Etxebarria eliza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
San Agustin Etxebarria eliza
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Elorrio - Iglesia de San Agustín de Etxebarria 05.jpg
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Bizkaia
Herria Elorrio
Koordenatuak 43° 07′ 51″ N, 2° 33′ 36″ W / 43.1308505°N,2.5599824°W / 43.1308505; -2.5599824Koordenatuak: 43° 07′ 51″ N, 2° 33′ 36″ W / 43.1308505°N,2.5599824°W / 43.1308505; -2.5599824
Historia eta erabilera
Ondarea
EJren ondarea 1

San Agustin Etxebarria eliza Elorrioko izen Berrio auzoan dagoen eliza da. 2018ko apirilaren 27an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Eliza zertxobait goititutako terraza baten gainean eraikita dago, Zumelegi ibaiaren eskuin-ertzean, eta eraiki aurretik, eremua lautu beharra izan zen. Terraza itxurako eremu horretatik, maldak behera egiten du ezponda baten erara, udalerrira sartzeko toki-errepideraino.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentu batean elizari buruz aurkitutako lehenengo aipamena[1] 1053ko otsailekoa da, urte hartan Munio Santxiz jaunak eta haren emazte Leguntzia andreak San Agustin Etxebarria monasterio berria[1] sortu baitzuten, ziurrenik lehengo eliza edo monasterio baten gainean eraikita.

XII. mendearen erdialdeko obra erromaniko batek monasterio aurre-erromanikoa ordeztu zuen, ondorio hori atera baitzen zizelkatutako bost harlandu aurkitu ondoren, bostak ere dekoratuta sokekin, erregistro hirukoitzeko billeteekin edo irudi figuratiboekin (horien artean, nabarmentzekoa da hegaldun suge bat[2]). Gangak azken aldiz zaharberritu zirenean aurkitu ziren bost harlanduak.

XV. mendearen bukaeran, San Agustin Etxebarria elizaren eraldaketa hasi zen. Batetik, eliza erromanikoa desagertu zen, eta, haren lekuan, San Martin eta Santa Marinaren kapera eraiki zen; bestetik, eremua terraza erara prestatu ondoren, eliza gotiko-errenazentista eraikitzen hasi zen. Eliza horrek, XVII. mendean zenbait obra egin ondoren, egun duen itxura hartuko zuen.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nabe bakarreko barrualdea.

San Agustin Etxebarria elizak nabe bakarra du (mendebaldetik ekialdera doana): burualdeari atxikitako dorre bat du nabeak, eta abside angeluzuzen estuago eta baxuago batean amaitzen da. Barrualdea lau ataletan eta presbiterioan banatuta dago. Gurutze-gangek estaltzen dute nabea, lau arku zorrotz eta molduradunen bidez; gangak parpain-arku bidez banatzen dira, zorrotzak beraiek ere. Lehenengo hiru gangek sei atal dituzte, eta laugarrena, berriz, tertzeletedun ganga bat da oinen aldean. Giza irudiekin, animaliekin edo irudi geometrikoekin landutako mentsulak dituzte euskarri. Laugarren atala, ustez, ez zegoen proiektatuta hasiera batean, eta eraikitze-prozesuan gehitu zen. Presbiterioa abside angeluzuzen estu batean amaitzen da (1607an eraiki zen), eta, hara heltzeko, pilastra batzuen gainean egindako puntu erdiko garaipen-arku batetik igaro behar da. Kanoi erdiko ganga batek estaltzen du, eta esfera-laurden batean amaituta dago petxinen gainean.

Ebanjelioaren aldean, bi kapera daude, hormabularen artean. Lehenengoa hirugarren atalean dago, eta kapera errenazentista bat da, Andra Maria doloretakoari eta Kristo etzanari eskainia. Hara sartzeko, puntu erdiko arku batetik igaro behar da; estaldura tertzeleteduna da eta mentsulen gainean dago. Nabearen oinarrietatik gertu, beste kapera bat dago, txikiagoa, eta, han, bataiarria dago. Oraingoan, kapera horretara sartzeko, ertz zorrotzeko eta puntu erdiko arku batetik igaro behar da, eta, kanoi erdiko ganga batek estaltzen du barrualdea. Kapera horretatik abiatzen dira korura igotzeko eskailerak. XVIII. mendeko obra barrokoa da korua, eta, dirudienez, zurez egindako aurrekoa ordeztu zuen. Pilastra batzuek eusten diote, eta haien artean zabaltzen da, ertz-ganga batek estalia. Arku eskartzano handi bat du, eta balaustrada kalitate oneko burdinurtuz egina dago.

Presbiterioari eta lehenengo atalari atxikia, sakristia dago, Joan Burgiña (edo Burgi) hargin-maisuak egina, 1666an. Bi eraikin-gorputz ditu, hormabular batek bereizita daudenak, eta bi solairutan banatuta dago. Tiradera-altzari eder bat du, XVII. mendekoa. Sakristiara sartzeko, ateburudun ate bat zeharkatu behar da, zeinak frontoi txiki bat duen. Sakristia horretatik, pulpitura igotzen da: oinplano erdizirkularra du pulpituak eta elizako horman sartuta dago. Zutabe tortsatu bat du oinarritzat, «Errege Katolikoak» estilokoa, eta haren gainean ezartzen da pulpituaren karela. Gainean, zurezko sabaia dago, estilo barrokokoa, eta Jesusen bihotza erakusten duen fraide bat duena burualdean.

Jatorriz, XVI. mendean, elizako hormetan zenbait fresko margotuta zeuden. Hala, gorriz margotutako harlandu simulatuen artean, han hemenka ageri ziren animaliak, aingeruak, erlijio-ikurrak eta abar, Zoritxarrez, egun, hiru zati baino ez dira kontserbatzen: bata iparraldeko horman, eta bestea hegoaldekoan.

Eliza barruko altzariei dagokienez, aipagarria da aldare nagusiko erretaula, platereskoa, eta San Agustini eskainia. Lau gorputz dauzka: lehenengo solairuan, lau ebanjelistak ageri dira; bigarren eta hirugarren solairuetako alboetako kaleetan, Jesukristoren bizitzaren zenbait pasarte erakusten dira, eta atikoan, Jesukristoren gurutziltzatzea dago ikusgai, ama eta San Joan apostolua ondoan dituela. Lehenengo bi solairuetan, erdialdeko nitxo batean, San Agustinen irudia ikus daiteke: irudi gotiko bat da, aurreko erretaula batetik datorrena. Hirugarren solairuko erdiko kalean, berriz, Ama Birjina ageri da, Jesus haurra duela.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorre barrokoa, 1742an eraikia.

Bolumenari eta kanpoko itxurari dagokienez, kalitate oneko hareharrizko harlandu-blokez egina dago eliza, eta bi isurialdeko estalkia du.

Historikoki, San Agustin elizak hiru sarrera zeuzkan: nagusia arku zorrotz ireki bat da, nabeko bigarren atalean zabaltzen dena hegoaldera. Parean, ebanjelioaren aldean, ojiba bat dago, itxita dagoena. Bi sarrerok 1500. urtearen ingurukoak dira. Hirugarrena, eta azkena, oinaldean dago, axiala da, eta puntu erdikoa izango zen; egun, ordea, arku karpanela dauka. Ezaugarri erabat errenazentistak dauzka, eta, horregatik, pentsatzekoa da geroagokoa dela, XVI. mendearen erdialde ingurukoa.

Elizak egun duen dorre barrokoa 1742an eraiki zen, aurreko dorre gotiko edo errenazentistaren ordez; izan ere, azken hori erre eta partez suntsitu zen 1718an, tximista batek jota. Hori dela eta, dorre berria egin zen, eta eraikuntzan, euskal arkitekturaren zenbait maisuk parte hartu zuten (Lekuona, Ibero, Lizardi eta Zuaznabar); azkenik, Frantzisko Xabier Aritzabaletak amaitu zuen, 1742an.

Dorreak egitura lerdena du, oinarri karratua, alturako bi gorputzez osatua dago, eta kupula oktogonala du. Lau pilastra ditu euskarri, eta oinarri hutsa du, eliz atarian txertatuta dagoena. Barruan, hiru solairu ditu, eskailera kiribil baten bidez komunikatuak. Dorre-atariaren motakoa da, Bizkaiko erlijio-arkitekturan tradizio zabala duena. Zurezko ataria 1661ean eraiki zen, eta eliza inguratzen du (XX. mendearen bukaeran zaharberritu zen). Atariaren teilatuari eusten dioten zutabeak, denak ere garai desberdinetakoak (XVI-XVII-XVIII. mendeetakoak) itxura askotarikoak dira.

Hegoaldeko atarian, eta elizako atearen parean, San Martin eta Santa Marinako kapera dago, gotikoa (ziurrenik, XV. mendean eraiki zen). Harlanduz egina dago, eta oinplano karratua du. Bi isurialdeko estalkia du, eta ez dauka kanpai-hormarik. Barrura sartzeko, arku gotiko zorrotz bat igaro behar da, zurezko hesi torneatu bat duena. Barruan, lau zutabe daude, gurutze-ganga bati eusten diotenak; zoladura harrizko lauzaz egina dago. Gainera, kaperaren barruan, bi sarkofago daude, eta, tradizioak dioenez, tenpluko fundatzaileen gorpu momifikatuak gordetzen dituzte: Munio Santxiz konde durangarrarena eta haren emazte Leguntzia andrearena.

Eliza-atariari atxikita, halaber, egungo hilerria dago elizaren oinetan. XIX. mendean agindu zen hura eraikitzeko, higiene-arrazoiak tarteko, eta, hartara, lehengo hilerria eliza barrutik ateratzea lortu zen. XX. mendearen hasieran, handitu zen, eta mende horren bukaeran, berriz, birmoldatu.

Elizaren eranskin gisa, apaiz-etxea dago, eta, han, komunitate-bizimodua zuten kalonjeak bizi ziren. XVI. mendean berreraiki eta altzariz hornituz zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Dokumentuaren transkripzioa Wikisource proiektuan, non agertzen diren besteak beste: Munio Santxiz (Muni_/o Sanciç, comitte), Leguntzia emaztea (domina Legun_/ttia), monasterio barria (monastterio Uarri_/a) eta Zumelegi erreka (Çumelhegi).
  2. Kosme M. de Barañano Letamendia; Javier Gonzalez de Durana Isusi (1983) Acerca del arte románico KOBIE Bilbao, Bizkaiko Foru Alfundia 67 or..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: San Agustin Etxebarria eliza Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa