Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Lege Hitzartua» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

1841eko Foruak Eraldatzeko Legea[1], geroago Nafarroako Lege Hitzartua ere deitu izan dena (gaztelaniaz: Ley Paccionada), XIX. mendean Nafarroa Garaiko izaera politikoa aldatu zuen legea izan zen. Ondorioz, Nafarroako Erresuma de iure desagertu eta Nafarroa Garaia 1833an Javier de Burgos Justizia Ministroak ezarritako 49 probintzietako bat bihurtu zen. Erregeordea, Gorteak eta burujabetasun legegile eta judizialak desagertu egin ziren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1839ko abenduaren 25eko Foruak Berresteko Legea Nafarroa Garaiaren izaera forala eta 1837ko Espainiako Konstituzioak ezarritako erregimen liberala elkartzen saiatu zen. Konstituzio hori Espainian Maria Kristina Borboikoa erregeordea zela eta Lehen Karlistaldi bete-betean ezarri zen, 1812ko konstituzioan inspiratuta eta progresisten babespean. Lehen Karlistaldia Espainiako lege bilakatutako konpromiso batekin amaitu zen: Bergarako Besarkada, hitzez foruak berresten zituena eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan berretsitakoa. Hitzarmenak Espainiako lege baten forma hartu zuen, aipatutako Foruak Berresteko Legea (1839). Lege horrek, ordea, klausula bat gehitu zion gerra amaitu zuen Bergarako Besarkadari: berretsi bai, baina "[foruek] batasun konstituzionalari kalte egiten ez badiote".

1840ko martxoan, Nafarroa Garaiak beste euskal lurraldeez aparte jokatu zuen. Lehen Karlistaldian (1836tik aurrera) Iruñean eratutako probintziako aldundiaren batzorde bat Madrilera joan zen Esparterok zuzendutako Espainiako Gobernuarekin Nafarroako Erresumaren foruak negoziatzera.[2] Nafarroa Garaiko batzorde horrek José Yanguas Miranda Nafarroa Garaiko probintziako aldundiaren idazkaria zuen buru, Erriberako noblezia lur-jabearen hurbilekoa. Batzorde horrek funtsean 5 puntu jarri zituen negoziatzeko oinarritzat. Madriletik, ordea, 26 puntuko lege bat ekarri zuten, Foruak Eraldatzeko Legea; bertan, Nafarroa Garaia Espainiako probintziekin parekatzen da, 25. puntuan izan ezik: “Nafarroak, lehen adierazitako zergez gain, zuzeneko zerga bakarrean, urteko milioi bat zortziehun mila errealeko zenbatekoa ordainduko du”, alegia, kupoa.[3]

Nafarroa Garaian, askok Estatua lotetsiko zuen ituntzat jo zuten legea, lehen Nafarroako errege-erreginek bertoko foruak zin egitean gertatzen zen bezala. Hori zela eta, hitzartutako legea izatearen ideia oso zabalduta zegoen.[erreferentzia behar] Lege horren bitartez, Lehen Karlistaldiaren ondoren, monarkia liberala egiten ari zen erreforma politiko, instituzional, legegile eta judizialak ezarri ziren Nafarroa Garaian. Valentzian erbesteratuta zegoen Ángel Sagaseta de Ilurdoz Gorteetako azken sindikoak gogor kritikatu zuen prozesua. Gainera soldadutza ezarri (gatazka asko sortu zuena), aduanak Ebrotik Pirinioetara mugitu eta moneta jaulkitzeari utzi zioten.

Legea Martin Villa Espainiako gobernazio ministroak 121/1979 Errege Dekretua ezarri arte egon zen indarrean. 1982ko Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak erregimen historiko horren jarraipena dela adierazten du bere izenean eta atarikoan.

Hitzartuaren ezaugarriaren auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako monarkiaren "batasun konstituzionala" eta Nafarroa Garaiko foruak indartzeko asmoak gatazka sortu zuen, zein botere nagusitzen zen. Hiru iritzi nagusi daude:

  1. Lege arrunta. Legea Espainiako Gorteek beste legea balitz onartu zuten. Hau da juridikoki, lege arrunta besterik ez zen eta Espainiako Gorteek aldatu edo indargabetu zezaketen. Iritzi honen jarraitzaileak Cánovas del Castillo edo Miguel Primo de Rivera politikariak, Eduardo García de Enterría, Tomás-Ramón Fernandez edo Martínez Tomás legelariak eta Rafael Navascués, Pedro Larunbe, Demetrio Loperena edo María Cruz Mina nafarrak izan ziren.
  2. Hitzartutako Legea. Nafarroa erresuma izan zen, negoziaketetan kontraprestazio eta hitzarmenak izan ziren, eta Estatuak ezin du legearen alde bateko aldaketa egin. Iritzi honen jarraitzaileak Prim eta Práxedes Mateo Sagasta espainiarrak eta José Alonso, Serafin Olabe, Arturo Campion, Eladio Esparza, Rafael Aizpun, Rodriguez Garraza, Jaime Ignacio del Burgo eta Víctor Manuel Arbeloa nafarrak izan ziren.
  3. Tarteko legea. Alde batetik formalki lege arrunta bada ere, bestetik politikoki hitzarmena izatea zuten helburu bai Nafarroako Erresumaren erakundeek bai Espainiakoek. Iritzi honen aldekoak dira Pablo Ilarregi eta Fulgencio Barrena legea negoziatzeko Nafarroako Erresumako Aldundiaren ordezkariak, eta Jose Antonio Rázquin eta Ignacio Olabarri nafar legelariak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 1841eko abuztuaren 16ko Foruak Eraldatzeko Legea, zeinaren bidez Nafarroako Foruen Eraldaketa onartzen baita, osorik adierazita.
  2. Zergak kudeatzeko eta gai administratiboak kontrolatzeko sortu zuten Nafarroako Foru Aldundia, ikus Bixente Serrano Izko: Nafarroa. Historiaren hariak (2005, Euskara Kultur Elkargoa). ISBN 84-932845-9-9
  3. Orella, José Luis (2015-11-03). Convenio navarro o Ley Paccionada de 1841, Naiz

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]