Santa María la Mayor kolegiata (Alquézar)

Koordenatuak: 42°10′20″N 0°01′41″E / 42.172268°N 0.027917°E / 42.172268; 0.027917
Wikipedia, Entziklopedia askea
Santa María la Mayor kolegiata
Alquézarko multzo historiko artistikoa
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Aragoi
Probintzia Huescako probintzia
UdalerriaAlquézar
Koordenatuak42°10′20″N 0°01′41″E / 42.172268°N 0.027917°E / 42.172268; 0.027917
Map
Historia eta erabilera
ElizbarrutiaHuescako elizbarrutia
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea

Santa Maria la Mayor kolegiata antzinako gaztelu-kolegiata da, Alquézar herrian dagoena, Huescako probintzian (Aragoi, Espainia). Herriko punturik gorenean dago, Vero ibaiak eratutako arroilaren gainean. Lehenbiziko kolegiata XI. mendean eraiki zuten, IX. mendeko alkazar batean. Egungo eliza, berriz, XVI. mendekoa da.[1] Kultura-intereseko ondasun izendaturik dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IX. mendean, Jalaf ibn Rasid buruzagi musulmanak alkazar bat eraiki zuen Sobrarbeko kristauen sarraldiei aurre egiteko. 1067 aldean, Antso V.a Ramiritzek gotorlekua hartu, eta kalonjeen monasterio bilakatzea erabaki zuen. 1075-1083 bitartean, ordea, musulmanen esku egon zen berriz ere. 1083tik aitzina, eliza eta kalonjeen gelak eraikitzeko lanak hasi zituen Galindo abadeak, eta Antso Ramiritzek Roda de Isábenako katedralaren mendean ezarri zuen.[2]

Santa María eliza 1099an sagaratu zen. Horren kari, Petri I.a erregeak Somontanoko herri ugari eman zizkion, hala nola, Abiego, Lascellas, Azara, Ponzano, Adahuesca eta Estada. Kristauen eta musulmanen arteko muga hegoalderago zegoen orduko, Barbastro eta Huesca aldean. 1115ean, Petri I.ak foruak eman zizkion Burgo novo de Alchezar-i, alegia, gazteluaren kanpoaldean eratzen hasia zen herriari.[2]

1148ean, Erramun Berenger IV.ak Tortosako elizbarrutiaren mende ezarri zuen Alquézar, eta horrela egon zen, 1242an Huescako elizbarrutian kokatu zuten arte.[2] XIV. mendean, klaustro erromanikoa zaharberritu zuten. Azkenik, egungo eliza, jatorrizko tenplu erromanikoa ordezkatu zuena, XVI. mendean eraiki zen.[3]

Gotorlekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konkistaren ostean, kristauek berritu eta handitu zuten jatorrizko gotorleku islamikoa. Gaur egun harresia eta bi dorre, horietako bat albarrana, ikus daitezke. Dorre nagusiaren aurrean Santa Maria Magdalena elizaren hondakinak daude. Hau izan zen Alquézarko lehenbiziko eliza, hots, harresiaren barneko aldean (Castrum Alqueçaris delakoan) kokatu ziren aurreneko kristauek erabiltzen zutena.[3][2]

Klaustroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XII. mendean eraiki zuten, estilo erromanikoan, elizaren hegoaldean. Oinplano trapezoidal irregularrekoa da, orubearen baldintza fisikoak direla-eta. Hasierako eraikin erromanikotik iparraldeko galeria baino ez da kontserbatu; izan ere, XIV. mendean, gainerako hormarteak berreraiki egin ziren. Hala ere, estetika erromanikoa errespetatu zen, zutabe bikoitzen eta kapitel estilizatuen gainean egindako erdi puntuko arkuak erabili baitziren. Aro Modernoan, berriz, adreiluz egindako bigarren pisua gehitu zitzaion.[3]

Herodesen oturuntza eta Salome dantzan.

Aipagarria da iparraldeko hormarteko kapitelen ikonografia, Itun Zaharreko eszenak nagusiki. Ekialdetik mendebaldera, hauek ditugu:[3]

  1. Isaaken sakrifizioa. Albo batean, Sara jatekoa prestatzen.
  2. Erramun Rodakoa apezpikua Alquezarko kolegiata kontsakratzen.
  3. Adamen kreazioa.
  4. Uholde Handia eta Noeren ontzia.
  5. Adam eta Evaren Jatorrizko bekatua, Paradisutik kanporatzea eta Kain eta Abelen istorioa.
  6. Herodesen oturuntza eta Joan Bataiatzailearen heriotza.

Interes handikoak dira, halaber, klaustroko hormetako pinturak, XV. eta XVI. mendeetakoak. Haietan, Jesu Kristoren haurtzaroko eta Nekaldiko sekuentziak ageri dira, egoera onean kontserbaturik.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Colegiata de Alquézar. turismoalquezar.es (Noiz kontsultatua: 2023-6-15).
  2. a b c d Alquezar. romanicodigital.com (Noiz kontsultatua: 2023-6-15).
  3. a b c d e Colegiata de Alquézar. arteguias.com (Noiz kontsultatua: 2023-6-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]