Belo Horizonteko Unibertsitatean zuzenbideko doktoregoa eskuratu zuen. Katoliko sutsua zen, eta bere karrera politikoa eten egin zuen 1937-1945 bitartean, Getúlio Vargasen diktaduraren garaian. Baina ondoren, alderdi sozial-demokratarekin bat egin zuen erregimenaren demokratizazioaren garaian. 1947an diputatu hautatu zuten, eta handik bi urtera Justiziako ministro. 1954an Vargas presidentea lagundu zuen bere burua hil aurreko orduetan eta agintari sozialistaren oinordeko politikotzat hartu zuten. Tancredo Neves João Goulart presidentearen Lehen Ministro bihurtu zen 1961ean. Militarren mendeko agintaldian (1964-1984) Brasilgo higikunde demokratikoaren diputatu izan zen (oposizioko alderdia, legez onartu zen bakarra) eta Minas Gerais estatuko gobernadore izendatu zuten 1982an. Demokratizazioaren garaian, Errepublikako lehendakari hautatu zuten 1985ean, baina urte horretan bertan hil zen.