Sherlock Holmesen Abenturak

Wikipedia, Entziklopedia askea
The Adventures of Sherlock Holmes» orritik birbideratua)
Sherlock Holmesen Abenturak
Sherlock Holmesen Abenturak liburuaren azala.
Datuak
Idazlea (1891ko ekaina eta 1892ko uztaila artean)
Argitaratze-data1892ko urriaren 14a
GeneroaKontakizun laburrak, detektibe eleberria
Jatorrizko izenburuaThe Adventures of Sherlock Holmes
Hizkuntzaingelesa
ArgitaletxeaGeorge Newnes Ltd (en) Itzuli
Herrialdea Erresuma Batua
Orrialdeak307
Euskaraz
IzenburuaSherlock Holmesen Abenturak
ItzultzaileaMaria Asensio
Argitaratze-data2014
Orrialdeak70
ISBN9788467739633

Sherlock Holmesen abenturak (ingelesez: The Adventures of Sherlock Holmes) Arthur Conan Doylek idatzitako hamabi ipuinen bilduma da. Pertsonaia nagusia Sherlock Holmes fikziozko detektibea da. Ipuinak 1892. urteko urriaren 14an lehenengo aldiz argitaratu ziren; banaka argitaratu ziren The Strand Magazine aldizkarian 1891ko ekaina eta 1892ko uztaila bitartean. Liburuan istorioak ez dira hurrenkera kronologikoan aurkezten, eta guztietan agertzen diren pertsonaia bakarrak Holmes eta Watson doktorea dira, istorioak lehenengo pertsonan kontatzen dituena.

Istorioetan orokorrean bidegabekeri sozialekin solidarizatzen dira eta hauek zuzentzen saiatzen dira. Holmes zuzentasunari beste zentzu bat ematen dion pertsona gisa aurkezten da. Istorioek harrera on bat izan zuten eta The Strand Magazineren harpidetzak handiagotu zirenez, Doylek hurrengo istorio-bildumaren truke diru gehiago eskatu zuen. Lehenengo ipuinean, «Eskandalua Bohemian», Irene Adler pertsonaia agertzen da, Sherlock Holmesen egokitzapen modernotan garrantzitsua dena, detektibearen amodiozko interesa delako, nahiz eta bakarrik ipuin honetan agertu. Doyleren Sherlock Holmesen hamabi istorio gogokoen artean, hamabi ipuinetako bilduma honetako lau aipatu zituen, eta «Banda Pinttoduna» bere gogokoena zen.

1997an Fernando Reyk burututako euskarazko itzulpena Igela argitaletxeak argitaratu zuen. 2014ean Maria Asensiok itzuli eta Fernando Aznarek ilustratutako euskarazko itzulpena Susaeta argitaletxeak argitaratu zuen. 2020an Fernando Reyk eguneratutako euskarazko itzulpena Igela argitaletxeak argitaratu zuen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doylek kontakizun motzetan zentratzea hobetsi zuen, lehen eleberrietatik lortutako errendimendu ekonomiko apalaren ondorioz.


Arthur Conan Doyle 1870eko hamarkadaren bukaeran idazten hasi zen, medikuntza ikasten zuen bitartean. 1879. urteko irailean bere lehenengo ipuina argitaratu zuen, «The Mystery of Sasassa Valley» izenekoa. Zortzi urte eta gero, Ward Lock & Cok Sherlock Holmesen inguruko lehenengo eleberria argitaratu zuen, Zirriborro eskarlata izenekoa. Eleberriak harrera ona izan zuen arren, Doylek diru gutxi jaso zuen harengatik, eta Lauren zeinua izeneko sekuela bat idatzi bazuen ere (argitaletxe berak argitaratu zuena), kontakizun motzetan zentratzea hobetsi zuen.

1891. urte hasieran, The Strand Magazinen lehenengo zuzendariak, Herbert Greenhough Smith, Doylek egindako bi proposamen jaso zituen sortu berri zen aldizkarirako. Aurrerago zuzendariak bere erreakzioa deskribatu zuen: «Berehala konturatu nintzen Edgar Allan Poe eta geroko ipuinlari bikainena zela»[1]. Lehenengoa, «Eskandalua Bohemian», 1891ko uztailean argitaratu zen aldizkariaren azken orrialdeetan. Ipuinek arrakasta izan zuten eta aldizkaria hedatzen lagundu zuten. Doylek hogeita hamar ginea irabazi zituen hamabi ipuinetako bakoitzaren truke. Ipuinak hilabetero argitaratu ziren 1891ko uztailetik 1892ko ekainera[2]. Ondoren, Sherlock Holmesen abenturak izendatutako liburu batean bildu ziren, eta 1892ko urriaren 14an argitaratu egin zuen George Newnesek, The Strand Magazine hilabetekariaren editoreak[3]. Liburuaren hasierako tirada 10.000 ale izan ziren Erresuma Batuan, eta beste 4.500 Estatu Batuetan, Harper anaiek hurrengo egunean saldu zituztenak[4].

Kontakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Watson doktoreak Sherlock Holmesen Abenturak eleberriaren istorio guztiak lehenengo pertsonan kontatzen ditu. Kontakizun guztietan izaten da kontalaria lau kontakizunetan izan ezik.[5] Oxford Dictionary of National Biography hiztegiak Doyleri eskaintzen dion sarreran, adierazten da liburuki honetako istorioek gizarte bidegabekeriak nabarmentzen dituztela, «opera abeslari baten traizioa errege bati, zerbitzari baten engainua bere aitaordeari gezurrezko maitale batekin, mailegatzaile bat barrabas aristokratiko batetaz baliatzea eta eskale baten ondasun ugariak Kenten». Bidegabekeri hauekin kontrajarriz, Holmes  «trakestasun ofizial eta abantaila aristokratikoz» beteriko mundu bidegabe bati freskotasunez eta justiziaz ekiten dion pertsona gisa irudikatzen da. Liburuki honek autorearen istorio gustukoenetariko batzuk biltzen ditu. 1927 urtean, The Strand Magazine hilabetekarirako mahaigaineratu zuen lista bat bere ustez Sherlock Holmesen istorio hoberenak zirenekin. Horien artean zeuden «Banda pinttoduna», gustukoena; «Ilegorrien elkartea», bigarren postuan; «Eskandalua Bohemian», bosgarrena, eta «Bost naranja-haziak» zazpigarrena.[6] Liburua 1929an debekatu zuten Sobietar Batasunean ustezko «okultismoagatik»[7] baina merkatu beltzean hain arrakastatsua izan zenez, debekua 1940 urtean deuseztatu zuten.[8]

Argitaratze segida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenburua Argitaratze data Sinopsia
«Eskandalua Bohemian» 1891ko uztaila Bohemiako erregeak Holmesi eskatzen dio argazki bat berreskuratzeko. Argazki horretan erregea Irene Adler opera-abeslariarekin agertzen da. Irene Adler ezaguna da bere edertasunagatik. Argazkia kaleratzen bada, bere ezkontza Eskandinaviako erregearen alabarekin apurtuko litzateke. Mozorrotuta, Holmesek ikusten du nola Adler ezkontzen den benetan maite duen gizonarekin, eta, landutako maltzurkeri bati esker, argazkiaren gordelekua aurkitzen du. Hala ere, erregearekin gordelekura bueltatzen denean berreskuratzeko, konturatzen dira Adler herrialdetik ihes egin duela eta Holmesi gutun bat utzi diola eta erregeari bere erretratu bat. Erregeak uzten dio Holmesi erretratuarekin gelditzen oroitzapen gisa.
«Ilegorrien elkartea» 1891ko abuztua Jabez Wilson, bahitetxe bateko langilea, Holmesengana joaten da lanpostu bati buruz galdetzeko. Lanpostua ilegorria izateagatik lortu du berriki eta egunean zehar dendatik kanpo egotera behartzen dio; gutxi balitz bezala, lana bakarrik Entziklopedia Britaniarra itzultzean datza. Zortzi aste pasa ondoren, bere lana bukatu denaren berri ematen diote. Wilsonen dendan ikertu ondoren, Holmes kontaktuan jartzen da polizia-inspektore batekin eta hurbil dagoen banku baten zuzendariarekin. Ondoren, Watsonekin ezkutatzen da bankuaren bobedan eta bi lapur harrapatzen dituzte, Wilson entziklopediaren kopian lanpetuta zegoen bitartean dendatik tunel bat egin zutenak.
«Nortasun kasu bat» 1891ko iraila Bere aitaordearen nahiak urratzen, Mary Sutherlandek Hosmer Angeli ezkon-hitza ematen dio. Ezkontzaren eguneko goizean, Hosmerrek lortzen du Maryk baiestea «baita ezustekoren bat gertatzen bada ere» leiala izango dela eta, jarraian, elizara bidean desagertzen da. Hosmer Maryren aitaordea mozorrotuta zela ondorioztatzen du Holmesek, ezkongai egon dadin eta bere ondarearekin gelditu dadin. Holmesek ez dio Maryri jakinarazten, esamolde honetan oinarriturik: «Tigre bati bere umea kentzea bezain arriskutsua da emakume bati ilusio bat kentzea». Hala ere, Hosmer ahaztea jada gomendatu dio, eta horri erantzuten dio prest aurkituko duela bueltatuko denean.
«Boscombe Valleyko misterioa» 1891ko urria Lestrade inspektoreak laguntza eskatzen dio Holmesi Charles McCarthyren hilketa ikertzeko. Hilketa horretan bere semea, James, tartean dago. McCarthy eta beste lur-jabe bat, John Turner, erbesteratutako australiar bi dira. Inspektoreak Turnerren alabak eskatuta kasua hartzen du eta hiketaren lekura joaten da. Han hirugarren gizon bat zegoela ondorioztatzen du. Holmesek kasua argitzen duela jakinda, Turnerrek onartzen du eta McCarthek Turnerren iragan kriminalarekin xantaia egiten ziola azaltzen du. Holmesek ez du krimena ezagutarazten, baina ziurtatzen du James aske uzten dutela hilketaren lekuan zegoen hirugarren gizonaren ondorio gisa.
«Bost naranja-haziak» 1891ko azaroa John Openshawk Holmesi kontatzen dio bere osaba 1883an hil zela. Bi hilabete lehenago, gutun bat jaso zuen «K.K.K.» inskripzioarekin bost naranja-hazirekin. Era berean, bere aita antzeko gutun bat jaso ostean hil zen. Oraingoan Openshawk jaso du gutuna. Holmesek gutuneko jarraibideak jarraitzeko eskatzen dio. Jarraibideek eskatzen diote lorategian dagoen eguzki-erlojuan bere egunkariaren orri bat uztea. Holmesek ondorioztatzen du Ku Kux Klan taldearekin zerikusia daukala.Hala ere, hori egin ahal izan baino lehen hiltzen dute Openshaw. Dena den, Holmes konturatzen da hiltzaileek itsasontzi batean bidaiatzen zutela eta kapitainari beste bost naranja-hazi bidaltzen dizkio gutun batean.
«Gizon ezpain-okerra» 1891ko abendua Neville St. Clair, enpresari errespetagarri bat, desagertu egin da. Haren emazteak opio-erretoki bateko goiko leihoan ikusi zuela ziurtatzen du. Logelara presaka abiatzen da, baina eskale bat soilik aurkitzen du; hark ziurtatzen du ez duela senarra ezagutzen. Hala ere, logelan senarraren arropa aurkitzen dute geroago; txanponez betetako berokia, berriz, Tamesis ibaian agertzen da. Eskalea atxilotu egiten dute, baina St. Clairren emazteak, egun gutxi pasata, senarraren gutun bat jasotzen du. Holmesek ondorioztatu eta, geroago, frogatu egiten du eskalea benetan mozorrotutako senarra dela; hark bizitza ezkutu bat zeramala aitortu besterik ezin du egin, eskale izateak diru asko irabaztea ahalbidetzen ziolako.
«Errubi urdina» 1892ko urtarrila Kriminal bat atxilotu egiten dute hotel bateko logela batetik errubi urdin baten lapurretarekin lotuta. Holmesen ezagun batek, hala ere, Eguberrietako indioilar baten eztarrian aurkitzen du. Detektibeak animaliaren jabea aurkitzen du, baina azkar baztertzen du hura lapurra izatearen ideia. Ikerketarekin jarraitzen du; lehenik ostatu batera darama eta, ondoren, Covent Garden-eko merkatari batengana. Hurak uko egiten dio indioilarraren jabeari buruzko informazioa emateari. Beste gizon bat informazio bera lotzen saiatzen da, Holmesek ikusi egiten du, eta harengana gerturatzen da. Gizonak, hoteleko zuzendaria dena, krimena aitortzen du. Holmesek aske izatea baimentzen dio, argudiatuz espetxean aldi batez egoteak kriminal gogorrago bat bihurtzea eragin lezakeela.
«Banda pinttoduna» 1892ko otsaila Helen Stoner bere aitaordea bera hiltzen saiatzen ari denaren beldur da: duela bi urte, ezkondu baino pixka bat lehenago, ahizpa hil zitzaion logela berera pasatzera behartu du. Orain ezkon-hitza Stonerrek eman du eta Holmesek zera aurkitzen du: aitaordeak jasotzen duen urteroko pentsioa – haren emaztearen, Stonerren amaren, ondaretik datorrena – nabarmenki murriztuko litzatekeela ahizparen bat ezkontzera iritsiko balitz. Goizeko ordu txikietan, Holmes eta Watson isilpean logelaren barruan itxaroten ari diren bitartean, txistu-hots bat entzuten dute eta bat-batean haizagailutik suge bat agertzen da. Holmesek bere ustarekin eraso egiten dio eta beste logelara joatea lortzen du; bertan, Stonerren aitaordeari eraso egiten dio eta hil egiten du.
«Ingeniariaren behatz lodia» 1892ko martxoa Ingeniari bat, Victor Hatherley, Watson doktorearen kontsultara doa hatza moztu duelako, eta bere istorioa hari eta Holmesi kontatzen die. Berrogeita hamar ginearen truke kontratatu zuten makina bat konpontzeko; klera trinkotuz adreiluak sortzen omen zituen. Hatherleyri lana ezkutuan mantentzeko agindu zioten eta tindatutako leihoak zituen gurdi batean eraman zuten lekura, ezagutu ez zezan. Prentsa erakustean, metalezko zarakar bat zegoela ohartu zen; beraz, lurra trinkotzeko ez zutela erabiltzen susmatu zuen. Nagusiari aurre egitean, hark eraso egin zion; Hatherley ihes egiten ari zela hatza galdu zuen. Holmesek ondorioztatzen du prentsa txanpon faltsuak forjatzeko erabiltzen ari zirela, eta haren kokalekua deduzitzea lortzen du. Hala ere, bertara iristean etxea sutan dago eta gaizkileek jada ihes egin dute.
«Aristokrata mutilzaharra» 1892ko apirila Robert St. Simon lordaren emazte estatubatuarra, Hatty Doran, ezkondu eta denbora gutxira desagertu da. Mirabeek gosaria ospatzen ari zen lekura senarraren aspaldiko maitale bat sartzea ekidin zuten. Hatty bere neskamearekin xuxurlaka hitz egiten ikusi zioten. Handik gutxira, Lestrade ikuskatzailea iristen da eta Hattyren ezkon-soinekoa eta eraztuna Serpentine aintziran aurkitu dituela esaten du. Holmesek ez du denbora asko behar kasua konpontzeko; Hatty hotel batean aurkitzen du, zeremoniaren ostean haren lore-sorta jaso zuen gizon misteriotsu batekin. Kontua da gizona, Frank, Hattyren senarra dela; andreak Estatu Batuetan hil zela uste zuen, eta gizonak Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen andrea aurkitzeko St. Simonekin ezkondu aurretik. Biek harengana joateko eta gertatutakoa azaltzeko asmoa zuten, baina momentu hartan Holmes agertu zen.
«Beriloen koroa» 1892ko maiatza Bankari batek Holmesi laguntza eskatzen dio, zaintzeko eskatu zaion beriliozko diadema hondatu egin delako. Zarata entzutean erne jarri zen eta semea, Arthur, aurkitu zuen, diadema eskuetan. Hark hitz egiteari uko egiten dio; gainera, ez dio errua bere buruari egozten eta ez du azalpenik ematen. Elurretako oinatz batzuetatik abiatuta, Holmesek zera ondorioztatzen du: bankariaren iloba beste norbaitekin ados jarri zela diadema lapurtzeko. Arthurrek krimena burutzen ari ziren bitartean harrapatu zituen, borrokan hasi ziren, eta objektu preziatua hondatu egin zen. Lehengusinarekiko zuen maitasuna zen aitari zer gertatu zen ez azaltzearen arrazoia.
«Copper Beecheseko misterioa» 1892ko ekaina Violet Hunter Holmesen kontsultara doa baldintza arraroak (adibidez, ilea mozteko agindua) dituen etxe-andereño lanpostu baten eskaintza jaso ostean. Soldata izugarri altua da (120 libera esterlina) eta, beraz, onartzea erabakitzen du; hala ere, Holmesek beharrezkoa bada deitzeko gomendioa ematen dio. Zenbait gertaera arraroren ostean – horien artean, etxeko zati itxi baten aurkikuntza –, Holmesi deitzea erabakitzen du. Holmesek jabetza baten zati hartan norbait preso eduki zutela aurkitzen du, baina, Watsonekin eta Hunter berarekin batera sartzean, hutsik dagoela ikusten du. Gatibu zegoen neska, Hunterren nagusiaren alaba, askatzea leporatzen diete, eta nagusiak txakurra bidaltzen du haiek harrapa ditzan; hala ere, hari egiten dio eraso. Hunter nagusiaren alabaren itxura egiteko kontratatu zutela aurkitzen da, senargaiak uste zezan alabak ez zeukala interesik hura ikusteko; hala ere, alabak ihes egitea eta ezkontzea lortu zuen.

Harrera kritikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sidney Paget-ek egindako Sherlock Holmesen marrazkia, «Gizon ezpain-okerra» ipuinerako.


Sherlock Holmesen abenturak harrera ona izan zuen The Strand Magazine aldizkariak ipuinak banan-banan argitaratu eta gero[9]. 1891. urtearen uztailean, Eskandalua Bohemian argitaratu zenean, Hull Daily Mail egunkariak Doyleren «asmatze-jenioaren duina» gisa deskribatu zuen istorioa. Urte bat igaro eta gero, Doylek etenaldi bat hartu zuenean ipuin bilduma osatu ostean, Belfast News Letter egunkarian argitaratutako artikulu batek beste autore batek The Strand Magazinen argitaratutako istorio bat aipatu zuen, esanez «duela urtebete interes moderatuarekin irakurri zela»[10], baina Doyleren idazketaren «paregabeko boterea» nabaria zela bi istorioen arteko kalitate-desberdintasunean[11]. Leeds Mercury egunkariak bereziki goraipatu zuen Holmesen deskribapena, «bere ahulezia txiki guztiekin»; aldiz, Cheltenham Looker-On aldizkariak deskribatu zuen Holmes «gehien bat nahiko aspergarri» gisa, kontuan hartuz haren ahuleziak «izugarri hazten» direla[12]. Hampshire Telegrapharen korrespontsalak deitoratu egin zuen Doylen idatzi gogoetatsuenak, hala nola Micah Clarke, hain ezagunak ez izatea Holmesen istorioekin konparatuta, ondorio hau aterata: «literaturaren truke ordaintzea nahi duen autore batek irakurleek nahi dutena idatzi behar du»[13].

Egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sherlock Holmesen istorioak dela antzerkigintzan, dela zinemagintzan, askotan egokitu dira, eta hirurogeita hamar aktore desberdinek bete izan dute haren rola berrehun film baino gehiagotan[14]. Halaber, zenbait telesailek eta pelikulek «Sherlock Holmesen abenturak» izenburua izan dute, nahiz eta guztiak bolumen horretako istorioetan oinarritura ez egon eta bat baino gehiago nahasten duten[15]. Horietako bat, Lauren zeinuaren egokitzapena zen[16]. Irene Adler garrantzizko pertsonaia da egokitzapen modernoetan, Doylek lehenengo errelatoan (Eskandalua Bohemian) bakarrik aipatzen duen arren. Nahiz eta jatorrizkoan esaten den Holmesek «ez zuela Irene Adlerrekiko maitasunetik hurbileko emoziorik sentitzen»[17], Elementary eta Sherlock telesailetan, detektibea erakartzen duen emakume bezala aurkezten da[18]. Granada Televisionek produzitzen duen Sherlock Holmes izeneko telesailak ere pantaila txikira eraman zituen liburu horretako hainbat istorio. Halaber, BBC Radio 4 irratiak 1990 eta 1991 bitartean bilduma bat igorri zuen. Horretan Clive Merrisonek ahotsa jartzen zion Holmesi eta Michael Williamsek Watsoni[19].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Doyle, Klinger (2005), p. xxx.
  2. (Ingelesez) «"The Adventures of Sherlock Holmes" published | October 14, 1892» HISTORY (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  3. Doyle, Klinger (2005), p. xxxii.
  4. (Ingelesez) Drake, David. (2009). Crime Fiction at the Time of the Exhibition: the Case of Sherlock Holmes and Arséne Lupin. https://gerflint.fr/Base/RU-Irlande2/drake.pdf or..
  5. Caplan, Richard M.. (1982-06). «The circumstances of the missing biographer or why Watson didn't narrate these four Sherlock Holmes stories» Journal of the American Academy of Dermatology 6 (6): 1112–1114.  doi:10.1016/s0190-9622(82)70095-7. ISSN 0190-9622. (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
  6. (Ingelesez) «12 best Sherlock Holmes stories handpicked by creator Sir Arthur Conan Doyle» DNA India (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
  7. (Ingelesez) Moscow honours legendary Holmes. 2007-04-30 (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
  8. «The Bulletin - Google News Archive Search» news.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
  9. Perfiles de salinidad y temperatura de la columna de agua obtenidos en el Crucero Oceanográfico Océano IV. Colombia. Marzo a noviembre de 1975.  doi:10.26640/cecoldo.dataset_00234. (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  10. Conjunto de datos oceanográficos y meteorológicos recopilados durante el Crucero Oceanográfico Caribe. Colombia. Junio - julio de 2006.  doi:10.26640/cecoldo.dataset_00208. (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  11. Salazar Abarca, Mishell Jackeline. Análisis de los elementos de xenofobia en el discurso periodístico digital de Trome y Correo luego del incremento de la migración venezolana en los meses de enero a marzo y de junio a agosto de 2018. Universidad Peruana de Ciencias Aplicadas (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  12. Durán López, Fernando. (2012). EL PATRIOTA EN LAS CORTES: (CÁDIZ, DICIEMBRE DE 1810 A MARZO DE 1811).  doi:10.15366/patriota.cortes2012. (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  13. Durán López, Fernando. (2012). EL PATRIOTA EN LAS CORTES: (CÁDIZ, DICIEMBRE DE 1810 A MARZO DE 1811).  doi:10.15366/patriota.cortes2012. (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  14. (Ingelesez) «Sherlock Holmes: pipe dreams» The Telegraph 2009-12-15 (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  15. (Ingelesez) «The Adventures of Sherlock Holmes (1939)» BFI (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  16. (Ingelesez) «The Adventures of Sherlock Holmes (1939)» BFI (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  17. (Ingelesez) Thompson, Dave. (2014-01-01). Sherlock Holmes FAQ: All That's Left to Know About the World's Greatest Private Detective. Hal Leonard Corporation ISBN 978-1-4803-8615-0. (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  18. «Sherlock Spoilers: Lara Pulver says she has no doubt that Irene Adler will be back! | Unreality TV» web.archive.org 2015-06-10 (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  19. «The BBC audio complete Sherlock Holmes» merrisonholmes.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]